Azkoitiko eta Azpeitiko saskibaloia eta kirol horrekiko zaletasuna ezin daitezke imajina Iraurgi saskibaloi klubik gabe. Erraz esaten da: federatutako neska- mutilen 22 talde ditu, eta 500 fitxa inguru. Horrez gain, saskibaloiko teknifikazio eskolan, 2012etik 2014ra bitartean jaiotako 180 neska-mutil dabiltza, nesken bederatzi taldetan eta mutilen zortzitan banatuta. Hein handi batean, boluntarioen konpromisoari esker urte askoan egindako inurri lanaren emaitza da klubak bizi duen oparotasuna, bizi-bizi dela iritsi baita hura mende erdia betetzera. Lagun gutxi batzuek sortu zuten taldea familia ugaria bihurtu da berrogeita hamar urtera, eta ibilbide horretan zeresanezko lau kide dira Jose Ignacio Azpitarte Kanpaxa (Azkoitia, 1948), Josu Arregi Txapao (Azpeitia, 1955), Xanti Etxaniz Pattana (Azkoitia, 1964) eta Berta Odriozola (Munategi, 1972). Bakoitzak bere alea jarrita, soka beraren lau hari dira guztiak ere: Kanpaxa izan zen Azkoitian aurreneko saskibaloi taldea martxan jarri zuena; klubaren hastapenetakoa da Txapao Azkoitiko bizilaguna ere, oraindik orain klubean lanean jarraitzen duena, umeei teknifikazio eskolak ematen; ostera, harmailetatik jarraitzen du egun kluba Pattanak, baina hura ere Iraurgiko jokalari zein entrenatzaile izan zen urte luzez; Pattanaren eta Txapaoren gisara, jokalari moduan ekin zion Odriozolak ere saskibaloi ibilbideari, eta egun, umeen entrenatzaile da.
1974an sortu zuten saskibaloi kluba, baina urte batzuk lehenago erein zuten horren hazia bi azkoitiarrek: Kanpaxak eta Juan Luis Gogorza Galok, hain zuzen ere. Biak izan ziren aurrenekoz saskibaloi taldea martxan jarri zutenak Azkoitian: "Elkarrekin egiten genuen lan, eta behinola okurritu zitzaigun saskibaloi talde bat sortzea herrian. Saskibaloian ibiltzen zen gazte kuadrilla bat bazen orduan, eta haiei adierazi genien lagunduko geniela taldea eratzen. Udalak esan zigun Goiko Losan utziko zigutela jokatzen, eta aldagelak, berriz, kantzelean, Kimu lokalean, genituen. Han arropak aldatu, eta Goiko Losara joaten ginen saskibaloian jokatzera". Lokal hari erreferentzia eginez, Anaitasuna Kimu izenarekin abiatu zuen ibilbidea herriko aurreneko saskibaloi taldeak 70eko hamarkada hasterako.
Azkoitiko eta Azpeitiko hamabost mutil inguruz osatuta hasi zuen taldeak bidea. Garai hartan, saskibaloia jesuiten eskoletan praktikatzen zela gogoratzen du Txapaok, eta beraz, asko kanpora joaten ziren saskibaloian ikastera. Azkoitiko bizilaguna, esaterako, Durangon (Bizkaia) hasi zen saskibaloian, eta 17 urterekin Bilboko Aguilas taldeak fitxatu zuen. Klub harekin lehenengo mailan lehiatu zuen, eta zazpi urteren ondoren, bailarako talde sortu berrira batu zen. Pare bat urtez aritu zen jokalari moduan, eta gero entrenatzaile lanetan hasi zen.
Sustatzaileek kirol horrekiko zuten zaletasunak bultzatuta sortu zuten saskibaloi taldea, baina sasoi hartan, kirol horri lotutako "ezer ez" zegoela oroitu du Kanpaxak. "Inguruan zeharo berria zen saskibaloia. TVE telebista katean ikusten genuen kirol horri lotutako zerbait, baina hortik aurrera...". Inguruotan, Donostiako Askatuak taldea besterik ez zegoen saskibaloian aritzen zena, eta bereziki "zaila" egin zitzaien Azkoitian eta Azpeitian taldea eratzea, saskibaloia ezagutzen zuten "gutxi" zeudelako.
Guztia hutsetik eraiki behar izan zuten horretan aritu ziren kide gutxiek: finantziazioa lortu, entrenatzaileak zein jokalariak inguratu, materiala eskuratu... "Saskiak, esaterako, Julio Urkixo kalean zegoen Traki soldatze tailerrean egin genituen. Atzean kontrapisua jartzen genien, baina asteburua iristen zenean, kontrapisua bota eta goitik behera erortzen ziren Goiko Losan", dio Kanpaxak, eta zera gaineratu du Txapaok: "Iluntzeetan, berriz, tableroak harrapatzera joaten ginen Azpeitiko lantegi batera, ondoren horiek pintatu eta kantxan jartzeko". Etxanizek jarraitu du anekdota sortarekin: "Autobidetik konoak harrapatzen ere aritzen ginen, gero entrenamenduetan erabiltzeko...". Beste guztia bezala, klubaren arlo ekonomikoa bermatzen ere nola edo hala saiatu ziren: "Juan Antonio Samaranch orduko Espainiako Olinpiar Batzordeko presidenteari eskutitza bidali genion, esanez saskibaloi talde bat sortu behar genuela eta laguntzarik emango al ziguten. Urte hartako kupoa betea zegoela erantzun zigun hark beste eskutitz batean, baina hurrengo urterako kontuan hartuko zuela esan zigun. Gaur arte", azaldu du Kanpaxak.
Urte eta erdi inguruz aritu zen hura klubeko zereginetan, eta belaunaldi berria batzearekin batera utzi zion hark jardunari. 1974an, berriz, Lagun Onak izena hartu zuen taldeak, eta 1980ra arte izen horrekin jardun zuen, urte hartan bere estatutu propioekin Iraurgi izena hartu zuen arte.
Bide osoa egiteko
Sasoi hartan batu zen klubera Etxaniz; 1978an, hain zuzen ere. "Klubekoak Floreaga eskolara etorri ziren inork izena emango al zuen galdezka. Kuadrillan altu xamarrak ziren guztiak, eta haiek apuntatu zirelako egingo nuen neuk ere gauza bera". Odriozolaren arabera, orduan ohikoa zen neska-mutil altuak saskibaloirako "fitxatzea": "Altua bazinen, ‘zu saskira’ esaten zizuten". 1986an hasi zen hura Iraurgin jokatzen, 14 urte zituela, eta artean emakumeen talde bakarra zegoenez, lauzpabost urteren aldea zutenek osatzen zuten ekipoa: "Mundiala zen, eta izugarrizko lagunartea genuen. Gainera, garai hartan jendea ez zen orain bezalako irekia, eta beste eskola zein adin batzuetako neskak ezagutzea oso aberasgarria izan zen niretzat. Gaur egun mantentzen ditudan lagunak dira ordukoak".
"Julio Urkixo kalean zegoen Traki soldatzaile tailerrean egin genituen saskiak"
Apurka egindako lanak izan zuen emaitzarik urteen poderioz, eta harrobia ez ezik, saskibaloirako zaletasuna ere errotuz joan zen bailaran. Goiko Losan jokatzen hasi zirenetik, Azkoitiko eta Azpeitiko azpiegitura ugari erabili izan zituzten partidetarako zein entrenamenduetarako. Elkarrizketatuek, esaterako, ahaztezintzat eta errepikaezintzat dituzte Azpeitiko Betharramistak ikastetxean zein hango Izarraitz kiroldegian jokatzen zituzten partidak eta hango giroa.
Baina gozotik bezala, gazitik ere izan zuten beste pasarte batzuek; 1994an, esaterako, kluba "desagertzeko zorian" egon zela ekarri dute gogora, orduko kide guztiek bilera erabakigarri bat egiteraino: "Kale edo bale egin genuen bilera hartan, orduko zuzendaritza aspertuta, itota, baitzegoen. Kategoria desberdinetako taldeak zeuden, eta klubean geundenok lan mordoa egin bai, baina inork ez zuen ezer kobratzen. Horrek amaiera bat zeukan, eta azkenean, kluba profesionalizatzea erabaki zuten. Xubik —Jose Luis Zubizarreta— hartu zuen horretarako ardura, eta bera kudeatzaile izaten hasi zen", azaldu du Txapaok. Kluba "goraino" irits zedin, orduan "izugarrizko lana" egin zutela adierazi du Pattanak. Besteak beste, finantziazio iturri berrien bila jo zuten horretarako: "Azpeitian taberna jarri genuen martxan, eta diru laguntza publikoak ez ezik, babesle pribatuak ere lortu genituen". Gaur-gaurkoz, Azkoitiko eta Azpeitiko 20 enpresak babesten dute klubeko talderen bat.
Boluntarioak, pilare
Klubaren organigramak bestelako egitura bat hartuta ere, kudeatzailearenak izan ezik, beste guztienak lan boluntarioa izaten jarraitu zuen, eta hain zuzen, urte hauetan guztietan boluntarioen lana berebizikoa izan dela azpimarratu du Odriozolak: "Boluntariorik gabe, gaur egun ez legoke Iraurgi. Boluntarioek izugarrizko pisua izan dute, eta oraindik ere, gurasoen lana berebizikoa da antolaketan, sarrerak saltzeko garaian... Esaterako, partidu egunetan kantxak-eta prestatzeko gurasoen taldeak daude sortuta. Lan handia egiten dute haiek". Pattana ere bat dator gurasoak klubaren zutabe direla esatean, horiek ere badirelako afizioa sustatzen dutenak. "Klubean talde eta ume mordo bat daude, eta horien gurasoak joaten dira partidetara. Egiari zor, gurasoek konplitu egiten dute". Egun 22 talde osatuta ditu Iraurgik, eta hain zuzen, horrenbeste talde egoteak ematen dio klubari arrakasta, Odriozolaren ustez: "8 urtetik aurrerako edonork joka dezake saskibaloian, nahi beste urtez. Aukera hori edukitzea herritarrentzat eta kirolarentzat berarentzat izugarria da".
Mende erdian saskibaloiaren panorama nola aldatu dela ikusi du, bere aldetik, Arregik, eta haren arabera, azken urteetan asko irabazi du saskibaloiak. "Hemen futbolak agintzen du, eta gure garaian, asko kostatu zitzaigun umeak saskibaloira gerturatzea, bata edo bestea aukeratu behar izaten zutelako. Aldiz, azken urteetan multikirola nagusitu da, denborarekin lortu da hori, eta egun, kategoria txikietan behintzat, umeek bi kirolak uztartzen dituzte".
Urtemugako dokumentala ekainaren 14an estreinatu zuten Azkoitian
Klubak denboraldi osoa baliatu du kideei omenaldiak egiteko, eta hilaren 14an bertan ikusiko du argia 50. urteurrenaren harira ondu duten dokumentalak Baztartxo aretoan. Klubaren ospakizunen urte betean, gainera, "egonkortuta" nabari dute hamarkadaz hamarkada handitzen eta indartzen joan den familia. Gizonen zein emakumeen talde nagusiak "indartsu" daudela azpimarratu du klubaren hastapenetik kide den Txapaok, eta azaldu du Iraurgiren erronka dela ahalik eta jokalari gipuzkoar gehienekin aurrera egitera. "Maila goian mantentzen dugu, eta hala jarraitu nahi badugu, hiruzpalau jokalari kanpotik fitxatu behar izaten ditugu".
Kluba beraientzat zer izan den galdetuta, berriz, zalantzarik egin gabe erantzun dute: "Niretzat dena izan da, bizitza osoan Iraurgi izan dut oinarrian". Etxanizek zein Odriozolak buruarekin baietz eginez berretsi dute Txapaoren erantzuna. Kanpaxak, aldiz, isilik eta arretaz begiratzen die hirurei; hark ez zukeen "inondik inora" pentsatuko duela 50 urte baino gehiago erein zuten haziak halako familia sendo eta iraunkor bat sortuko zuenik: "Gure intentzioa saskibaloian aritzeko taldetxo bat sortzea besterik ez zen", dio barrez.