Nolatan etorri zinen Azkoitira bizitzera?
Nire aitona, nire amaren aita, azkoitiarra zen. Txilera joan zen karmeldar oinutsekin, han nire amona ezagutu zuen, ezkondu egin ziren eta hiru alaba izan zituzten; horietako bat, nire ama. Aitonak hemen zuen familia guztia, bi anaia eta arreba bat, eta gazte hil zen arren, nire amonak, amak eta haren ahizpek beti eutsi izan zioten hemengo familiarekin zuten harremanari. Aitonak ez zuen Azkoitira bueltatzeko aukerarik izan, eta nire amari hor gelditu zitzaion arantza hori. Horregatik, aukera ikusi zuenean, etortzea erabaki zuen; duela 22 urte izan zen hori.
Eta gurasoen atzetik etorri al zinen zu?
Une hartan, unibertsitate ikasketak egiten ari ginen gaur egun nire senarra dena eta biok, ordurako bikotekideak ginen, eta, gainera, haurdun nengoen ni. Handik hilabete batzuetara, nire gurasoek gure alaba ezagutu nahi zutela eta, bisitan etortzea erabaki genuen. Ordurako ikasketak bukatuta zituen nire senarrak, metalgintza arlokoak, eta ikusita hemen lanerako aukerak izan zitzakeela, probatzea erabaki genuen. Nire ahizpa, alaba eta hirurok etorri ginen aurrena, handik hilabetera etorri zen nire senarra, eta hilabete baino lehen hasi zen lanean, delineatzaile.
Zu zertan hasi zinen?
Ikusita hemen geldituko ginela, hona egokitzen hasi nintzen, eta zer egin nezakeen pentsatzen. Aurrena, Donostian sukaldaritza eta gozogintza ikastaro bat egin nuen urtebetez, eta gero, Txilen Itsasoko Zientziak ikasten ari nintzenez, horri lotutako zerbait bazegoen begira hasi nintzen. Mutrikun [Gipuzkoa] topatu nuen akuikulturako goi mailako ziklo bat, dena euskaraz, baina hasi egin nintzen. Gero, ordea, konturatu nintzen lan munduan irteera handirik ez zeukala, eta utzi eta taberna batean lanean hasi nintzen. Hiru bat urte egin nituen, 2008an Sidenorretik deitu zidatenera arte; orduz geroztik, han ari naiz lanean, ez jarraian, baina beti hantxe.
Hona iritsi zinenean, zerk harritu zintuen gehien?
Paisaia berdeek harritu ninduten gehien. Txile hegoaldea ere oso berdea da, baina artean asko bidaiatu gabea nintzen, eta hona etortzean asko harritu ninduen horrek. Baita jendeak ere. Oso itxiak izatearen fama dute euskaldunek, baina niri guztiz bestelakoa iruditu izan zait beti. Agian zortea izan dut inguruan egokitu zaidan jendearekin, edo izan liteke neu oso irekia naizelako ere; baina beti oso jende atseginarekin egin izan dut topo, estu ikusten zaituztenean laguntzeko prest dagoen jendearekin.
Zaila egin al zitzaizun Azkoitira egokitzea?
Ez gehiegi. Ikasketak eta lagunak utzi egin behar izan nituen, bai, baina, gainontzean, dena hemen neukan: nire alaba, senarra, gurasoak... Gainera, aitona hemengoa zenez, herritartasun bikoitza nuen, eta horri esker, inolako arazorik ez nuen izan hona etortzeko zein hemen lan egiteko. Alde horretatik, erraztasun guztiak izan nituen.
Sekula pentsatu al duzue berriz Txilera itzultzea?
Ez zaigu burutik pasatu ere egin. Bidaian joan izan garenean ere, poz-pozik bueltatu izan gara etxera, zeinen leku ederrean bizi garen esanez. Azkoitia bezalako leku batean bizitzea luxua da: dena dugu eskura, umeak bakarrik eta oinez joan daitezke eskolara, eta leku oso segurua da. Txilera joan izan garenean, edo Benidormera [Herrialde Katalanak] oporretara, hango jendetzak izututa itzuli izan gara etxera. Hemen askoz hobeto bizi gara, beste bizitza kalitate bat daukagu, eta hemengo lasaitasuna ez da diruz ordaintzen.
Ekarriko al zenuke zerbait Txiletik ona?
Han oso tipikoa den janari bat ekarriko nuke: choclo deituriko artaburuarekin egiten den pastela. Mota horretako artaburuak eskura izango banitu, hemen ere posible izango litzateke egitea, baina urteotan guztiotan ez dut horrelakorik topatu.