Gustatu ala ez, erabakiak hartu beharra dago bizitza honetan. Egunero hartzen dugu erabaki mordoxka bat, askotan konturatu ere egiten ez garen arren. Kafea edo infusioa hartu, tosta edo zerealak gosaldu, galtzak edo soinekoa jantzi, ilea solte edo bilduta eraman, lanera autoz edo autobusez joan… Horiek guztiak eguna hasterako.
Geuretzat hartu beharreko erabakiez gain, ordea, badira gizarteak hautatzera behartzen gaituen beste batzuk ere, eta nahitaez bata edo bestea aukeratu behar izaten da, inolako neutraltasun aukerarik gabe: gozoa ala gazia?, txuria edo beltza?, ardoa ala garagardoa?, Reala edo Athletic?... Azken kasu horretan agian ez, baina gainerakoetan, ezin al zaizkigu biak gustatu?
Bizitza honetan hartzen dugun erabaki bakoitzak bere ondorioak izaten ditu, eta horrek batzuetan buruhauste bat baino gehiago eragiten dit. Adibidez, kalera nahikoa jantzi gabe ateraz gero gaixotu egin ninteke; aldiz, gehiegi jantzi eta bero naizelako berokia nonbaiten zintzilik utziz gero ahaztuta utz nezake, edo norbaitek lapurtu diezadake…
Kontua korapilatu egiten da erabaki garrantzitsuagoak hartu beharra dagoenetan, zer ikasi, noiz independizatu, etxea zein herritan erosi edota antzeko kontuak erabakitzerako uneetan.
Ez naiz oroitzen zehazki noiz hartu nuen nire lehendabiziko erabakia. Artean umea izango nintzen, txiki-txikitatik egin behar izaten ditugulako aukeraketak, marrubizko edo limoizko gozokia, igerilekurako txanoaren kolorea edota Olentzerori gutunean eskatu beharreko jostailua aukeratzea ere erabakiak hartzea delako. Gurasoek hartuko zituzten orduan erabakirik inportanteenak, baina ezin esan umeek ez dutenik erabakitzeko gaitasunik. Hartutako erabakia egokiena ote den, hori ja beste kontu bat da.
Bizitza honetan hartzen dugun erabaki bakoitzak bere ondorioak izaten ditu
Aurreko batean irakurri nuen aukeratu ondoren hasten zaigula egiaz zerbait gustatzen. Badirudi aukeratu aurretik askotan oraindik ez dugula jakiten zerbait hori gustuko dugun edo ez. Artikulu hark zioen, gainera, hautuaren ondoren, aukeratu ez duguna automatikoki mespretxatu egiten dugula. AEBetako unibertsitateren batek egindako azterketaren baten emaitzak ziren haiek.
Egia esan, badu bere zentzua. Ez al zaizue inoiz gertatu gauza baten edo bestearen artean aukeratzen hasi, lagunen bati galdetu zer nahiago duen, eta hark erantzundakoan konturatzea egiaz bietako zein duzuen nahiago? Niri askotan. Eta lagunaren iritzia jakiteak aukeraketa hobea egiten laguntzen didala uste dut, gehienetan berak esandakoaren kontrakoa aukeratzen badut ere.
Garrantzitsuena, bata zein bestea aukeratu, norberak erabakitakoarekin ez damutzea.