Xabi Oroz (Azkoitia, 1996) saskibaloi jokalariak Espainiako Urrezko LEB ligan jokatuko du datorren denboraldian, Zunder Palencia taldean. Zortzi denboraldi eman ditu Gipuzkoa Basketen, baina "gauza berriak probatzera eta erronka berrien bila" joango da orain Palentziara (Espainia). Ibilbide berriari ekiteko "ilusioz" dagoela adierazi du azkoitiarrak.
Joan zen astean jakinarazi zuten datorren denboraldian Zunder Palencian jokatuko duzula. Zerk eraman zaitu Gipuzkoa Basket utzi eta halako aldaketa baten aldeko hautua egitera?
Nire ibilbideko unerik onenean nagoela uste dut, eta nire burua hemendik kanpo nola moldatzen den ikusi nahi dut. Sentipena nuen aukera honi uko eginda nire ibilbide profesional guztia hemen gauzatuko nuela, beste ezer berririk probatu gabe. Iruditzen zait momentu egokia izan dela halako erabakia hartzeko eta nire buruari beste erronka batzuk jartzeko.
Hain zuzen, "gauza berriak probatzeko" gogoa duzula adierazi zenuen agurreko prentsaurrekoan. Orain arte falta izan zaizun zer izango duzu datorren denboraldian?
Talde berriak hemendik kanpo nire burua probatzeko aukera eskainiko dit. Egia da ACB ligatik jaitsi berri den taldea dela Zunder Palencia eta erronka garrantzitsuak izango ditugula denboraldian zehar, baina nire ibilbide profesionalean urrats handi bat egitear nagoela sentitzen dut. %100ean zentratuta egon beharko dut, baina erronka handi horiei aurre egiteko ilusioz nago.
Aipatu duzu ACB mailatik jaitsi berri dela Palencia. Nola ikusten duzu taldea?
Jarraitzaile askoko eta espektatiba handiko taldea delakoan nago. Talde indartsua da, eta atzera ACB ligara itzuli ahal izateko dena emateko gogoz ikusten ditut taldekideak. Egia da aurtengo denboraldian liga asko indartu dela eta talde asko egongo direla mailaz igotzeko borrokan, baina helburu hori izango dugu guk ere. Lehia horretan egoteko gogotsu nago.
2018-19 denboraldiaren erdian, Granada taldera joan zinen utzita, eta han jokatu zenuen hilabete batzuez. Baina, bestela, etxean jokatu izan duzu orain arte. Zaila izango al da zuretzat etxetik urrun egotea?
Horrek ere zerikusia izan du erabakia hartzeko garaian, arlo pertsonalean zein profesionalean kanpoan nola errenditzen dudan ikusi nahi baitut. Granadan egon nintzenen ez nuen inongo arazorik izan, eta egia esan, etxetik urrun egoteak ez dit buruhauste gehiegirik ematen. Taldean nola moldatuko ote naizen eta halako kontuek gehiago kezkatzen naute.
Zortzi denboraldi egin dituzu Gipuzkoa Basketen. Zer eman dizu Donostiako taldeak?
Gipuzkoa Basketek nire ametsak betetzeko aukera eman dit, tartean ACB ligan onenen aurka jokatzekoa, baina profesionalki eratzeko eta ikasteko ere balio izan dit. Onenak izan ditut alboan, lagun asko egiteko aukera ere eskaini dit, eta baita kantxan disfrutatzekoa ere. Oso eskertuta nago taldearekin.
Bereziki une gogoangarriren bat aipatzerik izango al zenuke?
Momentu asko ditut gogoan, asko baitira taldearekin batera bizitako une politak. ACB mailan hoberenen aurka jokatutako partidak aipatuko nituzke, adibidez, Real Madrid edota Bartzelonaren aurka jokatutakoak. Baina mailaz igotzea, kopa bat irabaztea... halako une gozoekin beti oroituko naiz.
Momentu on asko eman dizkizu Gipuzkoa Basketek, baina gogorrak ere bai, belauneko lesio larri bat tarteko. Momentu zail hartan zer pasatu zitzaizun burutik? Garbi al zenuen saskibaloian jokatzen jarraituko zenuela?
Lesio bat baino gehiago izan ditut nire ibilbidean zehar, baina bereziki bat epe luzekoa eta mingarria izan zen. Dabilenari gertatzen omen zaizkio halakoak, baina, zorionez, buelta eman nion. Argi nuen osatzea zela garrantzitsuena, eta horren ostean ikusiko nuela zer egin nire ibilbide profesionalari lotuta. Oso tratu ona eta gertukoa jaso nuen mediku, fisioterapeuta eta prestatzaile fisikoen aldetik, eta dena ondo atera zen. Lesiotik guztiz osatu ostean saskibaloian jokatzen jarraitzeko barruko har hori piztuta neukan, eta kantxara itzuli nintzen. Espero dut halako une gogor gehiago igaro beharrik ez izatea.
Gero eta gehiago ikusten da psikologoen presentzia kirolean. Lesio uneetan eta bereziki lagungarria izango da. Zuk ere jaso al duzu modu horretako laguntza profesionalik?
Une horietan gertukoen babesa oso eskertzekoa eta ezinbestekoa izaten da, baina baita profesionalena ere. Kirolarientzat lagungarri dira psikologoak, babes eta oinarri sendo bat. Etorkizunera begira gero eta presentzia handiagoa izango dutela uste dut, eta, zorionez, halako laguntza jasotzea gero eta normalizatuago egongo da.
Iraurgi saskibaloi taldean eman zenituen zure ibilbideko lehen urratsak. Garai hartako zer oroitzapen dituzu?
Txikitatik ezagutzen nauenak beti baloi batekin ikusiko ninduen, eta Iraurgin ere horregatik hasi nintzen. Garai hartako oso oroitzapen onak dauzkat. Kuadrillatik kanpo dauzkadan lagun gertukoenak han ezagutu ditudanak dira, gaztetxotan hainbeste denbora elkarrekin egonda, bizitza osoan iraungo duten harremanak egin genituelako han.
Horrez gain, esperientzia oso onak bizitzeko aukera ere izan nuen, adibidez, Espainiako txapelketetan gure adineko onenen aurka jokatzekoa. Iraurgik erronka berriei aurre egiteko prestatzen lagundu zidan, eta esan dezaket, gero etorri den guztirako bidea ere erraztu zidala.
Zer gomendio emango zenizkioke saskibaloian jokatzen hasi nahi duen gaztetxo bati?
Aurrena zaletasuna izatea da garrantzitsuena, kirola eginez ere ongi pasatzeko aukera baitago. Oso zaila da profesional mailara iristea, baina egiaz hori baldin bada norbaiten ametsa, aurrera egiteko eta bideaz gozatzeko esango nioke. Zaila bada ere lortu daitekeen amets bat da, eta azkenean gorenera iristea lortzen ez duenak ere ibilbidean zehar bizitakoen oroitzapen onak izango ditu betirako gordeta. Kirol honetan aritzeak egiaz merezi du.