Hitanoan aritzeko deia egin dute bertso kantari, Hike Eizan! lehiaketaren sari banaketan

Maialen Etxaniz 2024ko eka. 28a, 09:14

IV. Hika bertso saioa eta III. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako sari banaketa egin zituzten atzo Elkargunean. 19:00etan hasita, bertso saioa eskaini zuten Andoni Egañak, Agin Laburu, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran. Jarraian banatu zituzten Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako sariak. Irabazleek aukeratutako bertsoak kantatu zituzten Elkargunera bertaratutakoek. 

 IV. Hika bertso saioa eta III. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako sari banaketa egin zituzten atzo arratsaldean Azkoitiko Elkargunean. Jende ugari bertaratu zen hitzordura, eta 19:00etan hasita, Andoni Egaña, Agin Laburu –Jesus Mari Irazuren ordez–, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran bertsolariak aritu ziren kantuan, Imanol Artola Felix gai jartzaile zutela. Hitanoari hainbat erreferentzia eginez aritu ziren kantuan lau bertsolariak, eta gai gehienentsuenei umorez heldu zieten.

Bertso saioaren ostean, berriz, III. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako lanak saritu zituzten. Saioaren hasieran bertaratu zirenei liburuxka bat eman zieten antolatzaileek aurtengo irabazleen bertso sortekin, ondoren horiek elkarrekin abestu ahal izateko. 

Adin tartearen arabera, hiru mailatan banatu dute aurten ere lehiaketa, haurren kategorian, gazteenean eta helduenean, eta kategoria horietako bakoitzean, bertso sorta onenaren sariak eta Azkoitia sariak banatu zituzten.

18 urtetik gorakoen mailan, helduen kategorian, Oier Etxeberria azpeitiarrak irabazi du sari nagusia, Sega pikan bertso sortarengatik; bigarren saria, berriz, Izaro Zinkunegi errezildarrak eskuratu du, Larruak azaltzen hau bertsoengatik, eta Azkoitia saria Naia Arrizabalagak jasoko du, Esku bat lurrean bertsoengatik. Arrizabalagak atzo azaldu zuenez, osasun mentalaren gaiari heldu nahi izan dio, gaur egun oraindik orain ezkutatzen den gaia delako, baina, aldi berean, uste baino garrantzitsuagoa delako. Hunkituta abestu zuten bertsoa Arrizabalagak berak nahiz Elkargunean bildutakoek.

15 eta 18 urte bitartekoen mailan, berriz, Oier Juaristi azkoitiarra nagusitu da, Modako gaitza sortarengatik. Juaristik ezin izan zuen bertaratu, eta hark bidalitako bideoarekin batera abestu zuten bertso sorta ikusleek.  Udalaren arabera, kategoria horretan Azkoitia saria hutsik geratu da, bertso sorta onenaren saria lortu duen lana izan delako sari horretara aurkeztutako bakarra, eta oinarriek jasotzen dutelako bertso sorta batek ezin izango duela sari bat baino gehiago jaso.

Haurren mailan, bestalde, Nora Arrizabalaga azkoitiarrak jaso du lehen saria, Ospitaleko ohetik lanarengatik. Arrizabalagak ere gai soziala aukeratu zuen, gaixotasunei keinu eginez.  Maila horretan, taldean aurkeztutako Euskaraz gexo hitzeiñ ber diñau bertso sortaren sortzaile Maddi Arrietak, Intza Ibarzabalek eta Eva de la Fuentek jaso dute Azkoitia saria.

Orotara, 21 lan aurkeztu dituzte lehiaketara: hamaika lan haurren mailan, hiru gazteenean eta zazpi bertso sorta helduenean. Epaimahaia, berriz, Erniarraitz bertsozale elkarteko eta Hike Eizan! taldeko kideek osatu dute. Atzoko saioa amaitzean, parte hartzaile guztiek eta Azkoitiko Udaleko ordezkariek taldeko argazkia atera zuten. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide