Irailaren 14an hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan 48 bertsolari ariko dira kantuan; horietatik 34k udaberrian jokatutako Gipuzkoako Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela, eta gainontzeko hamalau bertsolariek duela bost urteko txapelketan eskuratu zuten aurtengoa jokatzeko aukera. Eneritz Artetxe eta Unai Izagirre bertsolari azkoitiarrek parte hartuko dute txapelketan udaberriko sailkapen fasean lortutako txartelari esker.
Izagirrek irailaren 22an (17:30) Elgaoibarko Herriko antzokian izango den saioan kantatuko du. Harekin batera ariko dira saioan honako bost bertsolariak: Eli Pagola, Eneko Araiztegi, Iñaki Apalategi, Libe Goenaga eta Uxua Fernandez. Artetxek, berriz, irailaren 28an (17:30) kantatuko du Hondarribiko Itxas Etxea auditorioan. Saio horretan ariko diren beste bertsolariak honakoak dira: Ane Beloki, Aratz Igartzabal, Maddi Aiestaran, Oier Aizpurua eta Unai Gaztelumendi.
48 bertsolariez gainera, hamasei gai-jartzaile, hamabost epaile eta laguntzaile ugari ariko dira txapelketan lanean. Gaiak jartzen jardungo dutenen artean Haritz Alberdi azkoitiarra dago.
Hamasei saio, bat Azkoitian
Urretxun hasiko dira final-zortzirenak irailaren 14an, eta Donostiako finalera bitartean hamasei saio izango dira, hiru faseren eta finalaren artean. Zazpi final-zortziren jokatuko dira: irailaren 14an, Urretxun; irailaren 15ean, Lasarte-Orian; irailaren 21ean, Lazkaon; irailaren 22an Elgoibarren; irailaren 28an, Hondarribian; irailaren 29an, Andoainen; eta urriaren 5ean, Azpeitian.
Final-laurdenetako saioak bost izango dira, eta urriaren 26koa Azkoitian jokatuko da, 17:30ean, Baztartxo antzokian. Ane Labakaz gainera, Elgoibarko final-zortzirenetako saioaren irabazlea, eta final-zortzirenetako puntuazioetan lehena, bigarrena, zortzigarrena eta hamahirugarrena ariko dira kantuan. Gainontzeko final-laurdenetako lau saioak honakoak dira: urriaren 19an, Eibarren; urriaren 20an, Errenterian; urriaren 27an, Irunen; eta azaroaren 3an, Tolosan.
Finalaurrekoak hiru jokatuko dira: azaroaren 17an, Oiartzunen; azaroaren 24an, Zarautzen; eta abenduaren 1ean, Arrasaten. Finala Donostiako Illunben jokatuko dute abenduaren 15ean. Zortzi bertsolari ariko dira finaleko saioan, hiru finalaurrekoetako irabazleak eta bost finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatutakoak.
Saio guztietarako sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte Bertsosarrerak.eus webgunean. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek prezio berezia izango dute sarreretan.
Txapelketa berezia
Gaur aurkeztu dute 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Asier Azpiroz Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak azaldu dituzte txapelketaren nondik norakoak. Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa arrazoi askorengatik "berezia" dela esan dute aurkezpenean; besteak beste, ohiko lau urteko zikloari urtebeteko itxaronaldia gehitu behar izan diotelako, pandemia tarteko. 2019an jokatu zen azkenengo Gipuzkoako txapelketa. Pandemiak bestelako ondorio batzuk ere ekarri dizkio bertsolaritzari, bertsozale elkartekoen arabera: "Bertso saio kopurua ikaragarri jaitsi zen 2020ko martxotik aurrera, eta bertsozale elkartea egoera horri buelta emateko lanean ari da: ezohiko saioak antolatuz, laguntza eskainiz saioak antolatu nahi dituztenei edota bertsolariei beraiei". Egoera berezi horretaz aparte, lehen haurren bertso eskolaren 50. urtemuga izango dute gogoan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan.