Geroko lanbideak eta lantokiak bertatik bertara ezagutzen

Aitziber Arzallus 2024ko eka. 26a, 10:56

Hainbat ikasle eta langile Dinamoan, Gerolan programaren barruko saioan. (Iraurgi Berritzen)

Azkoitiko eta Azpeitiko 400 ikaslek, 28 eragilek eta 70 profesionalek parte hartu dute aurten Iraurgi Berritzenek gidatutako Gerolan proiektuan.

Batzuek ume-umetatik oso garbi izaten dute handitzean zer izan nahi duten, eta helburua argi izateak asko errazten ditu tarteko erabakiak. Mediku izan nahi duenak medikuntzako unibertsitate ikasketak eginez hasiko du bidea; soldatzaile izan nahi duenarentzat, Lanbide Heziketara jotzea izango da eraginkorrena, eta han, erdi mailako edo goi mailako zikloa egin nahi duen erabakitzea. Baina gauzak horren garbi gutxik izaten dituzte; normalean, zer ikasketa egin erabakitzeko adin horietan, ohikoagoa izaten baitira zalantzak, galderak eta kezkak. 

Jon Zubizarreta, Iraurgi Berritzeneko proiektu koordinatzailea: "Ikasleen orientzazio akademikoa indartzea da Gerolan proiektuaren helburua"

Aurten, baina, Batxilergoko bigarren mailako eta DBHko laugarren mailako Azkoitiko eta Azpeitiko 400 ikaslek ikasketak nondik nora bideratu nahi dituzten erabakitzeko laguntza baliagarria jaso dute Gerolan egitasmoari esker. Iraurgi Berritzen garapen agentziaren gidaritzapean, bi herrietako bost ikastetxetako 400 ikaslek eta hainbat sektoretan jarduten duten 28 eragiletako 70 profesionalek parte hartu dute proiektuan, helburu zehatz batekin, Jon Zubizarreta Iraurgi Berritzeneko proiektu koordinatzailearen hitzetan: "Ikasleen orientazio akademikoa indartzea, ikastetxeetako orientazio planak hobetzea, bost ikastetxeek batera eta eskualdeko eragileekin eta enpresekin elkarlanean. Guk inguruan daukagun sarea erabilita, gazteei, ikastetxeei eta eragileei elkarren berri izatea erraztu nahi diegu, elkarren artean loturak sortu ditzaten eta pixkanaka horiek indartzen joan daitezen, horrek elkarrengana hurbiltzea erraztuko dielako etorkizunean". 

Saioz saio, norberaren norabidea finkatzen

Gerolan proiektuak hilabeteetako lana du atzean, eta hainbat fasetan banatuta gauzatu dituzte lanak. Aurreneko saioak ikastetxeetan egiten dituzte, eta horien helburua gazteak hausnartzera bultzatzea izaten dela azaldu du Zubizarretak. "Zer gustatzen zaien, zer zaletasun dituzten, zer egin nahiko luketen... Beste hainbat saio ere egin ditugu eskualdean daukagun eskaintza azaltzeko, gazteek izan ditzaketen zalantzak eta galderak argitzeko eta abar. Horrela, gazteek dituzten interesak identifikatzen ditugu, eta horien arabera bisitak antolatzen hasi". 

Otsailetik apirilera arten egin dituzte eragileengana eta enpresetara bisitak, 32 guztira, eta horien "erabateko arrakasta" nabarmendu du Zubizarretak

Aurten, ikasleek otsailean, martxoan eta apirilean egin dituzte eragileengana eta enpresetara bisitak, 32 guztira, eta horien "erabateko arrakasta" nabarmendu du Zubizarretak: "Eragileen jarrera txalotzekoa da, eta bisitak oso emankorrak eta interesgarriak izan dira, hala nabarmendu dute parte hartu duten ikasleek eta ikastetxeek, eta baita profesionalek ere. Balorazioa egiterakoan, 10 puntuko eskalan, 9ko nota jarri diote proiektuari". 

Hainbat ikasle Azpeitia Gukaren erredakzioan, han lana nola egiten duten ikusten. (Iraurgi Berritzen)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide