Hika bertso saioa eta Hike eizan! bertsopaper lehiaketako sari banaketa egingo dituzte etzi Elkargunean

Iraia Oteiza 2024ko eka. 25a, 12:32

Iazko bertsopaper lehiaketako sari banaketa.

19:00etan hasita, Andoni Egaña, Jesus Mari Irazu, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran bertsolariak arituko dira bertsotan. Jarraian, III. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako lanak sarituko dituzte.

Etzi, osteguna, IV. Hika bertso saioa eta III. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako sari banaketa egingo dituzte Elkargunean. 19:00etan hasita, Andoni Egaña, Jesus Mari Irazu, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran bertsolariak arituko dira bertsotan Elkargunean, Imanol Artola Felix gai jartzaile dutela. "Aurtengoa laugarren edizioa izango da, eta bertso saio polita aurreikusten dugu. Hasiera batean bagenuen kezka ea bertsolariak hitanoan bertsotan moldatuko ote ziren edo... baina aurreko urteetan bertsolariek erakutsi digute gaia emanda ezin hobeto moldatzen direla horretan, oholtza gainean hika edo noka aritzea batere ohikoa ez den arren", azaldu dute antolatzaileek. 

Saioaren ostean, berriz, III. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako lanak sarituko dituzte. Adin tartearen arabera, hiru mailatan banatu dute aurten ere lehiaketa, haurren kategorian, gazteenean eta helduenean, eta kategoria horietako bakoitzean, bertso sorta onenaren sariak eta Azkoitia sariak banatuko dituzte.

18 urtetik gorakoen mailan, helduen kategorian, Oier Etxeberria azpeitiarrak irabazi du sari nagusia, Sega pikan bertso sortarengatik; bigarren saria, berriz, Izaro Zinkunegi errezildarrak eskuratu du, Larruak azaltzen hau bertsoengatik, eta Azkoitia saria Naia Arrizabalagak jasoko du, Esku bat lurrean bertsoengatik.

15 eta 18 urte bitartekoen mailan, berriz, Oier Juaristi azkoitiarra nagusitu da, Modako gaitza sortarengatik. Udalaren arabera, kategoria horretan Azkoitia saria hutsik geratu da, bertso sorta onenaren saria lortu duen lana izan delako sari horretara aurkeztutako bakarra, eta oinarriek jasotzen dutelako bertso sorta batek ezin izango duela sari bat baino gehiago jaso.

Haurren mailan, bestalde, Nora Arrizabalaga azkoitiarrak jasoko du lehen saria, Ospitaleko ohetik lanarengatik. Maila horretan, taldean aurkeztutako Euskaraz gexo hitzeiñ ber diñau bertso sortaren sortzaile Maddi Arrietak, Intza Ibarzabalek eta Eva de la Fuentek jasoko dute Azkoitia saria.

Antolatzaileen arabera, orotara 21 lan aurkeztu dituzte lehiaketara: hamaika lan haurren mailan, hiru gazteenean eta zazpi bertso sorta helduenean. Epaimahaia, berriz, Erniarraitz bertsozale elkarteko eta Hike Eizan! taldeko kideek osatu dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide