Datorren ostirala LGTBI+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna izango da, eta kolektibo horren eskubideak defendatu zein "berdintasunaren eta errespetuaren aldeko mezuak" zabaltzeko asmoz, hainbat ekintza antolatu ditu udaleko Berdintasun sailak datozen egunetarako. "Zoritxarrez, intolerantzia egunero ikusten dugu, eta ez da onargarria inolaz ere. Pertsona guztiek eskubide berberak dituzte, sexu, sexu orientazio edo identitate batekoa edo bestekoa izan. Hori barneratu ezean, ez dago justiziarik. Aske bizi, aske matte da gure leloa", adierazi du Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak, eta gaineratu du kolektibo horrek pairatzen dituen "arbuioa eta diskriminazioa" salatzea nahiz "sentsibilizazio eta kontzientziazio lanak" egitea beharrezkoak direla.
Asteazkenean hasiko dira LGTBI+ Komunitatearen Nazioarteko Egunari lotutako ekintzak: hain zuzen, Portaleburu erakusketa aretoan Zarata proiektua aurkeztuko dute: Hodei Arrastoak zuzendutako audio-gida bat da proiektua, LGTBI+ kolektiboaren inguruan kontzientzia sortzea helburu duena. Proiektuaren bidez, partaide bakoitzak kolektiboaren parte diren hamar euskal artisten ahotsak jasotzen dituen audio bat entzungo du, eta entzule bakoitzak hausnarketara eramango duen 45 minutuko ibilbidea egingo du. Egun horretan, 16:30etik 20:30era artean izango dute herritarrek bertan parte hartzeko aukera, eta horiek eskuko telefonoa zein aurikularrak eraman beharko dituzte bertara.
Ostiralean, berriz, elkarretaratzea egingo dute herriko plazan, 18:00etan hasita, eta ordu erdi beranduago Askatu. Armairuko gogoetak antzezlana aurkeztuko du La Piel Producciones ekoiztetxeak Elkargunean. Sexu askapenari eta identitateari buruzko lana da Fermin Cariñenak zuzentzen duena.