Udalaren eta Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoaren arteko lankidetzari esker, Oñatiko Probintziako Artxibo Historikoan gordeta zeuden Azkoitiko XVI. mendeko hainbat dokumentu zaharberritu, digitalizatu eta deskribatu dituzte azken urtean, Azkoitia 700 ekimenaren barruan. Zehazki, Azkoitiko dokumentu ondarerik zaharrena landu dute, XVI. mendeko notario protokoloena.
"Notario protokoloak eskribau batek (notario batek) urte batean edo gehiagotan idazten zituen notario eskrituren elkarketa ordenatuak dira. Hain zuzen, Azkoitia da mota horretako dokumentu gehien dituen Gipuzkoako udalerrietako bat. Ideia bat egiteko, Probintziako Artxibo Historikoan garai hartako 100.000 orrialde baino gehiago jasotzen dituzte, 144 liburutan bilduta", azaldu du Ramon Martin Oñatin dagoen Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoaren arduradunak.
Dokumentu horietako batzuk egoera txarrean zeuden, artxibora iritsi aurretik baldintza txarretan gorde zituztelako. Beraz, beharrezkoa izan da dokumentu horiek digitalizatu eta/edo deskribatu aurretik zaharberritzea. Zehazki, Azkoitiko hamabi notario-protokolo (4.565 orrialde) eta lau plano zaharberritu dituzte. Era berean, herriko 57 notario-protokolo digitalizatu dituzte (36.739 orrialde), eta azkenik, 3.685 notario-eskritura deskribatu dituzte (hamaika protokoloetan biltzen direnak). Deskribapen lan guztia euskaraz zein gaztelaniaz egin dute.
"Dokumentu multzo horrek Azkoitiko historia eta garai hartako bizimodua hobeto ezagutzen lagundu digu", adierazi du Juan Bautista Mendizabal udaleko Ondare zinegotziak. Izan ere, herriko merkataritzari, elikadurari, erlijioari edota jantzeko moduari buruzko xehetasunak azaltzen dira dokumentuetan, etxe eta baserrien inguruko informazioarekin, bideenarekin eta ingurunearenarekin batera. “Historia ezagutzeak hausnarketara eramaten gaitu, eta garrantzitsua da hori, gizarteak historian zehar nola funtzionatu duen eta gaur egun nola funtzionatzen duen ulertzeko”, dio bere aldetik Martinek.
Lan horien guztien helburua XVI. mendeko Azkoitiko historiari buruzko ikerketa lanen garapena erraztea da. Dokumentu horiek online kontsultatzeko aukera dago orain, artxibora joan beharrik izan gabe. Lanaren azken emaitza Gipuzkoako artxiboen atarian kontsulta daiteke, honako lotura honetan.