Klik!

Pintzelekin bizitza koloreztatzen

Intza Trula 2024ko eka. 23a, 09:04

IƱigo Borda.

Gogoan ditu Iñigo Bordak umea zela pintzelen eta mihiseen artean igarotako ordu guztiak. Arte Ederrak ikasi zituen unibertsitatean, eta eskolaz kanpoko pintura eskolak eman zituen zenbait urtez. Bere eskola propioa du egun Azkoitian, eta umeei zein helduei irakasten igarotzen du denbora. Maiatzeko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako erreportajea da honako hau.

Artea bizimodu

2021. urtean zabaldu zuen Iñigo Bordak (Azpeitia, 1984) Kattagorri Artea eskola Azkoitian, baina umetatik datorkio pinturarekiko –eta oro har artearekiko– zaletasuna. Haurra zela ekin zion margotzeari, eta bere ezaguera aberasteko Arte Ederrak ikasi zituen unibertsitatean. Pintura irakasle izan nahi zuela argi zuen Bordak, eta Azpeitian, Muskizen (Bizkaia) eta Bilbon egin zituen lehen urratsak. Urte hauetan zehar makina bat mihise margotu ditu azpeitiarrak; fantasiaz jositakoak batzuk, eta kolorez betetakoak besteak, baina guztiak dira bereziak.

Fantasia

Fantasiazko ukitua izan ohi dute Bordaren pinturek, eta honakoa da adibideetako bat. Hiru neska dira obra honetan protagonistak, hiru tamaina ezberdinetan margotuak eta elementu mordoaz inguratuak. "Eskala aldaketak" irudikatzea izan da Bordaren asmoetako bat lan honetan, eta horrez gainera, beste hainbat gai ere jorratu ditu inguruan margotutako elementuen bidez, hala nola birziklapena eta manga estiloa. Hiru nesken begiek "malenkonia" transmititzen duten bitartean, koloreek erabateko "bizitasuna" ematen diote obrari.

Alabak aitari

Ondoko obra Azkoitiko Kale Nagusian kokatuta dagoen Alejandro tabernako alabak aitari oparitzeko enkargua izan zen. Tabernaren 50. urtemuga eguna eta aitaren urtebetetzea egun berean ziren, eta alabak opari berezi batekin ospatu nahi izan zuen data hura. Bordak azaldu duenez, margo osoan zehar ikus daitekeen kolore naranjak "zaharkitutako" ukitu bat ematen dio lanari, eta urrunean Barriken iturria ere ikus daiteke.

Osaba

Maitasun berezia dio Bordak obra honi, eta Kattagorri Artea eskolako erakusleihoan du zintzilik. Egileak kontatu duen moduan, beraien familian bazen beste artista bat; osaba. Asko pintatzen zuen hark, eta argazkilaritza ere atsegin zuen. Osaba hil zenean, haren pinturako material guztia eta argazkiak oinordetzan jaso zituen Bordak, eta hain justu, osabak ateratako argazki batean oinarritutako pintura da honakoa. Azkoitia inguruko paisaia bat ikus daiteke bertan, eta fantasiarekin jarraituz, argazki originalean agertzen ez ziren zenbait animalia gehitu dizkio, baita argazki bat ateratzen ari den pertsona bat ere.

Bangkok, kaosa

Urte hauetan zehar margolan asko egin ditu Bordak, eta horiekin sariak ere irabazi ditu. Hain zuzen, Bangkokeko kale baten oinarritutako lan honekin Durangoko XIX. Pintura Lehiaketan bigarren saria eskuratu zuen azpeitiarrak. Egileak azaldu duenez, Bangkoken oporretan izan zenean atera zuen argazkia, goizaldean. Besteak beste, obrak hiri hartako "mugimendua" eta beste kultura bat irudikatzea ditu xede.

Iratiko basoan barrena

Azkoititik ateraz gero ere topa daitezke Bordaren artelanak. Orbaizetan (Nafarroa), Iratiko basoaren sarreran, ikus daiteke horma irudi hau, Urkixokoa ostatuan, zehazki. Haren garbitegiko horman dago egina: "Hiru neskatila dira, suaren bueltan jolasean. Baserritar jantziak, gau giroa, sorginak, basoa... Fantasiazko irudi bat da", dio Bordak.

Inklusio horma

Horma handi batean estreinakoz margotu zuen Bordak Marea Urdinak egindako enkargu hau. "Inklusio horma" da, eta bizkarra emanda azaltzen da emakume bat bertan, izenez jositako kapa bat soinean duela. Hiru aste inguru eman zituen Bordak garabi baten gainera igo eta hura margotzen. Emakumearen inguruan, berriz, inguruko parajeak margotu zituen artistak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide