Xabier Munibe ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoentzat aurpegi ezaguna da Jon Azpiazurena (Azpeitia, 1980). Goizero hark irekitzen dizkie ikastetxeko ateak, eta baita arratsaldero itxi ere. Zerbait puskatu dela, zerbait berritu behar dela edo zerbait txukuntzea komeni dela, Azpiazuk egiten du. Ikastetxeko azpiegituren mantentze lanez eta haietan beharrezkoak diren konponketak egiteaz arduratzen da, horiek edozein eratakoak direla ere. Hemezortzi urte daramatza lan horretan.
Azkoitian lanean hasi aurretik, ordea, ikasketak tarteko munduko hainbat lekutan ibilitakoa da Azpiazu. Batxilergoa bukatu arteko ikasketa jaioterrian egin zituen, eta ondoren, Madrilera joan zen, Zientzia Aeronautikoak ikasi nahi zituelako. Handik, Ameriketako Estatu Batuetara joan zen lizentziatura amaitzera, bi urterako. Eta bueltan, Bartzelonan egin zituen hamalau hilabete AEBetan ateratako titulua baliozkotzeko ikasketak egiten.
Ikasteko ez ezik, munduako hainbat leku eta bizimodu ezagutzeko aukera eman dio Azpiazuri hainbeste urtetan atzerrian bizitzeak. Hain zuzen, ondo gogoan ditu azpeitiarrak 2001eko irailaren 11an New Yorken izandako atentatuak, AEBetan baitzegoen bera: "Aireportuetan hegazkin hotsa entzutetik txorien kantua entzutera pasatu ginen hiruzpalau egunez; oso tristea izan zen".
Euskal Herrira itzuli zenean, garagardoa banatzen ibili zen bolada batez, harik eta 2006an Xabier Munibe ikastolan langile baten bila ari zirela jakin zuen arte. Izena eman, eta hautaketa prozesua egin zuen: "Euskarako titulua atera nuen, eta horrez gain, zurgintzari, elektrizitateari zein iturgintzari buruzko azterketa praktikoak egin behar izan nituen". Espero ez zuen arren, lanpostua eskuratu zuen, eta 2006ko apirilaren 3an hasi zen lanean. Eskolan aritzen den arren, Kultura sailari dagokion udal langilea da, ikastetxeak arlo horretan txertatuta daudelako.
Hemezortzi urtek askorako ematen dute, eta Xabier Muniben egindako ibilbidea "luzea bezain oparoa" izan da azpeitiarrarentzat; irribarreak eta negarrak, lan horrek denetarik eman diola azpimarratu du. Lanean hasi zenetik, bere bizimoduan hainbat aldaketa izan ditu: "Hemen lanean nagoenetik, ezkondu eta aita egin naiz, eta COVID-19ak eragindako izurritea ere pasatu dugu; aldaketa ugari izan dira".
Xabier Munibeko lanak asko eman dio Azpiazuri, baina baita Azpiazuk lanari ere. Lanez aldatzeko zenbait aukera izan dituen arren, egungo lan baldintzak zein bizi kalitatea nekez hobetu daitezkeela uste du. Hain zuzen, hegazkinetako pilotuen irakasle izatea da bere ametsetako lana, eta aukera suertatu zitzaion arren, ezezkoa eman ziola adierazi du: "Xabier Muniben lanean nenbilela, ametsetako lana eskaini zidaten, baina hango baldintzek ez zuten hemengoen antzik".
Lan ugari lanpostu bakar batean
Lanera 08:00ak inguruan sartzen da Azpiazu, eta ikastetxeko ateak irekitzea zein ordenagailu batzuk piztea izaten dira haren lehen eginbeharrak: "Ez naiz lehenengoa izaten eskolara sartzen, baina nire atzetik etortzen dira irakasleak, eta berez ezin dute nire aurretik sartu". Egunean zehar ikastetxeko hainbat azpiegitura konpondu eta margotu ohi ditu, eta 17:00etan txirrina jotzearekin batera, ikastetxeko ateak ixten hasten da, 17:30ean eguneko jardunari amaiera emateko. Hala ere, atezaina ez da izaten eskolatik alde egiten azkena, Ikaskiroleko kideak arten han geratzen baitira.
Behin beharrezko materiala esku artean duenean lan egitea erraza bazaio ere, aitortu du batzuetan laguntza eskatu behar izaten duela: "Ahal dudana bakarrik egiten saiatzen naiz, baina behar dudanean udaletxeko brigadako langileek laguntzen didate". Horrela, egin beharrekoa azkarrago bukatzen duela esan du. Beste zenbaitetan, berriz, alderantziz izaten da; Azpiazuri egokitzen zaio besteei laguntza ematea, eta horretarako prest izaten da behar duten aldiro.
Xabier Munibeko atezain lanpostuak gauza asko egiten ikasteko balio izan dio. Horietako batzuk, jardunaren jardunez ikasi ditu; eta beste batzuk, formakuntza ikastaroak gauzatuta: "Ez nekizkien gauza mordo bat egiten ikasi dut: argiterian, arotzerian…". Bere garaian Informatika ikasketak egin zituen arren, eskolako mantentze lanetan jarduteak sareen zein konexioen inguruko jakintza aberasteko balio izan diola ere aitortu du.
Bere lanaren alderdirik zailena zein den galdetuta, berehala erantzun du: dirua zertan gastatu behar den konbentzitzea izaten da, bere hitzetan: "Zuzendaritzan zein udalean asko kostatzen da lehentasunak zein diren eta dirua zertan inbertitu behar den zehaztea". Hala ere, Azkoitiko Udalak LED argiak jartzearekin egin duen inbertsioa "aurrerapauso handia" izan da, haren arabera. Izan ere, emaitza gisa "aldaketa nabarmenak" dakartzan lanak dira Azpiazuren gogokoenak.
Zenbait herritarrengan ere nabaritu du ikastetxean inbertsioak egitearen kontrako jarrera. "Jendeari iruditzen zaio ikastetxean dirua gastatzea dirua itsasora botatzea bezala dela, baina ez dira ohartzen itsasoak beti ekartzen duela zerbait bueltan". Azpiazuren hitzetan, eskolara bideratzen den dirua ez da eskolan bertan geratzen; hortik harago doa. "Eskola mantentzea guztion eskuetan dago", adierazi du.
Hegazkinetatik urrun
Zaletasun ugari ditu Xabier Munibeko atezainak, eta horietako bi dira mendia eta arrantza. Hegazkinak oso gustuko zituen lehen, eta ikasketak ere esparru horretakoak egin zituen, baina, denborarekin, haiekiko interesa galduz joan zen, hegazkinean ibiltzea zaletasunetako bat gehiago izan arte. Gaur egun, hegazkinen mundutik urrunduta dago Azpiazu, "oso afizio garestia" baita, eta "pribatizazioak gora" egin baitu nabarmen. Horiek horrela, gainerako zaletasunei heltzeko baliatzen du aisialdian; gainera, laneko betebeharrak eta zaletasunak uztartzea erraza egiten zaiola esan du, ordutegiak horretarako aukera ematen diolako.
Motzean:
- Adina: 44 urte.
- Ikasketak: Zientzia Aeronautikoen lizentziatura eta Informatikan espezializazioa.
- Lanbidea: atezaina eta mantentze lanen arduraduna.
- Mantentze lanen arduraduna ez banintz… aeronautikako instruktorea izango nintzateke.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… kirola egitea eta pintxo potea.