Urola ibaiaren meandroan daude Amillubi baserria eta haren lurrak, Zestoako Iraeta auzoan. Nekazaritza ekologikoaren aldeko Biolur elkarteak "ondasun kolektibo" bilakatu nahi du eremu hori, lurra espekulaziotik eta artifizialismotik babesteko asmoarekin, bertan laborantza proiektuak sustatuz. Nekazariek lurrak baldintza onetan eskuratzea eta herritarrek elikagai naturalak bermatuta izatea ditu helburu proiektuak. Aurretik, baina, baserria eta lurrak erosi behar ditu elkarteak. Diru bilketa abian du joan den abenduaz geroztik, eta herritar zein erakunde orori luzatu dio babesa eskaintzeko deia. Jone Arizti (Azkoitia, 1996) baratzezaina da Amillubiko talde eragileko kideetako bat, eta diru bilketaz zein proiektuaren nondik norakoez aritu da Maxixatzenekin.
Zer da Amillubi Taupaka proiektua?
Amillubi nekazaritza agroekologikoko egitasmo bat da. Baserri baten eta bere lurren zein basoaren erosketa dela esango nuke, lurra ondasun kolektibo bilakatzea helburu duena. Herriek elikagai osasuntsuak edukitzea bilatzen du Amillubik, eta aldi berean, nekazariek ere horiek sortzeko lurrak izatea, betiere baldintza duinetan. Proiektuaren inguruan eragile bat baino gehiago dauden arren, Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkartea da honen guztiaren sustatzailea.
Aipatu duzu lurra "ondasun kolektibo" bilakatzeko helburuarekin abiatu duzuela proiektua. Zehazki, zer esan nahi du horrek?
Ondasuna aberastasun moduan ulertzen dugu guk, era zabalean, eta aberastasun hori ez dago esku pribatuen menpe, talde baten esku baizik. Talde horren helburua da aberastasun hori herritik herriarentzat logikan kudeatzea, taldearen helburua ez delako aberastasun pribatua, herriarentzako aberastasuna baizik. Gure taldeak nekazaritza agroekologikoari lotutako proiektuak sustatu nahi ditu bertan, eta frogatuta dago horrek gizartean eragin positiboa duela.
Halako nekazaritza eredu baten behar handia zegoela ikusi al zenuten?
Euskal Herrian kontsumitzen ditugun elikagaien %90 kanpotik datoz; ondorioz, garbi ikusten da gure elikadura sistema guztiz deslokalizatuta dagoela. Amillubiren helburua elikadura sistema lokala indartzea da, gurea dena, jan ahal izateko beste herrialdeekiko dugun menpekotasuna gutxitzeko.
"Euskal Herrian kontsumitzen ditugun elikagaien %90 kanpotik datoz"
Zenbat kidek osatzen duzue Amillubiko talde eragilea?
Talde eragilea hamabost pertsonak osatzen dugu, eta horietatik hamahiru emakumeak gara, gehienbat gazteak. Egoera hori ez da batere ohikoa landa eremuan, eta ez nuen datu hori aipatu gabe utzi nahi, Amillubik erantzuna ematen digulako desiragarria egiten zaigun etorkizun bati. Taldeko bi kide koordinazio lanetan aritzen dira, eta besteok boluntarioak gara. Amillubi Biolurren barneko beste proiektu bat dela esan genezake, baina sare propio bat eratzen ari gara Amillubiren bueltan. Potentzial handia duen taldea eratu dugu.
Biolurren bueltan elkartu zinetela diozu, baina zure kasuan, zerk eraman zintuen nekazaritza munduaren eta, oro har, proiektuaren parte izatera?
Baratzezain lanetan hasi nintzen duela hiru urte, eta lan egiten nuen tokia Biolur elkartearen bazkideetako bat zen. Pixkanaka Biolur ezagutzen eta haren proiektu txikietan parte hartzen hasi nintzen. Gustatzen zitzaidan elkartea egiten ari zen jarduna, eta gehiago saretu nahi nuen. Ezinbestekoa iruditu zitzaidan halako sare baten beharra, ditugun erronkei elkarrekin heldu ahal izateko.
Biolur zenbait nekazarik, eragilek, entitate publikok eta herritarrek osatzen dute, eta bazkide izanik, bilera baterako deialdia iritsi zitzaidan. Lur batzuk erosteko aukera suertatu zitzaion elkarteari, eta gaiari lotuta zer egin erabakitzeko bilera izan zen hura. Esan beharra dago ez ginela gu ibili Amillubiren bila; aukera pare-parean egokitu zitzaigun. Biolurreko kide batzuek jakin zuten beraien alboko baserria eta lurrak salgai zeudela, eta horiekin zerbait egin zitekeela ikusi genuen. Azkenean, aurrera egin eta baserria zein lurrak erostea erabaki genuen, eta hori kudeatzeko hamabost pertsonako talde bat eratu genuen joan den irailean.
Zer du Amillubik berezi?
Baserri handia izateaz gainera, bost hektarea baso natural eta lau hektarea belardi zein landa lur ditu inguruan. Erreka ondoan daude denak, baina ez ditu urak hartzen. Azterketa bat baino gehiago egin ditugu, eta frogatuta dago balio handiko lurrak direla, aberatsak, lauak eta nekazaritza proiektua gauzatzeko aproposak. Horrez gain, leku estrategikoan dago, logistika aldetik ezin hobeto, errepide ondoan eta inguruko herrietatik gertu. Aldamenean entitate publiko batenak diren 26 hektareako nekazaritza lurrak ere baditu, aurrera begira aukerak zabal diezazkiguketenak.
Erritmo onean al doa Amillubiren erosketa prozesua?
Egia esan, bai. Erosketa horretarako 390.000 euro behar ditugu, bai baserria eta lurrak erosteko, eta baita baserriak behar dituen konponketa lanak egiteko ere. Crowfounding bidezko diru bilketa jarri dugu martxan, eta bide horretatik maiatza amaitzerako 150.000 euro lortu nahi ditugu. Jada 98.000 eurotik gora jaso ditugu, eta ekarpena egin nahi duen orok amillubi.eus atarian du horretarako aukera.
Hala ere, esan beharra dugu diru bilketaz gain beste finantzazio bide batzuk ere ari garela lantzen: udalekin finantzazio hitzarmenak, hainbat eragileren ekarpenak… Bide onetik goazela esango nuke. Bestelakoan, azoka batzuk ere egin ditugu gure iruditegiarekin egindako orri markatzaile, koaderno zein platerak eskuratzeko aukera eskainiz. Dena ez da dirua, ordea, eta norbere aletxoa emateko aukera gehiago ere badaude: adibidez, herritar batzuk beraien ahotsa eta aurpegia ematen ari dira gure mezua zabaltzeko.
Behin dirua lortutakoan, zer asmo duzue?
"Ez ginen gu ibili Amillubiren bila; aukera pare-parean egokitu zitzaigun"
Bi urte dauzkagu Amillubiren erosketa burutzeko, eta horretan buru-belarri dihardugu orain, gure aurreneko helburua lurra babestea delako. Gure proiektua ezagutzera emateaz gain, bertan egingo ditugun proiektuei lotuta, epe motzerako eta epe luzerako helburuak zehaztu ditugu. Motzekoak martxan jartzen ari gara, esaterako, Amillubik ekoizleei ase diezazkien beharrak zehazteari loturikoak. Ikusi dugu, adibidez, landare batzuk eskuratzeko zailtasunak dituztela baratzezainek; horiek identifikatu ditugu, eta porru mintegi bat jartzea erabaki dugu. Hortik ateratzen den porru landarea Biolurreko kideen eta eskualdeko herritarren esku jarriko dugu, bidezkoa den prezio batean.
Epe luzeko helburuak, berriz, gehiago landu beharra dauzkagu, oraindik ez baikara horretara iritsi. "Zer egingo duzue Amillubin etorkizunean?", askotan egiten diguten galdera da, galdera handia, baina oraindik erantzun zehatzik ez duena. Argi duguna da sektoreak bizi dituen arazo asko estrukturalak direla, eta horietako batzuei erantzun ahal izango diegula.
Oraindik ez duzue erosi, baina jada bertan txukunketa lanetan diharduzue. Nola da hori?
Erosten ari gara eta jada espazio batzuk erabiltzeko aukera dugu. Espazioa gure beharretara atontzen ari gara, eta aurten burutu nahi ditugun ekoizpen proiektuetarako lurra prestatzen ere bai. Aurrerantzean biltegia izango dena prestatu dugu dagoeneko, aterpe bat ere eraiki dugu… eta bazterrak garbitzen, itxiturak jartzen eta antzeko lanetan ere bagabiltza. Ez da bakarrik baserria eta lurrak erostea, lekua prestatu eta gure proiekturako moldatu beharra dugu.
Amillubi Taupaka lehen sektoreari lotutako proiektua da. Zein arazo ikusten dituzu sektoreari lotuta?
"Balio handiko lurrak dira, aberatsak, lauak eta nekazaritzarako aproposak"
Batetik, lurrak eskuratzeko zailtasun ugari daudela esango nuke, falta direlako. Azken 30 urteetan 8.000 futbol zelai adina nekazaritza lur galdu dira, eta aldiz, hirukoiztu egin dira artifizializatutako lurrak. Geratzen diren lurrak ez dira egokiak nekazaritza jarduerarako, eta egokiak direnekin espekulazio handia egiten da. Zentzu horretan, oso eskertuta gaude baserria langileen erdiek erretiroa hartuko dute, eta gutxi dira egun nekazari moduan lanean hasten direnak. Folklorikotzat hartzen da gure jarduna, eta askok ez dute bizitzeko modu bat bezala ikusten. Jendea lurretik oso deskonektatuta bizi da, eta egiten dugun lana baloratuta ez dagoela iruditzen zait. Janaria sortzen dugu batetik, baina natura ere zaintzen dugu, besteak beste, arnasteko gunea dena. Askotan entzun izan da lanbide prekarioa dela lehen sektorekoa, soldata eskasa eta opor gutxi izaten direlako… Horrek ere ez du erakargarri egiten. Egungo egoerara egokituta dauden formulak falta zaizkigu, jendea lehen sektorera erakarriko dutenak. Amillubik egoera hori irauli egin nahi du, eta zorteko gara, gure sarean beraien esperientziak partekatzeko gogoz dauden pertsonak ditugulako.
Janari ekologikoak kontsumitzeko joerak indarra hartu du egun. Gehiago baloratuko al da orain lehen sektoreko lana?
Txip aldaketa bat egon da, bai. Ekologikoa dena bilatzen dugu orain, baina supermerkatuan erosten dugu. Erosotasuna bilatzen dugu eta horrekin ez da nahikoa. Elikagaien kulturan gizarteak ertz asko ahaztu egiten dituela iruditzen zait.