Hiribildu izendatu zutenekoa

Ane Olaizola 2024ko eka. 25a, 08:50

Gaztelako Alfontso XI.a erregeak Azkoitiari hiribildu izaera aitortu zion hiri gutunaren testua oinarri hartuta egindako ilustrazioa.

Gaztelako Erreinuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa konkistatu ondoren eta ahaide nagusien arteko borroken giro betean jaso zuen Azkoitiak hiribildua agiria, duela 700 urte, San Martin de 'Ahezkoytia de Yraurgui' izenarekin. Feudoen sistema alde batera utzi, eta hainbat betebehar eta eskubide bereganatu zituen izaera juridikodun herriak. Hiribilduaren sorrera gogoratzeko, askotariko ekintzak egiten ari dira herrian.

Urte berezia da aurtengoa herrian, 700 urte bete direlako Azkoitiari hiribildu izaera aitortu ziotenetik, Gaztelako Alfontso XI.a erregearen hiri gutunaren bidez, Iraurgi bailarako orduko biztanleek hala eskatuta. Mendeurrenaren adierazgarri da urtea hasi zenetik hainbat ospakizun egin, eta urtea bukatu bitartean beste horrenbeste antolatuko dituztela. Baina zer esanahi du egiazki efemerideak? Herriaren sorrera gogorarazten al du? Aurretik zer zegoen? Nola antolatzen ziren orduko herritarrak? Zer eskumen zituzten? Eta zer eragin zien hiri gutuna jasotzeak? Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko kronista ofizial eta Ondare zinegotziak eta Kepa Alberdi historia dibulgatzaileak eman dituzte horien inguruko azalpenak.

Azkoitiak 1324an jaso zuen hiri gutuna, baina hiribilduaren sorrera ulertzeko, aurreko garaietara jo behar da, herriaren gaineko erreferentziak lehenagokoak baitira. Hain zuzen, Azkoitiarekin lotzen den idatzizko lehen dokumentua 1186koa da, Gipuzkoa Nafarroako Erresuman zegoen garaikoa, hain zuzen ere. Iruñeko Gotzaindegiaren dokumentu horretan, Iraurgi Harana izeneko lurralde entitatea zegoela baieztatzen dela azaldu du Alberdik, eta bertan bi erlijio gune zeudela: Baldako Santa Maria eliza eta Soreasuko San Sebastian eliza. "Garai hartan bailara honetan bizi zirenek beren bizilekuak altxatuko zituztela pentsa daiteke; batzuetan, beste etxe batzuen ondoan, laguntza eta babesa aurkitu nahirik etxadi bat osatuz, eta beste batzuetan, lantzeko lur egokiak ziren lekuetan etxe isolatuak eraikiz. Gerora, ermitatxoak eraikiko zituzten, eta garaiko jauntxoek etxe apainagoak egingo zituzten han eta hemen sakabanatuta, lurraldea eta bertako jende xehea kontrolatu nahirik". Haren arabera, Azkoitia artean ez zen "herria", baina udalerria izango zenaren "hazia ernaltzen" hasiak ziren orduko herritarrak.

XVII. mendeko Azkoitia irudikatzen duen margolana. (Migel Zubizarreta 'Bolante')

1200. urtean, Gaztelak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa konkistatu zituen, eta ordura arteko euskal komunitatea bitan zatitzeaz gain, biztanleen antolamendua ere aldatu egin zen, Alberdik azaldu duenez: "Konkistaren aurretik, mendeetan bertako biztanleen interesen eta ulermenaren alde ezarritako Foru Orokorraren bidez antolatzen ziren biztanleak eta herriak; hau da, tradiziotik eratorritako legeen bidez antolatzen ziren. Aldiz, hiri gutunaren kontzesioaren bidez sortutako hiribilduak Foru Berria izeneko lege batzuen bidez gobernatzen ziren, atzerriko erregeek beren interes militar eta komertzialak defendatzeko dekretatutako arauen bitartez".

"Konkistaren aurretik, tradiziotik eratorritako legeen bidez antolatzen ziren herriak"

Mendizabalek, bere aldetik, azaldu du sasoi hartan ahaide nagusien arteko borrokak zirela nagusi. Urola bailaran, baldatarren eta loiolatarren leinuek agintzen zuten, eta jauntxo horien arteko liskarren artean, bi bando horietako baten alde egitera behartuta zeuden herritarrak. Giro desegonkor haren testuinguruan jaso zuen Azkoitiak hiri gutuna 1324ko urtarrilaren 4an, eta kronistaren arabera, hiribildua sortzean herritarrak "autonomia" irabazten hasi ziren: "Jauntxoen menpe egoteari utzi zioten, eta erregearen agintepean bizitzen hasi ziren. Jauntxoetatik bereiztean, eskubide zein betebehar batzuk bereganatu zituzten, baina mundu moderno batera zabaltzeko aukera hartu zuten. Adibidez, merkataritza lantzen hasi ziren, baita biztanleentzat hain garrantzitsuak ziren bideak egiten ere. Harresia, udala... poliki-poliki garatzen hasi ziren". Mendizabalek argitu du herria aurretik ere bazegoela, baina duela zazpi mende, hiri gutuna jasotzearekin batera, herriak izaera juridikoa hartu zuela: "Finean, leinuek boterea galdu zuten, eta herriak indarra hartu", gaineratu du hark.

Hain zuzen, hiri gutun hartan, erregeak zenbait pribilegio eman zizkion hiribildu sortu berriari: "Aurrez Arrasateko hiribilduak zuen forua izango zuen; meza entzun, herritarrak lurperatu eta bestelako zereginetarako eliza bat egiteko baimena zuen; zergak ordaintzetik salbu geratzen zen hiribildua; zenbait lurralde erabiltzeko erosotasun osoa izango zuen; horrez gain, Getaria eta Arrasate lotzen zituen bideak hiribildu berri honetatik nahitaez pasatu behar zuen".

Baldako dorrea irudikatzen duen margolana. (Migel Zubizarreta 'Bolante')

Herriaren hastapena, giro nahasian

San Martingo muinoan finkatuta, San Martin de Ahezkoytia de Yraurgui izena hartu zuen herriak hiribildu izaera bereganatu zuenean. Ordea, ez zen luzerako izango herriaren hasierako kokapen hura, ahaide nagusien arteko borroken ondorioz "babesgabe" sentitzen baitziren orduko herritarrak, eta horregatik, udalerria sortu eta zazpi urtera, Baldako Santa Maria elizatik gertu erosi zuten lursail batera aldatzeko eskaera egin zioten erregeari, gaur egun Plazaberri dagoen eremura, hain zuzen ere. Eskaera hari erantzunez, hiribildu berria eliza haren inguruetan altxatzeko baimena eman zien erregeak. Miranda de Yraurgui izen berria hartu zuen orduan herriak, eta XV. mendearen erdialdetik aurrera hasi zen hura Azkoitia izenez ezagutzen. Fundazio berriarekin, "pribilegio berrien jabe" ere egin ziren herritarrak: besteak beste, Baldako Andre Mariaren elizako lurrak eskuratu zituzten baratzeak egiteko. Horrez gain, asteazkenero azoka egiteko ahalmena ere eman zien erregeak. Modu honetara deskribatu du Alberdik antolamendu berria: "Herriaren boterea gailentzen joan zitzaion ordura arte bandoek zuten nagusitasunari, herritarrek ontzat hartzen baitzituzten agintariek eratutako ordenantza eta aginduak. Erregearen estrategia zera zen azken finean: berak emandako pribilegioak onestearen truke, bertako jendearen leialtasuna jasotzea".

"Jauntxoen menpe egoteari utzi zioten, eta erregearen agintepean bizitzen hasi ziren"

Hiribildu berriak erakunde autonomo gisa antolatzeko eskumena izanagatik, Gipuzkoako lurraldearen erdialdetik kostarainoko herri batzuk biltzen zituen Saiazko alkatetzaren pean ere jarraitu zuen Azkoitiak beste mende batez. Izan ere, herriari zegozkion lurra eta jurisdikzioa ez zetozen bat: hiribildutik urrunago zeuden auzo batzuetan Saiazko alkateak agintzen zuen, baina harresi barruan eta inguruetan Azkoitiko alkateak egiten zuen. Alberdiren esanetan, herriko agintariek eta herritarrek harresitik barrura eta kanpora geratzen ziren herritar guztiak aginte bakarrean biltzeko gogoa zuten egoera nahasi hartan, eta 1413an itun bat sinatu zuten Azkoitiko Zubieta jauregiko zelaira hurbildu ziren hirurehun bat azkoitiarrek. "Alde batetik, harresitik kanpo bizi ziren 180 pertsona agertu ziren; bestetik, harresi barruan bizi ziren 86 pertsona, baita Joan Lopez de Insausti alkatea eta beste agintari batzuk ere". Itun horrek herriko alkatearen aginpidea eta justizia onartzera behartzen zituen harresiaren barruan nahiz kanpoan bizi ziren herritar guztiak, eta beraz, lotura juridiko bakarra bereganatu zuten azkoitiar guztiek, eskubide eta betebehar berberekin. Izan ere, Mendizabalen hitzetan ordura arte alkate desberdinak zituzten harresi barruan, kanpoan zein mendian bizi zirenek. "Era berean, itun hori sinatzeak berarekin zekarren zergak ordaintzeko, herria eraikitzen laguntzeko, hala behar zenean herria defendatzeko eta agintarien hautaketan parte hartzeko konpromisoa", azaldu du Alberdik.

1331an, herritarrek Plazaberri ingurura lekualdatzeko baimena eskatu zioten erregeari

Huraxe izan daiteke, beraz, Azkoitia "herri gisa funtzionatzen" hasi zen unea, eta ondorengo hamarkadetan joan zen Azkoitia berria garatzen. Ahaide nagusien arteko borrokak bukatuta, 1484an "urrats garrantzitsua" eman zuen udalak: udal ordenantzak idazten hasi zen, eta horrek eskumenekoak zituen gaiak arautzea ahalbidetu zuen. Hirigintzari zegokionez, berriz, harresiz inguratutako hiribildua hedatzen joan zen. Hain zuzen, harresiaren barruko lurrak banatu eta hiru etxe ilara eraiki zituzten gaur egungo Plazaberrin. Harresitik kanpora ere herria hazi egin zen, lau errebalekin: Elgoibar aldera zihoan bidean Iparkaleko errebala osatu zuten; Bergara bidean, Baztarrikaldeko errebala; Azpeitira joateko bidean, Santa Klarakoa; eta Goierri aldera zihoan bidean Guardiako errebala zegoen. Etxez betetzen hasi ziren, Alde Zaharrak gerora iraungo zuen itxura hartu arte.

Alfontso XI.a erregeak Azkoitiko hiribilduari Hiri Gutuna eman zion egun berean, urtarrilaren 4an, ekin zieten hiribilduaren sorrera ospatzeko ekintzei, trikiti eta kanpai doinuekin. Ordutik, zazpigarren mendeurreneko hainbat ekintzak hartu dituzte herriko txokoak, hala nola erakusketek, hitzaldiek eta kontzertuek. Udalak sortutako Azkoitia 700 batzordea buru-belarri ari da urtea bukatu bitarteko ekintzak prestatzen, eta udaleko Ondare zinegotzi Juan Bautista Mendizabalek adierazi duenez, ospakizunak batez ere kultur arlokoak izango dira.

Efemeride beraren 650. eta 675. urteurrenak ere gogoan ditu Mendizabalek. Hiribilduaren 650. urteurrenean, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Jose Luis Alvarez Txillardegi, Ez Dok Amairu eta beste hainbat herrian izan zirela oroitzen du, bera artean haurra bazen ere. Duela 25 urte, berriz, Mendizabal zinegotzia zen Azkoitiko Udalean, eta orduko urteurrenean parte hartze "bereziagoa" izan zuen. "Garai hartan, San Martingo eremua lantzen joan ginen, jakin nahi genuelako zer aukera zeuden eliza berreskuratzeko. Londresko museoarekin elkarlanean, lorpen ikaragarriak egin genituen, eta VI. mendeko errauts kutxatilak topatu genituen, Suediako unibertsitateak datatutakoak. Hori guztia ondo hornitu genuen Euskadiko Orkestrarekin, orfeoiarekin...".

1413an, guztiak aginte bakarrean biltzeko ituna sinatu zuten 300 herritarrek

Aurtengo ospakizunak "lasaiagoak" izango direla aurreratu du zinegotziak. Haren arabera, lan asko aurreko agintalditik aurreratuta daude: batetik, Azkoitiko Erdi Aroko dokumentazioa euskaratu du udalak; eta bestetik, arkeologia ikuspegitik San Martingo eta Baldako eremuak aztertzen ari direla azaldu du zinegotziak: "Horrek esan nahi du Azkoitiko historiako eta protohistoriako datuak ezagutzeko aukera izango dugula".

Ikastetxeetan ere ari dira lantzen Azkoitiaren urteurrenaren gaia, eta herriko musikariak ere ari dira saio berezi baterako prestatzen, Mendizabalek aurreratu duenez. Izan ere, egitaraua "bete-betea" izango da datozen hilabeteetan: datorren hilean, esaterako, Erdi Aroko Azoka egingo dute, eta San Martingo ermitan dagoen erlojuaren inguruko hitzaldia ere izango da ekainean. Bestalde, bi liburu aurkezpen izango dira datozen hilabeteetan: Javier Elorza historialariak Azkoitiko Erdi Aroaz eta XI. gizaldiaz ondu duena bata, eta Juan Mari Arrizabalagak andremarietan egiten den kale margo lehiaketari buruz idatzi duena bestea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide