Hitz bitan

Josu Oria: "Guztiak bere denbora behar duela irakatsi dit lorezaintzak"

Intza Trula 2024ko eka. 6a, 09:30

Josu Oria. (Intza Trula)

Lau paretaren artetik ateratzeko beharra sentitzen zuen Josu Oriak (Azkoitia, 1985), eta lorezaintzan aurkitu du benetan zoriontsu egiten duen ogibidea. Hamabi urteren ostean asko ikasi duela dio, eta argi utzi nahi izan du lorezaintza belarra moztea baino gehiago dela.

2012. urtean hasi zinen lorategietan lanean, aurretik zenuen lana utzita. Zergatik?

Mekanikaria nintzen lantegi batean, baina lan horrekin dagoeneko oso erreta nengoen. Gero eta argiago nuen ez nuela lau paretaren artean lan egiteko balio, eta hortik atera nahi nuen. Niri gustatzen zitzaidan guztia kanpoan zegoela ohartu nintzen: natura, haize freskoa, eguzkia... Horrela, une batean etsi egin nuen, eta nire bizitzan aldaketa bat egiteko garaia zela erabaki nuen. Lorezaina izateko, horri lotutako ikasketak behar nituen, eta 2010. urtean Fraisoro nekazaritza eskolan izena eman nuen. 2012an, ikasketak amaitu ostean, Maltako parke natural batean lan egiteko beka lortu nuen, eta esperientzia irabazi nuen han. Maltatik itzuli bezain pronto, Oiartzungo [Gipuzkoa] Tecnatura enpresan hasi nintzen lanean, eta lau urteren ondoren, etxetik gertuago nuen zerbaiten bila hasi nintzen; orduan jaso nuen Azpeitiko Kimu Bat enpresaren deia, eta duela urtebetera arte egon naiz han lanean. Orain Gureak enpresarekin egiten dut lan, Azpeitian.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Esnatu bezain laster eguraldia begiratzen dut etxeko leihotik, eta lanera iristean zerrendan ditugun lanetatik zein egin ditzakegun eta zein ez aztertzen dugu. Eguraldiaren arabera, lan batzuk aurreratzen ditugu, eta beste batzuk, atzeratu. Denetik egiten dugu: zuhaitzak moztu, apaindu, soildu, erdiratu, txukundu... baita belardietan askotariko lanak ere.

Aintzat hartzen al da zuen lana?

Ez. Lorezaintza herriak behar duen zerbitzu bat dela uste dut, eta pandemia garaian argi eta garbi ikusi zen hori. Izan ere, denok etxean geunden bitartean, bazter guztietako belarrek eta zuhaitzek hazten jarraitzen zuten, eta askok zioten: "Ea noiz pasatzen zareten hori guztia txukuntzera!".

Horrez aparte, gizartean balio gutxi duen lanbidea dela esango nuke. Esan dudan moduan, askotan eguraldiaren arabera egiten dugu lan, eta horren ondorioz komentarioak entzun behar izan ditugu. Segituan entzuten ditugu kexak, alegia.

Zer da zuretzat lorezaina izatea?

Askotan pentsatzen dugu lorezaina izatea belarra moztea bakarrik dela, eta hori ez da horrela. Lorezaina izatea belarra moztea baino gehiago da: landareak identifikatzen, makineria erabiltzen, leku bakoitzean zer egitea komeni den identifikatzen eta traba zerk eragiten duen edo eragin dezakeen jakin behar dugu. Gainera, lan fisikoa da, eta beraz, beharrezkoa da osasuntsu egotea.

Naturan lan egin nahi zenuela aipatu duzu. Euria eta hotza egiten duenean ere gauza bera pentsatzen al duzu?

Etsaiarekin aliatzea da gakoa. Euria ari badu, ari du eta kito, aurrera. Errazena kexatzea izango litzateke, baina horrekin ez genuke ezer lortuko.

Sekula damutu al zara ogibidez aldatu izanaz?

Ez. Lanean nagoenean burua altxatu eta parean hormarik ez dudala ohartzea dagoen gauzarik onena da, zalantzarik gabe. Bakoitzari gustatzen zaiona gustatzen zaio, baina nik ezin nuen haizerik, euririk eta eguzkirik nabaritzen ez zen leku batean lan egin. Gorputzak uzten didan bitartean, honetan jarraituko dut; asko betetzen nau lan honek, nahiz eta batzuek ez ulertu "belarra mozten" zoriontsu nola izan naitekeen.

Zer irakatsi dizu lorezaintzak?

Asko ematen duen lana da. Gauza guztiek, ondo eginak izateko, beren denbora behar dutela irakatsi dit lanbide honek, eta presaka ibiltzeak ez dakarrela ezer onik. Pausoz pauso egin behar da guztia, denbora errespetatuz. Presaka egindakoa gaizki egindakoaren pareko da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide