Ezin poztu

Ihintza Elustondo 2024ko uzt. 2a, 10:00

Ihintza Elustondo kazetariak maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: Ezin poztu.

Harri koskor batekin traba eginda, sekulako kolpea hartu duzu, eta hortxe zaude, sofan eserita, beso-hankak ubelduta, bidera atera zaizun harri koskorra madarikatzen. "Edonori gerta dakioke" esan dizute, baina zuri gertatu zaizu, eta hortxe ari zara buruari jira eta bira alfer-alferrik, besoan izotza jartzea beste erremediorik ez.

Inguruko gauzei arreta jartzeko indar handirik ez, zure aldartearekin zerikusirik ez duen irudi batek eman dizu atentzioa telebistan: "Gaur inoiz baino zoriontsuago naiz", dio mutil gazte batek harro, begiak malkotan.

Eta pentsatu duzu zu hain amorrarazita zauden egun batean nola den posible beste pertsona bat bere bizitzako egunik zoriontsuena bizitzen aritzea, zer motibo izan dezakeen hain pozik egoteko.

Eta are gehiago amorrarazi zara haren zoriontasunaren iturria txalupa bat dela jakin duzunean.

Gabarra, tabarra eta abarra, zoramena barra-barra.

Batek ez dakit zer astakeria ordaindu duen balkoi batengatik, besteak krabelin zuri-gorriak erosi ditu...

Jakin nahiko zenuke asmatuko ote duen loreak ondo zaintzen; zuri kaktusak ere ihartu egiten zaizkizu.

"Gaur inoiz baino zoriontsuago naiz!", dio mutil gazte batek harro, begiak malkotan

Lagun batek zera kontatu zizula oroitu duzu:

"Zein izan da zure bizitzako unerik zoriontsuena?" galdetzean, jende gehienak eguneroko une xumeak aipatu ohi dituela, ezkondu zen eguna edo ama edo aita izan zen unea gogoratu beharrean. Etxera joan eta azkenetan den aitona semeari musu ematen ikusitako unea, lagunekin goxo afaldu eta sekulako barreak egin zituenekoa, lankideek opari bat egin ziotenekoa, familian mendi buelta egin zuten egun hura, amona algaraka entzun zuenekoa...

Zalantza egin duzu telebistan "inoiz baino zoriontsuago" dela esan duen mutil hori benetan hain zoriontsu ote den; futbolak duen onarpen soziala izango ez balu, hori gizarte osoaren aurrean lau haizetara horrela esango ote zukeen. Benetan bihotzeko mina eragiten dion arazo bat izango balu, telebistaren aurrean horrela negarrez azalduko ote zen.

Gazako irudiak ikustean, malkorik botako ote duen.

Harrigarria zaizu, gertukoren bat gaizki dagoela jakinda, askotan zer moduz dagoen galdetzea ere kosta egiten zaigun gizarte honetan, futbolak era denetako emozioak nola pizten dituen.

Zoratzeraino.

Zuri gaur emozio guztiak harri koskorraz mintzo zaizkizu, eta hortxe zaude, sofan, kieto, portuan dagoen txalupari begira.

Nahiko zenuke inoiz baino zoriontsuago izan.

Baina zu ezin poztu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide