Eskolako Agenda 2030 programan parte hartzen diren Azkoitiko ikasleek aurtengo azterketen emaitzak aurkeztu dizkiote gaur goizean Ana Azkoitia alkateari, udaletxean egin duten bilkuran.
Azkoitian Bizilore Eskola Aktiboko, Floreaga ikastetxeko eta Xabier Munibe Ikastolako LHko ikasleek osatzen duten Eskolako Agenda 2030 taldeko kideek bi proiektu landu dituzte azken hilabeteetan: Gabonetako argiteriari buruzkoa bata, eta energia berriztagarriari buruzkoa, bestea. Gabonetako argiei dagokienez, ikasleek honako ondorio hauek atera dituzte, udalak azaldu duenez: "Gabonetako argien kolokazio sistema aldatzea edo jartzen direnak, autonomoak izateko modua aurkitzea, argien banaketa orekatuagoa egitea auzo gehiagoetara iristeko baina kopurua gehitu gabe, eta piztuta mantentzeko garaia murriztea abenduaren erdi aldetik Erregeetara".
DBHko ikasleek, berriz, energia berriztagarrien gaia jorratu du, eta diagnostikotik atera duten ondorioetako bat da herritarrek "ezjakintasuna" dutela horren inguruan. Era berean, hainbat proposamen helarazi dizkiote udalari: "Batetik, herrian eguzki plaka gehiago jartzea eskatu dute, eta bestetik, herritarrak energia berriztagarrien inguruan informatzea. Jakin dute udala Energia Plana egiten ari dela eta eguzki plaka gehiago jartzeko proiektua ere martxan dagoela. Informazioa zabaltzeko atalean, alkateari esan diote badagoela zer egin, hala nola, energia bulego bat sortzea, hitzaldiak antolatzea edota komunitate energetikoak bultzatzea".
Erakundeak azaldu duenez, esku-hartzearen helburuetako bat da herritarren artean informazioa zabaltzea, eta beraz, datorren ekainaren 14an postu bat jarriko dute eliz atarian, egindako lanaren emaitzak zabaltzeko asmoz.
Alkateak, bere aldetik, ikasleak zoriondu ditu, egin duten "lan sakona" goraipatuz. Horrez gain, ekarpen guztiak aztertuko duela esan du.