Aurtengo udal aurrekontuetan sartuko diren bost proiektu bozkatzeko aukera izango dute herritarrek larunbatetik aurrera

Iraia Oteiza 2024ko mai. 29a, 13:00

"Herritarrei ahotsa" emateko helburuz, 100.000 euroko partida jarri du Azkoitiko Udalak, herritarrek proposatutako proiektuetara bideratu ahal izateko. Prozesua abiatu zenetik berrogeita bost proiektu proposatu dituzte herritarrek, eta horietatik hamahiru lehenetsi dituzte udalarekin batera egin dituzten zenbait bileratan. Herritarrek hamahiru horien artean gehien gustatzen zaizkien bost proiektu bozkatzeko aukera izango dute larunbatetik aurrera.

Azkoitiko Udalak martxan jarritako aurrekontu parte hartzaileen prozesua bozketa fasera iritsi da. 100.000 euroko partida jarri du udalak herritarrek proposatutako proiektuetara bideratu ahal izateko, eta herritarrek egindako berrogeita bost proposamenetatik hamahiru lehenetsi dituzte prozesuan zehar egin dituzten bilera irekietan. Orain, hamahiru horietatik gehien gustatzen zaizkien bost proiektu bozkatzeko aukera izango dute herritarrek larunbatean hasi eta ekainaren 15era bitartean. Boto gehien jasotzen dituzten proiektuak txertatuko ditu udalak aurtengo aurrekontuetan —100.000 eurora iritsi arte—.

Botoa eman nahi duten herritarrek Azkoitiko udalaren webgunearen bidez egin ahal izango dute, dagokion irudian klik eginda. Halaber, botoa aurrez aurre emateko aukera ere izango da, horretarako ahalbidetu dituzten hiru gunetan: udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan, Elkargunean eta Aizkibel liburutegian. Horietan herritarrek galdetegiak eskuragarri izango dituzte; baita galdetegiak uzteko postontziak ere.

16 urtetik gorako herritarrek izango dute bozketan parte hartzeko aukera. Bozketa anonimoa izango da, baina NA, generoa, kalea zein adina adierazi beharko dira. Udal ordezkariak herriko plazan egongo dira larunbatean 11:00etatik 13:00etara bitartean, galdetegiak zabaltzeko eta herritarrei argibideak emateko. 

Honakoak dira herritarrek bozka ditzaketen proiektuak eta bakoitzaren balorazio ekonomikoa:

  • Goiko Kalean, Kale Nagusiko bosgarrenean, zamalanetarako gunea egokitzea: 35.000 euro
  • Zuazola kalean, Xabier Munibe Ikastolaren atzeko partean, iturria ipintzea: 6.500 euro
  • Mendi ibilbideen seinaleak jartzea Munoaundiko eremuan: 7.000 euro
  • Hilerrirako, hilkutxak jasotzeko makina erostea: 30.000 euro
  • Pobreziaren inguruko azterketa egitea: 20.000 euro
  • Landare inbaditzaileen inguruko azterketa egitea eta desagerrarazteko ekintza plana lantzea: 11.000 euro
  • Oteiza Frontoietako berdegunean eta Trenbidearen Zumardian aulkiak eta mahaiak jartzea: 15.000 euro
  • Lokal hutsetako erakusleihoetan mezu desberdindun biniloak jartzea, Alde Zaharra biziberritzeko: 12.000 euro
  • Elkarguneko Herriko plaza aretoaren dinamizazioa: 10.000 euro
  • Santa Klarako zubiaren petrila aldatzea, segurtasuna bermatzeko: 17.000 euro
  • Baztartxo antzokiko atze-oihalaren motorra berritzea, zaharkituta geratu baita: 8.000 euro
  • Kanpoko igerilekuetako berdegunea urte osoan zabaltzea: 18.000 euro
  • Floreagan, San Martinen eta Oteiza frontoietan aparkalekuak egokitzea: 24.500 euro

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide