Lau antzezlan taularatuz amaituko du antzerki eskolak ikasturtea

Iraia Oteiza 2024ko mai. 22a, 16:45

Xabier Munibeko Antzerki Topaketak, iaz.

Hogeita hamaikagarren aldiz, Antzerki Topaketak egingo ditu Azkoitiko Xabier Munibe ikastolak larunbatean, Baztartxon. 50 bat gaztetxok eskainiko dizkiete herritarrei antzerki saioak.

Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako antzerki eskolan dabiltzan ikasleek Antzerki Topaketak egingo dituzte larunbatean, Baztartxo antzokian, eta ohi bezala, aktore txikiek ikasturtean zehar sortu dituzten antzezlanak taularatuko dituzte herritarren aurrean. 11:00etan hasiko da doako emanaldia. 
Antzerki eskolako kideek ostiralean eskainiko dute aurreneko emanaldia Baztartxon bertan, baina ordukoa ikastolako ikasleei zuzendutakoa izango da; larunbatekoa, aldiz, irekia izango da. Aurtengoan, honako lau antzezlan hauek ikusteko parada izango dute Baztartxora bertaratzen direnek: Handitzen, handitzen..., Nork nahi du gure bitxia?, 3 desirak eta Bizi ez lagunak.

Hogeita hamaika urte bete dituzte aurten Azkoitiko Antzerki Topaketek, eta azken urteetan, Bigoterik Gabea antzerki taldeak zuzentzen ditu Xabier Munibe ikastolako antzerki eskolak. Hango bi irakasleetako bat da Malen Bastarrika: "Gabonen inguruan hasi ginen orain eskainiko ditugun antzezlanak sortzen. Gidoia bera ikasleek garatu zuten irakasleon laguntzarekin, eta orduz geroztik entseguekin buru-belarri aritu gara". Jada egin dituzte azken entseguak Baztartxo antzokian.

Bastarrikaren arabera, ikasleek "gogo handiz" prestatzen dituzte obrak eta "ilusioa" egiten die ikasturte amaieran horiek taularatzeak. Urtez urte gero eta ikasle gehiago dituztela gaineratu du Bastarrikak, "lagun askok izena taldean ematen dutelako". Egun, LH1etik LH6ra bitarteko 50 bat haurrek jasotzen dituzte antzerki eskolak eta horiek guztiek taularatuko dituzte aurtengo ikasturtean landutako obrak. Aurtengoa, gainera, berezia izango da, izatez antzerki eskolakoak ez diren, baina Ikaskirol egokituan aritzen diren hiru haurrek ere antzezlanetan parte hartuko dutelako.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide