Merkal Oinetakoak enpresako Gipuzkoako 50 langilek mobilizazioak hasi zituzten joan zen hilean, enpresa hitzarmena lortzeko asmoz. Enpresa horrek zortzi saltoki ditu Gipuzkoan, eta horietatik seitan greba egunak deitu zituzten apirileko eta maiatzeko asteburuetarako; tartean, Azkoitikoan. Hain zuzen, enpresak Azkoitiko Axiri merkatal gunean duen saltokiaren aurrean elkartu dira langileak gaur, "lan baldintza eskasak duintzeko" abiatu duten borrokaren barruan.
ELA sindikatuak adierazi duenez, 2023ko urrian lantaldeak erabaki zuen enpresa hitzarmena lortzeko negoziazioak hastea. Hain zuzen, honako hiru eskaera nagusi helarazi dizkiote langileek zuzendaritzari: kontziliazioaren alorrean, urtean dituzten lau asteburu libreak enpresak ez inposatzea eta oporren hasiera ere beharginek aukeratu ahal izatea galdegin dute langileek. Horrez gain, udako larunbatetan malgutasun handiagoa izatea eta asteko gutxieneko atseden eguna errespetatzea eskatu dute; soldatei dagokienez, berriz, enpresak langileen antzinatasuna ordaindu dezala nahi dute; azkenik, adostutakoa betetzeko berme gisa, enpresa hitzarmena eskatu dute.
Ordutik, egoerak "bere horretan" jarraitzen duela salatu dute langileek gaur. Datozen egunetan elkartuko da berriz negoziazio mahaia, eta aldaketarik ez balego, ekainean hiru egunetara zabalduko dituzte greba egunak: ostiraletan, larunbatetan eta astelehenetan greba egingo dutela aurreratu dute beharginek. Gainera, ekainean egoera "konpontzen" ez bada, mobilizazioak "gogortuko" dituztela azaldu dute langileek.