Udane Juaristi artistak mural bat margotu berri du Bilbon, hurrengo larunbatean hango San Mames futbol zelaian jokatuko duten Txapeldunen Ligako finalaren harira. Besarkada izena jarri dio bi emakume besarkatzen ageri diren irudiari: "Besarkadaren atzean sentimendu asko daude, eta irekita utzi nahi izan ditut sentimendu horiek, bakoitzak nahi duen sentipena jar diezaion besarkada horri: izan daiteke bateratasuna, poza, garaipena, ilusioa, borroka...", adierazi du azkoitiarrak. Horrez gain, hark azaldu du muralak "merezi" zuela atzera begiratzea eta hausnartzea, eta horretarako, beste irudi bat ere txertatu du lanean: hain zuzen, 1971. urtean, Francok emakumeen futbola "debekatuta" zuenean, Eibarko eta Ermuko emakume batzuek Ipuruan partida bat jokatu zutela ekarri du gogora Juaristik, eta haien irudia ere margotu du artistak muralean. "Oraindik asko dago hobetzeko, baina gaur egun gozatzen ari gara emakumeen futbolarekin, eta gaur egungo egoerara iristeko, emakume horien ibilbidea ezinbestekoa izan da". Ostegunean aurkeztu zuen Juaristik bere azken lana Bilbon, eta han izan ziren duela bost hamarkada partida hura jokatu zuten futbolariak, besteak beste.
Emakume futbolarien arteko elkarlanean eta taldelanean jarri nahi izan du arreta margolariak. "Orain arte futbolean ibili diren emakume guztiak hartu ditut kontutan, gizonezkoena izan den eremuan, geure lekua egiteko oztopo asko gainditu behar izan ditugulako". Hain zuzen, emakumeen futbol ibilbidea aitortu eta bidean beren alea jarri duten emakume guztiei eskaini nahi izan die artistak lana, artea mezu hori helarazteko tresna eraginkorra dela jakitun. "Jendeak murala ikustean, emakumeen futbola ere badagoela jabetu daitezen nahiko nuke. Emakumeak, oraindik ere, gizonezkoena den eremuan ari dira jokatzen, eta haiei indarra emateko eta hobetzeko asko dagoela adierazteko asmoz egin dut margolana".
Gainera, futbola "bereziki ukitzen" dion esparrua dela azpimarratu du Juaristik, bera ere emakumeen futbolaren parte izan delako. "Bi alorrak kontuan izanda, oso esperientzia polita eta berezia izan da".