Asteazkenean amaituko da Hike Eizan! bertsopaper lehiaketara lanak aurkezteko epea

Ane Olaizola 2024ko mai. 13a, 10:05

II. Hike eizan! bertsopaper lehiaketaren saridunak. (Aitziber Arzallus)

Gaia, neurria eta doinua libreak dira, baina bertso sorta guztiek hitanoan idatzita egon beharko dute, eta noka erabiltzea ere baloratu egingo da. Antolatzaileek egitasmoan parte hartzera animatu dituzte bertsozaleak zein bertsolariak.

Hitanoa, eta bereziki noka, sustatzeko helburua duen Hike Eizan! bertsopaper lehiaketara lanak aurkezteko epea etzi, asteazkena, amaituko da, eta egitasmoaren antolatzaile udalak zein Hike Eizan! lantaldeak bertan parte hartzera animatu ditu bertsolariak zein bertsozaleak.

Adin tartearen araberako hiru mailatan banatzen da lehiaketa: 14 urte artekoak, 15 eta 18 urte bitartekoak, eta 18 urtetik gorakoak. Gaia, neurria eta doinua libreak dira, baina bertso sorta guztiek hitanoan idatzita egon beharko dute, eta noka erabiltzea ere baloratu egingo da. Kategoria bakoitzean, bertso sorta onenaren saria eta Azkoitia saria banatuko dituzte: 125 eta 250 euroko sari bana umeen eta gazteen mailan; 500 eta 250 euroko beste bi helduenean; eta 75 euro umeentzat, 150 euro gazteentzat eta 300 euro helduentzat, Azkoitia sariaren barruan.

Epaimahaia Hike Eizan! lantaldeko eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko bina kidek osatuko dute, eta ekainaren 3an jakinaraziko dute zein izan diren irabazleak. Sari banaketa, berriz, ekainaren 27ko IV.Hike eizan! bertso saioan egingo dute.

Lehiaketaren oinarriak eskuragarri daude Azkoitiko Udalaren webguneko tramiteak atalaren barruan. Zalantzarik izanez gero, interesdunek 943-85 71 75 telefonora deitu zein euskara@azkoitia.eus helbidera idatz dezakete.

Hirugarrenez antolatu dute Hike Eizan! bertsopaper lehiaketa, eta aurreko urteetan 24 eta 26 lan aurkeztu zituzten, hurrenez hurren. Udalak hitanoa, eta bereziki nola, berreskuratzeko abiatutako plangintzaren barruko egitasmoetako bat da lehiaketa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide