Azkoitiko Jaso Burue guraso taldeak eskuko telefono adimenduetan du arreta jarrita, eta horien erabilera "osasungarriari" buruzko hitzaldiak antolatu ditu datozen asteetarako, gurasoek zein nerabeek horren gaineko kontzientzia har dezaten. Telmo Lazkano Nerabeen garrasia - Osasun mentala aldaketa garaian liburuaren idazleak eskainiko ditu saioak maiatzaren 15ean eta 22an, eta gurasoei zein nerabeei zuzenduta egongo dira, "familia konpromisoa" bultzatzeko asmoz.
Aurreneko saioak Zergatik dira adiktiboak? izena du, eta bertan gailuek erabiltzailearen arreta bereganatzeko dituzten teknikak eta interesak azalduko ditu Lazkanok; hilaren 22an, berriz, eguneroko erabilera osasungarritako gai praktikoak landuko dituzte aurreko saioan oinarrituta, Tresnak, ohiturak eta mugak izenpean. Bi saioak 18:30ean izango dira, Elkarguneko Oteiza aretoan.
Azkoitiko hiru ikastetxeetako hainbat gurasok osatzen duten Jaso Burue taldeak smartphoneak edukitzeko adina atzeratzea eta nerabeen zein helduen erabilera osasungarria bultzatzeko kontzientziazio ekintzak antolatzea du helburu. Horretarako, hainbat ekintza antolatu ditu azken hilabeteetan, eta beste hainbat ere badu esku artean; horietako bat ikasturte amaierarako prestatzen ari direna: ikasturte amaierako ikastetxeetako festetan, eguna eskuko telefonorik gabe pasatzeko "erronka" proposatuko diete gurasoei eta nerabeei, eta egitasmoa ikustarazteko, eskumuturrekoak banatuko dituzte. Horrez gain, taldeak gogoratu du Azkoitia Lagunkoiarekin, Herrixen merkatari elkartearekin eta Azkoitiko Udalarekin batera Gure telefonoa erabil dezakezu kanpaina abiatu duela saltokietan, tabernetan zein jatetxeetan.
Bestalde, Maxixatzen-Gukaren webguneko komunitatean txokoa sortu duela jakinarazi du, gaiari lotutako albiste eta eduki "interesgarriak" bertan argitaratzeko asmoz.
Era berean, taldeak aurreratu du datorren ikasturtean ere gaia lantzen jarraituko duela, horretarako kontzientziazio ekintzak prestatuz. Taldearekin harremanetan jarri nahi duenak, helbide elektroniko honetara idatz dezake: jasoburue@gmail.com.