Sintoniez osatutako diskoa

Ane Olaizola 2024ko api. 19a, 10:00

Mikel LarraƱaga, kaleratu berri duen Sintonia diskoarekin. (Mikel LarraƱaga)

Alemanian bizi den Mikel Larrañaga azkoitiarrak aurreneko lana kaleratu du: ‘Sintonia’. Irrati bidezko transmisio zatiez osatutako zortzi abesti elektroniko bildu ditu diskoan.

Duela zortzi urtetatik Alemaniako Leipzig hirian bizi den Mikel Larrañaga (Azkoitia, 1991) musikariak aurreneko diskoa kaleratu du: Sintonia. Hitzaren adiera desberdinekin jolastuz ondu du doinu elektronikoz betetako aurreneko lana, eta salgai jarri du, fisikoki bere sorterrian dagoen Dean tabernan, zein digitalki, Bandcamp plataforman.

Zaletasunak bultzatuta, duela hiruzpalau urtetik musika saioak eskaintzen ditu Larrañagak Dardara izenpean, eta emanaldi horietako abesti batzuk etxean grabatuta zituela, zortzi kanturekin osatu du hark aurreneko diskoa. Azkoitiarraren arabera, diskoaren ezaugarri nagusia da abesti guztiak bata bestearen atzetik grabatuta daudela, hartualdi bakar batean. "Nire hasierako asmoa zen abestiak banan-banan hartu, bakoitza landu eta horietako batzuk publikatzea. Horretan hasi nintzenean, ordea, ohartu nintzen gehiago gustatzen zitzaidala hasierako grabazioa, gordinean egindakoa".

"Unean unera irekita egotea interesgarriagoa dela deritzot"

Sintonia izena ipini dio aurreneko lanari, haren esanahi desberdinek musikariaren arreta piztu dutelako, eta diskoaren ezaugarriekin bat datozelako. "Hasteko, irrati transmisioan erabiltzen den hitza da sintonia, igorlea eta hartzailea frekuentzia berean daudela esateko. Horrez gain, jendeak sentimendu antzekoak dituela edo haiek elkar ulertzen direla adierazteko ere erabiltzen da hitz hori". Hain zuzen, musikariak azaldu du diskoak lotura berezia duela irrati bidezko komunikazioarekin, bistakoa baita hori haren azalean zein hura barnebiltzen duten abestietan; izan ere, bertan entzuten diren ahots gehienak transmisioetatik hartutakoak dira: "Interneten bilatu ditudan irrati bidezko elkarrizketak hartu ditut: abesti batean, esaterako, gerra hegazkin banatan doazen bi pertsonak elkarrekin duten elkarrizketa bat entzun daiteke; beste kantu baterako, berriz, astronauta batzuek lurreko kontrol dorrearekin duten elkarrizketa bat hartu nuen".

Inprobisazio aurreko aldia

Duela lau urte hasitako ibilbidea bi zatitan banatu du musikariak: Larrañagak etxean sortu eta prestatutako abestiak eraman ohi zituen musika saioetara hasieran. "Bi edo hiru hilabete igarotzen nituen emanaldiak prestatzen, eta, ondoren, jendaurrean eskaintzen nituen ordubeteko saio batean, taldeek kontzertuetarako egiten duten moduan. Horrela, saio guztiak oso antzekoak izaten ziren, eta aspertu egin nintzen modu horretara aritzeaz, idatzita zegoelako emanaldian entzungo zen guztia; hau da, ez zegoen ezustekorik". Duela urte eta erdi, berriz, inprobisaziorako bidea hasi zuen Larrañagak: "Sintetizatzaile modularra erabiltzen dut gaur egun, eta tresna horrekin abestiak ez ditut aurrez prestatzen, unean bertan ateratzen zaidana eskaintzen dut. Unean unera irekita egotea interesgarriagoa dela deritzot". Sintonia diskoa aurreko fasekoa dela azaldu du azkoitiarrak, ordukoak baitira abestiak.

Holz Und Blechen

Musika elektronikoaren habia den Alemaniako hiriburutik berrehun bat kilometrora bizi da Larrañaga, baina Leipzig hiriak ere estuki bizi du musika, hango eszena "oso aberatsa" baita azkoitiarraren ustez. "Musika mota askok dute izugarrizko indarra hirian, ez soilik elektronikoak. Lanean ari diren kolektibo txiki asko daude, eta noizean behin musika ekitaldiak egiten ditugun lantalde bat ere badugu sortua". Larrañagak "noizean behin" eskaintzen ditu zuzeneko saioak, eta "gustura" da modu horretan arituta. Maiatzean, esaterako, bi saio eskainiko ditu: bata Azkoitian egingo duten Holz Und Blech musika elektronikoaren jaialdian, eta bestea Leipzig-ko diskoteka batean. Ildo horretan, Azkoitiko emanaldia guztiz inprobisatua izango dela aurreratu du hark.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide