Goxotasuna da Arumarrate baserrira iritsi bezain pronto sumatzen den aurreneko sentipena, lehen sentsazio atsegina. Eta ez da gutxiagorako, baserriaren inguruan landatutako loreen kolore eta usain goxoek ongi sentiarazten dutelako ingurura gerturatzen den oro. Edonola ere, loreak bezain goxoak eta alaiak dira horiek landatzeaz zein zaintzeaz arduratzen diren Koldo Hormaza (Sopela, Bizkaia) eta Joey Albert (Manila, Filipinak) lorezainak ere. 2020an sortu zuten biek Baserri Loreak negozioa, eta horixe da egun bien lanbidea, lorezainena. Berriketarako gogoz eta infusio eta opil batzuk eskainiz hartu dute biek Maxixatzen, lorez inguratuta dagoen Madariaga auzoko baserriaren atarian.
Bilboko higiezin agentzia bateko iragarkietako batek aldatu zien bizimodua Hormazari eta Alberti, hantxe izan baitzuten aurrenekoz Madariagara bizitzera etortzeko ideia buruan. "Pagoz betetako baso batekin batera, auzoko baserri bat saltzen zutela ikusi genuen, eta berehala erakarri gintuen iragarki hark", azaldu dute biek. Azkenean, baina, auzoko beste baserri bat erosi zuten 2006an, pinuz beteriko lursail batekin batera. "2016an etorri ginen Madrildik hona bizitzera, ordura arte bion ogibidea zen kazetaritza eta horrek zekarren estres handia atzean utzita. Leku hauxe bilakatu da azkenean bion bizitoki kuttun", diote.
Baina, bizimodua aurrera ateratzeko zerbait ezberdina egin nahi, eta halaxe sortu zuten biek Baserri Loreak lorezaintzari lotutako negozioa. Aurpegiko irribarre salatariek agerian uzten dute atsegin handiko ogibidea aukeratu zutela, eta "pasioz" bizi dute euren egunerokotasun berria. "Betidanik gustatu izan zaizkigu loreak bioi, eta loreen inguruko ikastaro ugari egin izan ditugu, bai Madrilen eta baita hemen ere. Ideia polita iruditu zitzaigun afizioa ofizio bilakatzea". Hala, pinuak bota eta lore zein zuhaitz berriak landatzen hasi ziren, "baso berri bat" eraiki asmoz.
Usaimenaren inperio propioa
Eraikitzen ari diren "baso" hori, baina, ez da edonolakoa: "Oro har, nekazaritza birsortzailean jarri dugu arreta, hau da, petroliorik eta ongarri kimikorik gabeko elikagaiak ekoizteko sisteman". Nekazaritza birsortzailearen helburua lurzoruaren oreka berreskuratzea dela azaldu dute, ura eta materia organikoaren galera saihestuz, landareak kanpoko kimikorik bota gabe osasuntsu gara daitezen. Diotenez, nekazaritza birsortzailea bertako ezagutzetan eta baliabideetan oinarritzen da, lurra lehengoratzen lagunduz. Ondorioz, Hormazaren eta Alberten baserriko loreak nekazaritza teknika horretan oinarrituta daudenez, ekoizten dituzten lore guztiak "guztiz ekologikoak" direla argitu nahi izan dute haiek, helburu nagusia "lurra zaintzearekin batera, ondorengoei baso osasuntsu eta trinko bat uztea" delako.
"Betidanik gustatu izan zaizkigu loreak. Ideia polita iruditu zitzaigun afizioa ofizio bilakatzea"
Filosofia horri jarraituz, kimikoen erabilera salatu dute Arumarrateko lorezainek: "Kimikoak botata landareak momentuan ondo jaiotzen badira ere, lurra gaixotu egiten da gero, eta urteak pasatu ondoren, lurra basamortu bilakatzen da, lehor. Basoek naturalak izan behar dute, badute kimikorik gabe eta goldatu ere egin gabe hazteko gaitasuna. Beraz, guk ez dugu halakorik egiten". Konposta da Arumarrate baserrira loreentzat kanpotik iristen den gauza bakarra, eta urtean behin abonatzen dituzte landareak horrekin, kamioi baten laguntzaz. "Negozio honetan ez dugu beste inoren baitan egon nahi, ekologikoa eta naturala delako gure lana", diote.
Sasoian sasoiko landareak dituzte Baserri Loreaken, "tapatuta, berogailuarekin edo auskalo zer modutan hazi gabeak". Loreen industria oso handia dela azaldu dute, ohitura ugari daudelako loreekin errotuta. Hala ere, oraindik produktuen jatorriaren eta ekoizpen moduaren inguruan kontzientzia handiagoa falta dela uste dute, garaiz kanpoko lore eskaera ugari egiteko ohitura indarrean dagoelako: "Arrosak nahi eta Internet bidez eskatuz gero, ordu gutxian etxean izan dezakezu milaka kilometrora hazi den sorta bat. Baina loreen jatorria eta ekoizpen modua ezagutzea ezinbestekoa da, osasuna eta natura, biak zaintzeko", dio Albertek. Gaineratu duenez, "karbono aztarna zenbaterainokoa den begiratu behar da, baina lore sorta horiek denbora luzez irauteko izaten dituzten kimikoak oso txarrak izaten dira arnasteko ere". Beraz, garaian garaiko produktua eskatzearen garrantzia azpimarratu du: "Neguan, esaterako, ez dago arrosarik hemen".
"Loreen jatorria ezagutzea ezinbestekoa da, osasuna eta natura, biak zaintzeko"
Hori horrela, udaberrian sartzearekin batera hazten dira lore gehienak Arumarraten. Tulipanak eta anemonak izan dira aurten hazten lehenak, baina laster izango dituzte urrebotoiak, irisak edota daliak ere. "Negua gehienbat lurra prestatzeko, atseden hartzeko eta ideia berriak martxan jartzeko izaten da guretzat. Udaberri hasieratik Gabon garaira arte, berriz, lore ugari izaten ditugu, eta ondorioz, lana ere bai", argitu dute.
Halaber, loreez gain, fruta zuhaitzak ere landatu dituzte, "baso jangarria" ere osatu nahi dutelako. Momentuz, mota ezberdinetako haran, sagar zein mahats haziak landatu dituzte, eta ikusi egin beharko dute zer-nolako bilakaera izaten duten horiek. "Gauza berriak probatu nahi ditugu, ikusi ea landare mota bakoitza nola hazten den, ura maite ote duen ala ez, edota haizearekin zer moduz moldatzen den".
Azoka, ezinbestekoa
2020an hasi ziren loreekin lanean, pandemia garai betean. Behin loreak hazita, sortak egiten dituzte, mota ezberdinetako lore, belar eta kimuekin, "naturalak, askotarikoak eta politak" izan daitezen. Begira jarri eta ederren dauden loreekin osatzen dute sorta, eta ondorioz, beti lore ezberdinetakoak egiten dituzte. Horiek sare sozialen bidez edota telefonoz eros daitezke, enkarguz.
Hala ere, azokak dira Arumarrateko lore sorten erakusleiho handiena. Loreak hazi eta berehala hasi ziren Azpeitiko azokara joaten, eta geroxeago Azkoitikora, baina Donostiako, Bilboko zein Zarauzko azoketan ere egoten dira. "Apiriletik Gabon garaira bitartean, egunero egoten gara bateko edo besteko azokan", diote bi lorezainek.
Azokak transmititzen duen gertutasuna eta kalitatea nabarmendu nahi izan dituzte. "Bezeroak ekoizlea aurrez aurre ezagutzea eta produktua nola landuta dagoen jakitea ona da, konfiantza eta segurtasuna ematen duelako". Horiek gabe, gizakia "supermerkatuen eta merkatu kate handien esku" egongo litzatekeela uste dute; horregatik, elikagaiak ere azokan erosteko ohitura dute Hormazak eta Albertek, bertako produktua "maite" dutelako, eta ekoizle txikiei "lagundu beharra" dagoelako.
Beraien negozioari lotuta, hil honetan bertan hasiko dira aurtengo lore sortarik "dotoreenak" hartu eta azoketara joaten. Baina ekintza berri batzuk ere prestatu dituzte datozen asteetarako: "Tailer ezberdinak eskaini ohi ditugu, eta hurrengoa usaimenari loturikoa izango da. Eli Diez lurrinetan adituak naturako usain ezberdinak ezagutzeko saioa eskainiko du, lurrin bat erosteko garaian jada usaimena landuta eduki dezagun". Apirilaren 27an eskainiko dute ikastaroa, Arumarrate baserrian bertan.
Bestelakoan, landaketa berriak eginez basoa sortzen jarraitzeko asmoa dute. Hori bai, lurra errespetatuz eta produktua zainduz.