Merkataritza bonuak eskuragarri egongo dira ostiraletik aurrera

Iraia Oteiza 2024ko api. 9a, 12:15

Ostiraletik aurrera bonuak Internet bidez erosteko aukera egongo da. Apirilaren 19an, berriz, Kontzejupean jarriko dituzte salgai, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean.

Azkoitiko Udalak, Herrixen merkataritza elkartearekin elkarlanean, merkataritza bonuen kanpaina jarri du martxan beste behin. Bonuak ostiralean jarriko dituzte salgai Internet bidez, goizeko 10:00etan, lotura honetan; eta apirilaren 19an, berriz, aurrez aurre erosi ahal izango dira Kontzejupean, goizean 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldean 17:00etatik 19:00etara. Guztira 666 bonu jarriko dituzte salgai: 200 Internet bidez, eta beste 466 aurrez aurre saltzeko gordeko dituzte.

Bonu bakoitzak 30 euroko prezioa izango du, eta 60 euroko balioa izango dute ondoren saltokietan. Bonu bat erosten duenak 10 euroko balioa izango duten sei txartel izango ditu eskura, eta kolore ezberdinetakoak izango dira, trukatu ahal izango diren saltokiak bereizteko. Txartel laranja 5 euroko bi zatitan banatuko da aurtengoan, erabilera erraztearren. Bonuak txarteletan banatzearen arrazoia udalaren laguntza establezimendu edo zerbitzu mota guztietara iristea da, gastuak sektore edo saltoki mota bakar batean kontzentratzea saihestuz eta laguntza ahalik eta negozio gehienetara iritsiz.

Kanpainan 97 saltokik hartuko dute parte, eta horiek identifikatzeko kartelak jarriko dituzte atean. Ekainaren 2ra arte egongo da bonuak dendetan trukatzeko aukera. Txartelak, kolorearen arabera, honako toki hauetan trukatu ahal izango dira:

  • Arrosa: elikadura, harategiak, arrandegiak, fruta dendak eta edari dendak.
  • Laranja: okindegiak, kafetegiak, jatetxeak, tabernak, gozotegiak, gozoki dendak eta baserrietako produktuak (azoka)
  • Berdea: moda, oinetakoak, osagarria, kirol dendak, mertzeria eta bitxiak.
  • Urdina: ile apainketa, estetika, masajea, dentista, podologia, optika, farmazia, parafarmazia, lurrin denda, drogeria eta belar dendak.
  • Morea: zerbitzuen sektorea, inprentak, paper dendak, bidaiak, aholkularitzak, gasolindegia, loradenda, iturginak, beirateria, dekorazioa, burdindegia, etxetresna elektrikoak, estankoak, tindategia, informatika, pentsuak, autoeskola, aseguru etxeak eta argazki dendak.
  • Horia: Orokorra -Establezimendu guztietan erabili ahal izango da-.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide