Floreagan hirugarren igogailua jartzeko milioi bat euro onartu du udalak

Ane Olaizola 2024ko mar. 27a, 09:36

Floreagako hirugarren igogailuaren kokalekua. (Azkoitiko Udala)

1.447.500 euroko kreditu gehigarria onartu du Azkoitiko Udalbatzak martxoko osoko bilkuran, eta horietatik nagusiena Floreagaberrin igogailua egiteko proiektua izango da.

Aurtengo lehen kreditu gehigarria onartu zuen Azkoitiko Udalbatzak atzo egindako martxoko osoko bilkuran. Udal ordezkariek aho batez onartu zuten 1.447.500 euroko kreditu gehigarria, udalak hainbat gastu eta inbertsio egin ditzan. Guztietatik, erakundeak 1.340.000 euro erabiliko ditu bost inbertsiotarako, eta horien artean nagusiena Floreaga auzoan hirugarren igogailua jartzea izango da: milioi bat euro bideratuko dute horretara.

Auzoko irisgarritasuna hobetzeko, aurreikusitako laugarren fasearen exekuzioa gauzatu ahal izango da diru partida horrekin, eta hain zuzen, Floreagaberri eremuan jarriko dute igogailua, auzoko hirugarrena: lehenengoa 2021ean jarri zuten 584.554,63 euroko aurrekontuarekin, eta bigarrena iazko abuztutik dago erabilgarri, 994.235 euro kostatu zen. Guztira, bost fase ditu irisgarritasuna hobetzeko proiektu osoak, eta udalaren asmoa da laugarren faseko lanak "lehenbailehen" lizitaziora atera eta igogailua aurten eraikitzen hastea.

Bestalde, kreditu gehigarrien barruan, mugikortasun plana egiteko 55.000 euroko partida sortu dute, egitasmoa lizitaziora atera eta hura esleitzeko. Horrez gain, Inazio Iriarte kaleko etxebizitza-bloke batean igogailua jartzeko 40.000 euro bideratu ditu udalak, erakundeak han hainbat lokal dituelako. Gipuzkoako Urak eta udalak elkarlanean Floreaga auzoan euri urak eta ur zikinak banatzeko lanekin jarraitzeko, berriz, 145.000 euroko partida sortu dute. Horrez gain, 100.000 euro Alde Zaharra suspertzeko proiektura bideratuko dute.

Gastuen atalean, bestalde, udal artxiboko dokumentuak digitalizatzeko 2.500 euro gehiago bideratuko dituzte, eta memoria historikoa lantzen jarraitzeko proiektuak 4.000 euro gehiago izango du aurten; 6.500 euro, guztira. Horrez gain, 101.500 euro bideratuko dituzte udaletxean argindarra eta berogailuaren gastua doitzera.

"Kostuak bikoiztuta"

Kreditu gehigarriaren alde bozkatu zuten udal ordezkari guztiek, baina Azkoitiko EH Bilduk Floreagaberriko igogailuaren proiektuan jarri zuen arreta. Izan ere, koalizioak azpimarratu zuen "EAJk proiektua bertan behera utzi eta hamar urtera" erabaki dutela hura gauzatzea, eta horren ondorioz, herritarrek "bikoitza" ordaindu beharko dutela orain: "EAJk 2015ean proiektu hori bertan behera uztea erabaki zuenez, bikoiztu egin da udalak igogailua gauzatzera bideratu beharreko diru kopurua. Kudeaketa kaskarraren ondorioz, 500.000 euroko gainkostua izango du proiektuak", adierazi zuen Iraitz Otaño zinegotziak.

Ana Azkoitia alkateak, berriz, erantzun zuen garai hartan Floreagako irisgarritasunari lotutako azterketa egin zela, eta horren ondotik erabaki zutela auzoaren behealdean hasi eta gorantzako bidea kontuan hartzea igogailuak jartzen hasteko. "Modu horretara egitea erabaki zen garai hartan, eta esandakoa betetzen ari gara. Egia da egun gehiago kostatzen dela, baina garai hartan beste igogailuak ez balira egin, beharbada egun egin gabe leudeke".

Horrez gain, PSE-EEren udal ordezkari Janire Igoak Iraurgi Lantzenen Administrazio Kontseiluko, Zubiaurre-Elkargune Institutuaren Kontseiluko eta Antonio Oteiza fundazioko ordezkari izateari utzi zion atzoko bilkuran. Izan ere, datorren apirilaren 21ean izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako hautagaietako bat da Igoa, eta hori ez da bateragarria kargu horiekin. Dena den, Igoak azaldu du Legebiltzarrean hautetsi ateratzen ez bada, berriz eskatuko duela erakunde horietako administrazio kontseiluetako kide izatea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide