Urteotan kirolak zer eman dion galdetuta, "oilo ipurdia" jartzen zaio Andrea Galari (Eibar, Gipuzkoa, 1974). "Hainbeste gustatzen zait kirola... Eta oso txikia nintzenetik, gainera. Gogoratzen naiz, haurra nintzenean, 8 bat urterekin, atletismoan aritzen nintzela. Lasterketak igandeetan izaten genituen, eta amak, batzuetan, ez ninduen esnatzen. Geroago, esnatzen nintzenean, zera galdetzen nion: 'Zergatik ez nauzu esnatu?'. Eta erantzuten zidan: 'Euria ari duelako eta hotza egiten duelako'. Eta korrika batean joaten nintzen ahizparen bila, hark eramateko lasterketara".
Adibide horrekin adierazi du Galak zenbaterainoko garrantzia izan duen eta duen kirolak bere bizitzan. "Ez dakit azaltzen zergatik, baina betidanik ikaragarri gustatzen zait kirola egitea", dio. Eta denetarik probatu duela adierazi du: atletismoan hasi bazen ere, hainbat kirol diziplinatan aritu da; besteak beste, Quebrantahuesos txirrindularitza proba egindakoa da, kulturismoa ere praktikatu zuen bere garaian... Probatzeko zer kirol geratzen zaion galdetuta, pentsatzeko tartea hartu behar izan du. "Egia esan, denetarik egin dut. Uste dut, zerbait probatzeko gelditzen bazait, harri jasotzen hastea faltako litzaidakeela", adierazi du umore puntuarekin.
Txikitatik zekarren kirolerako grina Galak, eta haurtzaroa Elgoibarren eman bazuen ere, Azkoitira ekarri du bizimoduak, eta gaur egun, han jarraitzen du bere grina asetzen. 1997az geroztik Azkoitian bizi da, eta egun, Galacer gimnasioaren arduraduna eta entrenatzaile pertsonala da. Kirol diziplina ugari lantzen ditu saioetan; "yoga ez", baina gainontzeko kirol gehienak praktikatzen dituela dio. Aurrez, baina, leku askotan aritu zen klaseak ematen: Azpeitiko nahiz Elgoibarko kiroldegietan, Zarauzko Antonianon, Donostiako gimnasio batzuetan, Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako gimnasioan ere aritu zen ikastaroak ematen...
Honela gogoratzen ditu hastapenak: "9 urte nituenetik Elgoibarko Egotoki atletismo klubeko kidea izan nintzen. Lasterketa ugaritan parte hartzen nuen, eta garaikur eta domina dezente irabazi nituen. Geroago, Azkoitira etorri aurretik, 18-19 urterekin, atletismoko klaseak ematen hasi nintzen Elgoibarko gaztetxoei, neure kabuz. Ondoren, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasi nituen, kirolari lotutako beste ikastaro batzuk ere egin nituen, eta mundu honetan sartu nintzen. Klaseak ematen hasi nintzen: aerobik saioak, besteak beste". Eta halaxe hasi zen entrenatzaile pertsonal bilakatzeko urratsak egiten. Gaur arte.
Ikuspegi aldaketa
Egindakoa eginda dago, ordea, eta aurrera segitzea beste erremediorik ez da bizitzan. Gaur egun, aurrez egindako "astakeria" horiek ikasketa gisa baliatzen saiatzen da Gala. Urteen poderioz, kirolarekiko izan duen ikuspegia aldatu du, eta gainontzekoei ere begirada hori transmititzen saiatzen da bere jardunaren bidez. "Jendeari lagundu nahi diot kirolaren bidez. Kirola baliagarria izan daiteke hainbat arazori edo patologiari aurre egiteko: inkontinentziei aurre egiteko, pisu handia hartu dutenei laguntzeko, baita zenbait gaitz dituztenei ere...". Dena den, argi du praktikatu behar den kirola pertsona bakoitzarengana egokitu behar dela. "Edonork ezin du edozer egin, bakoitzak berari ondo egokitzen zaizkion praktikak gauzatu behar ditu. Baina, noski, kirola ez da nahikoa, elikadura ere zaindu behar da, baita beste hainbat kontu ere. Dena dago lotuta zaintzaren munduan; denak dauka zerikusia".
Besterik gabe kirola egiteaz harago, esperientziak erakutsi dio "osasuna zaintzea" dela lehentasuna, osasunik ez badago, gainontzeko guztia alferrikakoa delako. "Pertsona bat pixka bat beteago dagoelako, ez du esan nahi argal dagoen beste pertsona batek baino osasun txarragoa duenik. Badago ehuneko ehunean pisua galtzean indarra jartzen duen jendea, eta analisi bat egin behar da, horretarako faktore asko egon daitezkeelako. Garrantzitsuena osasuna da; horrekin gelditu behar dugu. Bizi ohitura osasuntsuak izatea da inportanteena, bizpahiru egunetan norberari ondo joaten zaion kirola eginda, eta elikadura osasuntsua eta orekatua izanda". Euskal Herrian herritarrek elikagai osasuntsuak izateko "zortea" dutela aipatu du, eta hori "pribilegio" bat dela eta aprobetxatu egin behar dela.
Elikaduraren gaiari heltzean, gizartean nabaritu dituen joera batzuekiko kritiko agertu da Gala. "Kirola egiten badugu, ez ditugu behar proteina gehigarriak eta antzeko substantziak. Ikaragarria da horri lotuta ikusten dena. Gorputzean egunero nahikoa elikagai sartuz gero –proteinak, karbohidratoak, barazkiak...–, ondo elikatuta egonez gero, kirola eginda ere, ez ditugu behar horrelako ordezkatzaileak. Jendeak erraz hartu ohi ditu halakoak, eta, agian, ez zaizkio komeni. Ondo aztertu behar dira gauzak, ezin da arinkeriaz ibili horrelako kontuekin, eta hori da gaur egungo gizartean ikusten dena". Halako produktuen "alde ez" dagoela nabarmendu du, eta bere esperientzia kontatu du hori argudiatzeko. "Bere garaian probatu nituen horrelakoak, kulturismoko lehia batera joaten nintzelako. Kulturismoa praktikatzeaz gain, bestelako klase asko ematen nituen garai hartan, eta askotan ez nintzen gai izaten saioak emateko. Hain nekatuta egoten nintzen... Agian, arroz pixka bat eta sagar bat janda egoten nintzen, gorputza lehortzeko. Pertsona normal batek ezin du hori egin, ni ez nintzen ondo sentitzen. Eta utzi egin nuen kulturismoa, baita produktu gehigarri horiek hartzea ere". Guztira, hiru bat urte eman zituen kulturismoa praktikatzen. Serio hitz egin du: "Ona ez zela konturatu nintzen. Pentsatu nuen: 'Zertarako egiten dut hau?'".
Denborarekin, konturatu da norbera "ondo sentitzea" dela lehentasuna. Nola transmititu, baina, ikuspegi aldaketa hori gainontzekoei, kirolari eta norbere itxurari sekulako garrantzia ematen dion gizarte honetan? Hain zuzen ere, berak egindako astakeria horiek ez egitea gomendatu die herritarrei: "Gauzak modu intentsoan egin daitezke, baina beste modu batera, norbere ezaugarrietara egokitutako praktikak aukeratuta". Oraintxe kirola egiten hastear direnei ere zuzendu zaie: "Gorputza ez da eraikitzen uda aurreko hiru hilabeteetan, prozesu bat da, eta konstantzia behar da. Beraz, has daitezela pixkanaka".
Kirolak, modu egokian praktikatuz gero, onura ugari izan ditzakeela gauza jakina da, eta horretan ere jarri nahi izan du arreta Galak. Gauza guztien moduan, neurria hartzea da, baina, gakoa. Berak argi du "sekula" ez diola utziko kirolari egiteari eta ez daukala "jubilatzeko batere gogorik", baina aurrerantzean, ez duela lehen bezala, itsu-itsuan, praktikatuko ariketa fisikoa. "Lehen nire amari esaten zioten obsesionatuta nengoela. Orain ez dut hainbeste kirol praktikatzen, lehentasunak aldatu ditut, eta lasaiago hartzen dut kontua".
Motzean:
- Adina: 49 urte.
- Ikasketak: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak, entrenatzaile pertsonalaren ikastaroa eta kirolari lotutako beste hainbat ikastaro egina da.
- Lanbidea: Entrenatzaile pertsonala.
- Entrenatzaile pertsonala izango ez banintz… Kalitate ikuskatzailea.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… gauza asko egitea litzaidake, baina orain ama naiz, eta alabarekin ematen dut denbora gehiena. Horretaz aparte, 24 orduz gimnasioarekin pentsatzen egoten naiz.