Sekula jarri al zarete pentsatzen nolakoa litzatekeen bizitza, eta nolakoa mundua, musikarik ez balitz? Goizean, esnatzeko, melodiarik gabeko zarata lehor bezain amorragarria iratzargailuak. Zuzenean dutxara, eta han, zeure pentsamenduak giroko soinu. Gosaltzeko eseri, irratia piztu munduan zer berri den jakite aldera, eta esatari jaun edo andrea dotore, baina ahotsik ederrena ere, ari eta ari, monotono zaizu hamar minuturako. Lanera bidean, autoan, ezta irratirik piztu ere. Total, zertarako? Lantokian, ahaztu bulegoaren beste puntako lankideak baxu baina denok entzuteko moduan jartzen duen playlistaz, eta noski, ahaztu aparteko umore onez etorri den lankidea haiek ahopean kantatzen sumatzeaz. Hamaiketan kafea hartzera jaitsi, eta altu samar hizketan ari diren bi gizasemeren elkarrizketa sutsua tabernako sintonia bakar. Arratsalde erdian bandakoen lokaletik bulegoraino iristen diren doinuak falta, eta bulegoko atearen bestaldean, baina zugandik bi metrora, atzo gauean kanta berri baterako bururatu zitzaion ideiaren inguruko azalpenik gehiago ez dio emango goiko solairuan entseatzen hasi berri den taldeko kide batek besteari. Etxera joan, eta etxeko lanak bai franko, baina nola motibatu haiek egiteko? Kanta bat entzun eta orain dela hamar edo hogei urteko oroitzapenak kolpean burura etortzea akabo, orain oroitzapen liratekeen une haiek sekula ez zirelako izango. Eta atzera begira jarrita, orain arte egindako bidean ia dena desberdin. Taberna eta diskoteka zulo mordo bat ezagutzeko aukera galduta, dantzan igarotako milaka orduak ezabatuta, ehunka larunbat gau parrandan beharrean beste moduren batera pasatuta, asteburuetako irteera eta oporraldi bat baino gehiagoren jomuga aldatuta, eta ezagunak eta lagunak auskalo zenbat gutxiago.
Egunonak emateko mezuarekin batera abesti baten lotura jasotzea bezain opari politak, gutxi
Baldintza neurologiko jakin batengatik, ba omen da musikarekin gozatzeko gaitasunik ez duen jendea; herritarren %3 eta %5 artean irakurri dut Interneten topatutako artikulu batean. Musikarekiko interes handirik ez dutenak ezagutu ditut, baina nik dakidala gaur artean ez dut ezagutu baldintza neurologiko hori duen inor; kontrakoak, bai. Musikazale sutsuak asko, baina baita sutsutasuna motz uzten duten hiru edo lau ere; musika behar zutenak eta dutenak jatea zein lo egitea bezainbeste, behin baino gehiagotan musika entzuten edota egiten ari zirelako jateaz eta lo egiteaz ere ahazteko puntura arte. Batzuk, zorionez, alboan ditut; besteren batzuk nigan bizi dira, baina oraindik ozen asko entzuten ditut haien doinuak, denborak edota ahanzturak inoiz isilaraziko dituen beldurrik gabe. Horiei denei, eskerrik asko nire bizitzari musika jartzeagatik, egunerokoa goxatzeagatik, eta egunero kantu berriren bat deskubritzeko bidea errazteagatik. Egunonak emateko mezuarekin batera abesti baten lotura jasotzea bezain opari politak, gutxi.