Ligako partida bana jokatu dute asteburuan Anaitasuna futbol klubeko talde nagusiek. Emakumeek aise garaitu zuten larunbatean Oiartzun taldea, 5-1 irabazi baitzuten etxean jokatutako neurketa; gizonek, aldiz, ezin izan zuten San Ignacio taldea gainditu atzoko partidan, eta 0-1 galdu zuten etxean.
Emakumeen partida indarrez hasi zuten azkoitiarrek, eta aukera ugari izan zituzten. 27. minutuan iritsi zen gorrixen lehen gola, kontraerasoan bakarrik gelditu zen Aretha atezainaren aurrean, eta baloia sarera sartzea lortu zuen. 34. minutuan iritsi zen Anaitasunaren bigarrena, Junek urruneko jaurtiketa batetik sartua. Bigarren zatia hasi eta berehala sartu zuen Oiartzunek bere gola, penaltitik. Hala ere, gorrixek lanean jarraitu zuten eta Libe kapitainak penaltitik sartu zuen taldearen hirugarren gola, 66. minutuan. Handik lau minutura, Arettek area barruan izandako nahasmen une bat baliatu zuen Anaitasunaren laugarren gola sartzeko. Partida amaitzerako, Arrik bosgarren gola sartzea lortu zuen, 89. minutuan. Garaipen nabarmenarekin lortu zituzten Anaitasunako emakumeek hiru puntuak etxean.
Gizonek, bestalde, Gasteizko San Igancio taldea izan zuten aurkari atzo arratsaldean Txerloian. Bi taldeek aukera bat baino gehiago izan bazituzten ere, atsedenaldira golik sartu gabe iritsi ziren. Hain zuzen, atsedenaldian egin zuten Korrika Txikia haurrek eta gaztetxoek, eta amaieran, lekukoaren barruko mezua irakurri zuten AEK-ko kideek. Bigarren zatian, egoera okertu zitzaien gorrixei, gasteiztarrek baloia sareratzea lortu baitzuten 56. minutuan. Azkoitiarrek ez zuten berdintzerik lortu eta neurketa 0-1 galdu zuten.