'Indusen ibaibideak' erakusketak zabalduko du M8aren bueltako egitaraua

Iraia Oteiza 2024ko ots. 29a, 17:00

(Azkoitiko Udala)

Igone Mariezkurrenaren 'Indusen ibaibideak' erakusketa bihartik martxoaren 17ra bitartean egongo da ikusgai, Portaleburu erakusketa aretoan. Horretaz gain, Jon Artanok 'Juana' liburua aurkeztuko du martxoaren 5ean; eta martxoaren 8rako, askotariko ekintzak antolatu ditu udalak.

Azkoitiko Udaleko Berdintasun sailak M8 Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan egitarau zabala antolatu du. Izan zirelako gara, garelako izango dira leloa aukeratu du udalak berdintasunaren alde borrokan aritu diren emakumeak gogora ekarri, horien lana aitortu, eta aurrera begira generoari lotutako bidegabekeriak desagertzeko lanean jarritu ahal izateko.

Hilabete berriarekin batera hasiko dira M8aren bueltan udalak antolatu dituen ekintzak, Igone Mariezkurrenaren Indusen ibaibideak erakusketaren irekierarekin. Himalaya mendikateko Indus  ibaibideak ardatz hartuta, berotze globalaren eta hondamendi naturalen ondorioz sortzen diren pobrezia, indarkeria eta eskubideen galera agerian utziko ditu erakusketak, zazpi istorio edo errealitate gordin aurkeztuz. Egilearen arabera, "genero, erlijio, etnia edota migrazio-politikekin lotutako bortxa multidimentsionalak geruzaz geruza hausnartzeko proposamena da". Mariezkurrenaren lanak Portaleburu erakusketa aretoan egongo dira ikusgai bihartik martxoaren 17ra bitartean, eta artistak lanen inguruko bisita gidatua eskainiko du martxoaren 7an.

Martxoaren 5ean, berriz, Jon Artano kazetariak Juana liburua aurkeztuko du 18:30ean, Elkargunean. Euskal jatorria zuen Juana Perea Platari eta haren familiari gertatuak idatzi ditu Artanok liburuan. Gizon armatu batzuek erail zuten Perea 2020an, Kolonbian. Idazlearen arabera, “1937an Bilbotik ihesi Bogotara iritsitako euskal familia batean jaiotako ardi beltza zen Juana, legendazko emakume bat".

Emakumeen Nazioarteko Egunean, aldiz, martxoaren 8an, 11:30etik 12:00etara bitartean, ikasleak herriko plazan elkartuko dira euren aldarrikapenak egiteko. Arratsaldean, berriz, hainbat jarduera egingo dituzte Gazteria zerbitzuak eta Kale Heziketa programak sustatuta. 17:30ean, motxila moreak banatuko dituzte, eta 19:00etan Baztartxo Antzokian Baginaren Bakarrizketak saioa aurkeztuko dute. Saio hori adin, arraza, maila kultural eta sozial ezberdinetako 200 emakumeei egindako elkarrizketen emaitza da. Obrak “eztabaida piztu, moldeak apurtu, dinamikak sortu eta, lotsarik gabe, argi eta garbi azaltzen du emakumeen sexualitatea”.

Egitarauaz gain, aste honetako udaleko ohiko bilkuran M8ari lotutako adierazpen instituzionala onartu dute (EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztutako testuaren aurka bozkatu du Azkoitia Bai taldeak, eta EH Bildu abstenitu egin da). Mugimendu feministaren borroka kolektiboari egiten dio azpimarra dokumentu horrek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide