Urteko Araudi Plana onartu du Azkoitiko Udalbatzak

Ane Olaizola 2024ko mar. 1a, 09:00

Udalak zer ordenantza sortzea edo eguneratzea aurreikusten duen jasotzen du planak, eta aho batez onartu du udalbatzak. Besteak beste, hileta zibilak egiteko araudia, lankidetza guneak erabiltzeko araudia edota udalarenak diren bide edo baso pisten erabilera berezien araudia egiteko asmoa du udalak.

Aurtengo urteari dagokion Araudi Plana onartu zuen Azkoitiko Udalbatzak asteazkenean, otsaileko ohiko osoko bilkuran. Abendura bitartean, udalak zer ordenantza sortzea edo eguneratzea aurreikusten duen jasotzen du Araudi Planak, edozein ordenantza egiterako edo aldatzerako, araudiak dokumentu horretan jasota egon behar duelako. "Planifikazioa da, baina araudiak jartzeak ez du esan nahi egitera derrigortuta gaudenik", azaldu zuen Azkoitiko alkate Ana Azkoitiak.

Hileta zibilak egiteko araudia, lankidetza edo coworking guneak erabiltzeko araudia edota udalarenak diren bide edo baso pisten erabilera berezien araudia dira udalak egin nahi dituen ordenantzetako batzuk. Azken horri dagokionez, Azkoitiak azaldu zuen ordenantza egin baino lehen, udalak jakin behar duela zein bide eta pista diren bereak eta zein ez. Hori egin ahal izateko azken lizitazioa hutsik geratu zen, eta orain, "lehenbailehen" berriz lehiaketara ateratzea dute helburu.

Horrez gain, Udaltzaingoaren sailean, mugikortasunari buruzko ordenantza egingo dute, aparkamenduei zein zirkulazioari dagokiena, besteak beste. Azkoitiak, ildo horretan, gogoratu zuen Alde Zaharrera sartzeko eta handik irteteko ere kamera sistema ezarriko dutela, egun horretarako dauden piboteak kenduta.

Eguneratu edo aldatu nahi dituzten ordenantzen artean, berriz, honakoak daude: azokaren erabileraren ordenantza, larrialdiko laguntza teknikoa, hirigune historikoko birgaitzeko plan berezia eta desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze txartela arautzen duena. "Mendekotasuna eta ezgaitasuna duten pertsonek erabil dezakete txartela, baina ikusten ari gara erabilera desegoki batzuk badaudela, eta aldaketa bat egin behar dela ikusten dugu", azaldu zuen alkateak.

Horrez gain, bide publikoetan terrazak jartzeko ordenantza aldatzea ere aurreikusten du udalak, hura eguneratu beharra dagoela iritzita: "COVID-19 garaian terrazak oso estimatuak izan ziren, baina ordenantza hori oso zaharkituta geratu da". 

Aho batez onartu zuen udalak 2024ko Araudi Plana, eta Azkoitia Bai plataformak bideen edo baso pisten erabilera berezien araudia gauzatzean egin zuen bereziki azpimarra: "Udalerri honetan ez dago udalarenak diren bide edo baso pisten ordenantza erregulatzailerik, eta horren ondorioz, oso zaila gertatzen da erabilera desegokia egin duena eragindako kalteak konpontzera behartzea edota bere kasuan, egindako ez-betetzeen ondorioz, zehatzea. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da era honetako ordenantza bat onartzea", esan zuen Jose Joakin Etxaniz zinegotziak.

Mozioen eztabaida

Araudi Planak ez bezala, eztabaida handiagoa sortu zituzten bilkurako gai zerrendan zeuden mozioek eta udal adierazpenak: lehendabizi, pentsioei buruko mozio bana aurkeztu zuten EH Bilduk batetik, EAJk eta PSE-EEk, bestetik. Ez batak ez besteak ez zuen aurrera egin, talde bakoitzak bere mozioaren alde egin zuelako eta Azkoitia Baik biei ezetz bozkatu zielako. Horrez gain, Eudelek Martxoaren 8ari lotuta egindako adierazpen instituzionala onartu zuen udalak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen elkarteak mozio hori aho batez onartu ez duela eta, EH Bildu abstenitu egin zen.

Azkoitia Bai abstenitu egin zen mozio horretan, eta taldeak mozioen eta adierazpenen gainean duen ikuspegia azaldu zuen Etxanizek. Haren arabera, batzordeetan lantzen dituzten mozioak ez dira "eraginkorrak", ondoren "kaxoian sartuta" geratzen direlako horiek. Ez ziren bat etorri gainontzeko udal taldeak, eta EH Bilduk eta EAJk "arduragabekeriatzat" eta "utzikeria politikotzat" jo zuten Azkoitia Bairen jarrera. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide