Azkoitiko Udalak eta Herrixen merkatari elkarteak bonuen kanpaina jarriko dute martxan beste urte batez, eta han parte hartu nahi duten saltokiek eta establezimenduek martxoaren 19ra bitartean zabaldik dute emateko epea, udaletxean, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan. Eskaera orria www.azkoitia.eus atarian jaitsi daiteke, diru laguntzen atalean. Ondoren, harreran entregatu beharko dute, edo erregistro digitalaren bidez tramitatu. Txikizkako merkataritzako eta ostalaritzako establezimendu guztiek parte hartu ahal izango dute, baita zerbitzuen sektoreak ere.
Herritarrek apirilaren 12an online eta 19an aurrez aurre eskuratu ahal izango dituzte bonuak. Presentzialki eskuratu nahi dutenek Kontzejupean izango dute bonuak erosteko aukera, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean.
Guztira, 666 bonu jarriko dira salgai; 200 Interneten, eta gainontzeko 466ak aurrez aurre. Ohi bezala, herritarrek %50eko deskontua izango dute txartelak erabiltzerakoan: hau da, bonu bakoitzak 30 euro balioko du, eta 60 euroko balioa izango du. Ekainaren 2ra arte gastatu ahal izango dira bonuak.
Bonu bakoitzak 10 euroko balioa duen sei txartel izango ditu, koloreka banatuta, trukatu ahal izango diren establezimenduak bereizteko. "Bonuak txarteletan banatzearen arrazoia da udalaren laguntza establezimendu edo zerbitzu mota guztietara iristea, gastuak sektore edo saltoki mota bakar batean kontzentratzea saihestuz eta laguntza ahalik eta txikizkako negozio gehienetara iristea ahalbidetuz", azaldu du udalak. Aurten, gainera, berrikuntza bat izango du txartel laranjak: 5 euroko bi zatitan banatuko egongo da, "erabilera erraztearren".
Txartelak, kolorearen arabera, honako toki hauetan trukatu ahal izango dira:
- Arrosa: elikadura, harategiak, arrandegiak, fruta-dendak eta edari-dendak.
- Laranja: okindegiak, kafetegiak, jatetxeak, tabernak, gozotegiak, gozoki dendak eta baserrietako produktuak (azoka).
- Berdea: moda, oinetakoak, osagarria, kirol dendak, mertzeria eta bitxiak.
- Urdina: ile-apainketa, estetika, masajea, dentista, podologia, optika, farmazia, parafarmazia, lurrin-denda, drogeria eta belar-dendak.
- Morea: zerbitzuen sektorea, inprentak, paper-dendak, bidaiak, aholkularitzak, gasolindegia, loradenda, iturginak, beirateria, dekorazioa, burdindegia, etxetresna elektrikoak, estankoak, tindategia, informatika, pentsuak, autoeskola, aseguru-etxeak eta argazki-dendak.
- Horia: orokorra - establezimendu guztietan erabili ahal izango da.