Doi, sormenari beste leiho bat

Aitziber Arzallus 2024ko ots. 15a, 09:45

Jonathan Escapa Dinamoa sormen gunean lanean. (Kulturaz)

Dinamoaren ingurumarian garatutako proiektuak erakusteko Doi erakusketa programa jarri du abian Kulturaz kultur kooperatibak. Jonathan Escapa azkoitiarrarena izango da lehena.

Sormena babesteko eta sortzaileen lana ikustera emateko ahaleginean, Azpeitiko Kulturaz kooperatibak Doi erakusketa programa jarri du abian. "Gure jardunetik eta gure lan egiteko modutik gertu sentitzen ditugun artistak hautatu eta euren lana erakusteko babesa eskaini asmoz jaio da egitasmoa, azken urteotan Azpeitian, eta batez ere Dinamoaren ingurumarian hazten joan den jendeak bere lana modu egokian erakusteko aukera izan dezan", azaldu dute kultur kooperatibaren arduradunek.

Dinamoan egindako hainbat eratako egonaldietan sortzaileek garatzen dituzten proiektuen emaitzak herritarrei erakutsita, "sormen jardunaren zirkulua ixtea eta komunitatea elikatzen jarraitzea" da kontua. "Komunitatea diogunean, uhin kontzentrikoetan hedatzen den jende taldea dugu gogoan, eta bada gure gogoa sormenari ikusgarritasun handiagoa ematea, herritarrek eta nahi duen orok beste gauza batzuk ikusteko aukera izatea, sormen lanarekin beste era bateko harremana ahalbidetzea, eta bide batez Dinamoa sormen guneko jarduna ezagutzera ematea".

Horiek horrela, Doi proiektuaren baitan, Dinamoko egonaldietan sortutakoekin erakusketak egiten hasiko dira herriko bi gunetan, Foru Ibilbideko erakusketa aretoan eta Sangustin kulturgunean, eta horietako aurrena bihar bertan zabalduko du Jonathan Escapa azkoitiarrak.

Escapak Azpeitiko Udalaren sorkuntza beka jaso zuen 2022an, eta Dinamoa sormen gunean egin zuen habia lanerako. Kulturaz kooperatibako kideen esanetan, orduak eta orduak sartu ditu han. "Etxeko egin zaigu, baina ez dugu etxekotu, ez dugu domestikatu nahi izan. Nahita ere ez genuen lortuko".

JAI Jardun Artistikoentzako Institutuan ibili eta gero, 2023ko udazkenean sormen egonaldia egin zuen Azpeitiko sormen gunean. "Ikusi genuen bere lana aldatzen ari zela; mantentzen zituela ezaugarri batzuk, bazeukala edertasunari neurria hartu nahi bat, baina aldi berean zabaltzen eta aberasten ari zela bere lan egiteko modua. Hazten ari zela iritzi genion, lorategi bat hazten den bezala, espanturik gabe", azaldu dute Kulturazeko kideek.

Lorategiez eta maitasunaz

Lorategiei buruzko liburuez hitz egin dute elkarrekin, Derek Jarman, Gilles Clement eta azkoitiarrak aintzat hartzen dituen artistei buruz, musikako erreferentziez, arropaz eta beste hainbat kontuz. "Ia dena egiten zaio bere lanean era batera edo bestera sartzeko modukoa: mundua iragazi eta onena hartuko balu bezala da".

Literaturaz ere asko mintzatu dira, eta hain justu, Joseph Brodskyren aipu bat hautatu du azkoitiarrak bihar zabalduko duen Final Fantasy Love erakusketako testuaren abiaburu: "Gure ondoren, gure lekuan antzeko gauzaren bat azalduko da, ezagutu gaituztenei izua eragingo diena. Nahiz eta ez diren asko izango oroitzen gaituztenak. […] Lorategi bat dago hemen haientzat; bai, lorategi bat".

Escaparenak berarenak dira, berriz, honako hitzak: "Odola bultzatzen duen maitasuna, basatia eta legerik gabea. Bizitza bor-bor barruan, hantura moduan. Izurren igurtziak erdi lo dagoen azala esnatzen du. Oihaneko txara itxiak azpian harrapatu ditu gorputzak, babes mintza bailitzan. Arima horien magia, mugak hausten, edertasunaren neurriak asmatzen berriz. Zelai zabal baten gisan hedatzen da, udaberri lore bizi-biziz betea. Gainezka eginez. Hain daude ohituta utzitako lorategietan bizitzen, nor sentitzea miraria baita". Horixe baita artistaren nahia: "Besteek utzitako lorategian bizi baino, nork berea aldatu, norbera sentitu, nor izan".

Escaparen lorategia bi lekutan egongo da ikusgai, Foru Ibilbideko aretoan eta Sanagustinen, bihar 18:00etatik martxoaren 3ra arte –egun hori barne–, honako ordutegian: astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide