Buruzai eztabaidagai, udaleko alderdien eta Oletan ere Ez! taldearen artean

Ane Olaizola 2024ko ots. 1a, 15:03

Oletan ere Ez!-eko kide bat, atzo, udalbatzarrean hitz egiten. (Ane Olaizola)

Oletan ere Ez! taldeak egindako galderari erantzunez, Azkoitiko Udal Gobernuak eta udal taldeek Buruzai zentral eolikoari buruz duten jarrera azaldu zuten atzo, urtarrileko udalbatzarrean. Ana Azkoitia alkateak azaldu zuen Green Capital enpresak aurkeztu duen proiektuak hainbat udal araurekin talka egiten duela, eta "gabeziak" ere identifikatu dituzte enpresak egin dituen azterketetan.

Buruzai zentral eolikoaren aurreproiektuari alegazioak aurkezteko azken egunean egokitu zen urtarrileko Azkoitiko Udalaren ohiko bilkura, atzo, eta gaiak zeresana eman zuen udal taldeen zein han bildutako hainbat herritarren artean. Izan ere, Oletan ere Ez!-ek proiektu eolikoaren inguruan idatzia aurkeztu zuen, eta galdera zehatza helarazi zien udal taldeei: "Zein dira udalbatzar honek Buruzai proiektuaren aurrean hartuko dituen erabakiak eta neurriak?". Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiak interpelatuz, aurrenekoz talde guztiek plazaratu zuten beren ikuspegia Green Capitalen proiektuaren inguruan.

Azkoitiko, Azpeitiko, Ezkio-Itsasoko eta Zumarragako udalek Buruzairi hemeretzi alegazio aurkeztu dizkiotela jakinarazi berritan, Ana Azkoitia alkateak Udal Gobernuak proiektuari buruz duen jarrera azaldu zuen. Hark adierazi zuen udalaren "ardura" ez dela "proiektuaren aurka edo alde" al dauden azaltzea, baizik eta proiektua "aztertzea" dagokiola erakundeari. Hain zuzen, horretarako unea "orain" izan dela azpimarratu zuen hark, enpresaren aurreproiektua esku artean izan dutenean, hain zuzen ere: "Duela urtebete proiektuaren inguruko zerbait esateak ez zuen zentzurik, ez zegoelako proiekturik. Enpresak zuen asmoa zen orain arte genuen informazioa, enpresak azaleko proiektu bat erakusten baitzuen gurekin biltzen zenean".

Udal Gobernua energia berriztagarrien alde dagoela adierazi zuen alkateak, baina zentral eolikoen "aurka" egon gabe, Buruzairen gisako proiektuek "akats teknikorik eta juridikorik ez" dutela izan behar nabarmendu zuen. "Proiektuak juridikoki eta teknikoki gure arauekin bat egiten badu, beste argumenturik ez dugu". Aitzitik, Green Capital enpresak aurkeztu duen proiektuak hainbat udal araurekin talka egiten duela azaldu zuen Azkoitiak, eta "gabeziak" ere identifikatu dituzte enpresak egin dituen azterketetan: "Haize neurketak egin gabe daude, eta azterketak egin gabe, aurreikuspenetan oinarritu dira", jarri zuen adibidetzat.

Ildo horietan aurkeztu dituzte lau udalek alegazioak: haien arabera, sustatzaileak ez du aurkeztu ez 115/2002 dekretuak eskatzen duen proiekturik –aurreproiektua bakarrik aurkeztu du– ez eta tokian bertan egindako haize-neurketekin osatutako justifikazio teknikorik ere; aurkeztutako ingurumen inpaktuaren azterketak ez ditu betetzen ingurumen ebaluazioa egiteko irismen dokumentuan eskatzen diren gutxieneko edukiak; eta natura zein kultura ondarea babesteari dagokionez, "inkongruentzia eta bateraezintasun ugari" ditu. "Gabezia" horiek aintzat hartuta, Azkoitiaren iritziz, enpresak aurkeztu duen proiektua bere horretan ezin da gauzatu. 

Era berean, alkateak azaldu zuen Oletan ere Ez! taldeak aurkeztu dituen herri alegazioetan adierazten dena, udalen alegazioetan ere "teknikoki jasota" dagoela, erakundeei alegazioak prestatu dizkieten enpresen arabera.

Lau udalek alegazioak aurkezteko egin duten bidea ere izan zuen hizpide alkateak. Haren arabera, lau herrietako alkateak lautan elkartu dira, eta Azkoitiak azpimarratu zuen "gaiak duen garrantziari balioa eman" diotela. "Lau herri eta lau alderdi desberdinetako alkateak elkartu gara, baina oso sintonia ona egon da". 

EH Bildu: "Eredu espekulatzailea" jomugan

Asier Altuna EH Bilduren bozeramaileak ere azaldu zuen koalizioak lau udalek elkarrekin alegazioak aurkeztearen aldeko autua egin duela, alegazio bateratua aurkezteak "balio politiko handia" ematen dielako alegazioei, eta "mezu garbia" bidaltzen diolako proiektua gauzatu nahi duen enpresari: "Proiektuak zalantza gehiago eragiten digu ziurtasuna baino", esan zuen Altunak. Haren arabera, alegazioak egiteko udalek kontratatu dituzten kabinete juridikoek "alegazio zorrotzak eta pisu handikoak" egin dituzte, eta zentzu horretan, baikor azaldu zen zinegotzia: "Ziur gaude alegazio eraginkorrak izango direla. Bide luzea izango da, baina urrats sendoa eman dugu".

Buruzairen aurka "behin baino gehiagotan" agertu direla ere azpimarratu zuen Altunak, Capital Energyren "eredu espekulatzailea" erdigunean jarrita: "Ez dugu batere egokia ikusten kontrolik gabeko horrelako ereduek gure herrietan erabaki zein onurarik gabeko proiektu espekulatzaileak jartzea. Enpresaren txostenean, hark izango dituen irabaziak 90 milioi eurokoak izango direla aurreikusten da. Gure iritziz, Buruzaik ez du zentzurik, ez ikuspegi ekonomiko eta sozialetik, ezta ondareari eta biodibertsitateari dagokienez ere". Alabaina, haren arabera, beharrezkoa izango da datozen urteetan "hausnarketa kolektiboa" egitea, energia berriztagarriak nola gauzatu behar diren zehaztu ahal izateko.

Azkoitia Bai: "Baliabide guztiak" proiektuaren aurka

Azkoitia Baiko Jose Joakin Etxanizek ere beste behin azaldu zuen ez duela babestuko Buruzai proiektua, mendiak "zeharo eraldatu aurretik" badaudelako "aztertu beharreko beste hainbat eremu", eta ez delako proiektu hori "herriak aukeratu" duena. "Energia burujabetza darabilkigu denon ahotan, baina enpresa pribatu erraldoiek nekez ziurtatuko digute hori. Energia burujabetza nahi badugu, denok jarri beharko dugu geure alea, guztiok zerbait sakrifikatzeko borondatea erakutsi beharko dugu, elkarlana funtsezkoa izango da", azaldu zuen.

Eguzki energia, energia hidrologikoa, haize errotek sortutako energia, aerotermia eta geotermia aipatu zituen Etxanizek Azkoitia Bai "energia berriztagarrien alde" dagoela azaldu eta adibideak jartzeko asmoz, baina "mendien alde" ere badaudela berretsi zuen hark. Gainera, "proiektua gelditzeko" bere esku dauden "baliabide eta indar guztiak" erabiliko dituela ere esan zuen Etxanizek.

PSE-EE: "Informazioa, erabakiak hartzeko"

Bestalde, Azkoitiko PSE-EE taldearen "ardura nagusia" da Buruzai bezalako azpiegitura batek "eskualdeko ingurumenean eta naturan ahalik eta eragin txikiena" eragitea, Janire Igoa zinegotziak adierazi zuenez. Horregatik, enpresak eta udalak egiten dituzten "urrats guztien gaineko informazioa" edukitzea eskatu zuen hark, ingurunean ahalik eta "inpakturik txikiena" izan dezan proiektuak.

Hain zuzen, PSE-EEk "gardentasuna eta segurtasuna" eskatu ditu prozesu osoan, eta erabakiak hartzeko "informazio guztia" edukitzea ezinbestekotzat jo zuen Igoak. Ordea, haren arabera, Buruzai proiektuaren inguruan oraindik ez dago "behin-behineko ezer". Bestalde, lau udalek alegazio bateratuak aurkeztu izana goraipatu zituen zinegotziak, zuzenena hori dela iritzita. 

Klase politikoa, "herritarrak nahasten"

Udal taldeek ez ezik, idatzia aurkeztu zuten Oletan ere Ez! taldeko kideek ere beren iritzia emateko aukera izan zuten, eta hainbatek hartu zuten hitza; aferan "berandu" ibili izana egotzi zioten batzuek udalari, eta herritarrak ez direla "kontuan hartu" ere salatu zuten. Beste herritar batek, berriz, "isilik" egotea eta "herritarrak nahasten" ibiltzea egotzi zion klase politikoari: "Jendeari esaten ari zaio energia berriztagarrien eta klima aldaketaren irtenbidea hau izango dela, baina hau negozio bat da, interes ekonomiko batzuei erantzuten die, eta horretarako, beraien bitarteko guztiak ari dira erabiltzen". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide