Gailurrera bidean

Aitziber Arzallus 2024ko urt. 29a, 11:27

Imanol LarraƱaga, Izarraizko Mendi Lasterketan, 2018an.

Batere espero gabe, Donostiako maratoian hirugarren egin eta Gipuzkoako eta Euskadiko maratoi txapelketak irabazi ditu Imanol Larrañagak. 43 urte betetzear dela, inoizko sasoirik onenean dagoela aitortu du, eta gorputzak laguntzen dion artean, gozatzen jarraitu nahi duela.

Imanol Larrañaga Bitturik (Azkoitia, 1981) honezkero galdua du etxean gordeta dituen dominen, txapelen eta garaikurren kontua. Azkoitiko Herri Lasterketa, San Martingo mendi lasterketa, Mutrikuko Arnokoa, Zestoako Kobaz Koba Trail, Zarauzko Mahasti Krosa, Usurbilgo Uxue Trail, Ikaztegietako Herri Krosa, Bergarako San Silbestre Trail, Beasaingo Arriaran eta Garin auzoetako mendi lasterketak... Horiek denak irabazitakoa da Gipuzkoatik irten ere egin gabe; baina ez dira horiek irabazi dituen denak, ezta gutxiagorik ere. Luze joko luke azken hamar urteotan korrikalari azkoitiarrak pilatu dituen garaipen guztiak banan-banan zerrendatzeak; zer esanik ez podiumeko bigarren koskara eta hirugarrengora igota bukatu duen aldi guztiak gogora ekartzeak; eta egin dituen lasterketa denak izendatzera, akabo. Izan ere, non ez du parte hartu azkoitiarrak? Zegama-Aizkorri, Behobia-Donostia, Azkoitia- Azpeitia edota Domusa Teknik 40 MLK lasterketen tamainako izena dutenetan bai, eta askoz entzute txikiagoko probetan ere bai. Kontua korrika egitea bada, edozein aitzakiak balio dio azkoitiarrari; eta dabilen tokian zarata handirik aterako ez duen arren, arrastoa utzita bueltatu ohi da etxera.

Halaxe egin zuen joan den azaroaren 26an ere, Donostiako Zurich Maratoiaren 45. edizioan. Maratoi distantziako proban –42 kilometro– parte hartu zuten mundu guztiko 3.200 korrikalariren artean, hirugarren azkarrena izan zen Larrañaga. Bi atleta kenyar helmugaratu ziren aurrenak, Benson Tunyo eta Geoffrey Yego, eta haien atzetik sartu zen azkoitiarra, irabazlearengandik zazpi minutu eta segundo batera, 2.19.16 denbora eginda. Horri esker, Gipuzkoako eta Euskadiko maratoi txapeldun titulua bereganatu du Larrañagak, eta nola ez, lorpenarekin "oso gustura" dago: "Egia esan, ez nuen planteatu ere egiten hirugarren egitea, ametsik onenean ere ez zen sartzen hori, eta, gainera, espero baino denbora hobea egin nuen".

Zarauzko Mahasti Krosa, iazko martxoan.

Bere buruari duela bi urte Sevillako (Espainia) maratoian egindako lana hobetzeko erronka jarrita joan zen Donostiara. "Sevillako hartan ez nuen egunik onena izan. Bi aldiz gelditu behar izan nuen tripetatik izorratuta, eta 2.29.00 denbora egin nuen". Maratoiaren txarrena horixe dela nabarmendu du,"prestaketa lan luzea eskatzen duela, dena egun bakarrean jokatzeko". Baina hori, txarrerako bezala, izan daiteke onerako ere; Sevillakoa nahi baino okerrago atera zitzaion, Donostiakoa esperotakoa baino hobeto.

Futbolean hasi zuen bidea

Bizitza korrikari emandako atleta askori inbidia emateko moduko palmaresa eraiki du Larrañagak, baina ez pentsa bizitza guztian korrika ibili denik. Kirola bai, beti egin izan du, ume-umetatik. "Gure garaian ez zen aukera handirik izaten, futbola eta pilota; atletismoa ez zen existitu ere egiten guretzat". Futbola aukeratu zuen berak, eta Anaitasunan hasi zen. Beheko mailetatik gora, hainbat kategoriatan jokatu zuen; baita Espainiako Hirugarren Mailan ere. Ondoren, Lagun Onaken ibili zen pare bat urtez, eta handik, Ondarroako (Bizkaia) Aurrera taldera joan zen futbol ibilbideko azken denboraldia egitera. 25 urterekin utzi zuen futbola, baina ez kirola. "Futbola utzi nuenean, kirol ezberdinak probatzen hasi nintzen. Lagunekin palaz jokatzera joaten nintzen, bizikletan ibiltzera, mendira, korrika egitera... denetik pixka bat egiten nuen. Esan liteke neure kirola topatu arteko trantsizio urte bat izan zela".

"Lorpenak lorpen, balio eta lagun on asko eman dizkit kirolak, eta bizitza estiloa ere bai"

Aurki konturatu zen bizikletan eta korrika gozatzen zuela gehien, eta biak uztartzeko modua duatloian topatu zuen. "Hiruzpalau urtean ibiliko nintzen duatloian. Nahiko ondo moldatzen nintzen, podiumerako borrokan, eta asko disfrutatu nuen garai hartan". Bere ibilbideko garaipenik gozoena ere ordukoa du. "Euskadiko Txapelketa zen, Ermuan (Bizkaia), eta irabaztea lortu nuen. Sekulakoa izan zen niretzat; 'zer egin diat?', galdetzen nion neure buruari. Ez nuen irabazterik espero, eta bat-batean Euskadiko txapeldun nintzen; egun haren oroitzapen oso ederra daukat".

Duatloiak egiten zituen garaian hasi zen mendian korrika ere; duatloien denboraldia bukatzen zenean, mendi lasterketei ekiten zien. Orain, duatloirik ez du egiten. "Urtearen parte batean mendiko lasterketak egiten ditut, eta bestean, negu partean, asfaltokoak". Bizikleta pixka bat alboratuta dauka azkenaldian, baina ez gustatzen ez zaiolako. "Bizikletak denbora asko eskatzen du, eta ume txiki baten aita izanda, zaila egiten zait behar adina denbora ateratzea". Korrikak, aldiz, denbora gutxiago hartzen dio. "Prestatzen ari zaren probaren arabera desberdin entrenatzen zara. Maratoia prestatzeko nahikoa da astean zehar egunean ordubete eta asteburuan ordu eta erdi edo bi orduko tirada bat egitea. Mendi lasterketetan zabiltzanean, berriz, ez zara egunero asfaltora ateratzen: astean pare bat alditan mendira joaten zara, beste egun batean bizikleta egiten duzu...".

2022ko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia.

Gogoan du parte hartu zuen lehendabiziko mendi lasterketa. "Oso oker ez banago, Izarraizko Mendi Lasterketa izan zen, hogei kilometroko proba. Artean ez nintzen asko ibiltzen, eta hogei kilometro egitea sekulako erronka zen niretzat. Akordatzen naiz ondo bukatu nuela, baita sailkapenean ere. Hamargarren-edo egin nuen; garai hartarako emaitza oso ona zen niretzat, eta gustura gelditu nintzen".

Herriko probetan parte hartzen hasi zen, inguruko herrietako probetara joaten gero, eta horrela, pixkanaka-pixkanaka eta ia oharkabean, erabat katigatu zen arte. "Neska lagunari ere kirola asko gustatzen zaio, eta azkenean, biontzat izaten zen plan polita: furgoneta hartu eta beste herri batera edo Pirinioetara asteburu-pasa joan, lasterketaren bat egin... Hango eta hemengo lasterketak ezagutzen joaten zara, jende berria ere bai, lagunak egiten dituzu...". Lasterketetan erakusten zuen mailagatik, pare bat urtez nazioarteko hainbat probatan parte hartzeko aukera sortu zitzaion Euskal Herriko mendi lasterkarien selekzioarekin, eta ez zuen aukera galtzen utzi. "Onenen artean aritzeko aukera eman zidaten, eta hasieran, sinestea ere kosta egiten zitzaidan". Lehenengo urtean "asko gozatu" zuen, emaitza txukunak lortuz, gainera. Baina bigarren urtea bestelakoa izan zen. "Neure buruari asko exijitzen nion, eta kirolarekin disfrutatzetik, ez disfrutatzera pasatu nintzen. Hori dela eta, taldea uztea erabaki nuen".

Berriz ere bere kasa hasi zen, berriz ere kirolaz gozatzen, eta berriz ere lehiatzen. "Lehia gustatu egiten zait, txikitatik izan dut barruan lehiarako harra". Dena dela, denborak erakutsi dio lehiatu gabe ere ondo bizitzeko gai dela, edo denborak baino gehiago, pandemiak erakutsi dio hori. "Pentsatzen nuen okerrago eramango nuela, baina nahiko erraz egokitu nintzen egoerara. Kirola berdin-berdin egin nezakeen, baina lasterketarik ez zegoenez, haietaz ahaztu egin nintzen, dena lasaiago hartzen ikasi nuen, eta konturatu nintzen horrela ere ederki bizi nintekeela".

Azketa-Erlo erronka, 2015eko urrian.

Asfaltoan hobea, mendian baino

Baina joan zen pandemia, hasi ziren berriz probak antolatzen, eta ezin etxean gelditu. Mendian eta asfaltoan, bietan ibiltzen da azkoitiarra, batean Amurrioko (Araba) Aiaramendi taldearekin, eta bestean Azkoiti- Azpeitiko Xeyerekin; baina asfaltoan hobeto moldatzen dela dio. "Mendi lasterketetan sasoiko egotea ez da nahikoa, beste gauza askok ere eragina dute: jaisten abila izan behar duzu; igotzeko sasoia eduki; egoera eta baldintza desberdinei aurre egiteko gaitasuna behar izaten da, oraintxe lokatza, oraintxe harriak topa baititzakezu... Ni ez naiz batere trebea jaitsieretan; lokatzetan, tira, molda naiteke, baina harri artera sartzen banaiz, galdu egiten naiz". Mendi lasterketak egiten ditu, baina saiatzen da berari ongi etortzen zaizkionak aukeratzen. "Ni korrikalaria naiz, eta saiatzen naiz korrika egin daitekeen mendiko probetan parte hartzen. Bestelakoak ere egin izan ditut, eta harri artean ere gozatu izan dut, baina ez nuke esango nire indargune nagusia hori denik".

"Etorkizunera begira, neure burua gehiago ikusten dut biziletan korrikan baino"

Proba motzak zein luzeak, denak ditu gustuko, maratoi distantzia gainditzen ez duten bitartean. "Joan den urtean Domusa Teknik 40 MLK egin nuen, 65 kilometrokoa, eta ez. Maratoia gustatzen zait, maratoira artekoak ere bai, baina hortik aurrerakoak... Ez dut esango ez zaizkidala gustatzen, baina momentuz ez naute erakartzen". Maratoira arte norberak bere burua ezagutu eta kontrolatu dezakeela uste du, baina proba luzeagoetan gauzak asko zailtzen direla azaldu du. "Jaten asmatu behar duzu, oso egoskorra izan... Gainera, entrenatzeko ere oso zailak izaten dira proba horiek".

Domusa Teknik 40 MLK proba, iazko maiatzean.

Larrañagak, normalean, bere erara entrenatu ohi du, baina Donostiako maratoia prestatzeko, Pedro Muñoz Xeyeko taldekidearen laguntza izan du. "Maratoi bat ondo prestatzea ez da gauza erraza, baina oraingoan, Muñozen laguntzari esker, ondo prestatu dut; horregatik, eskerrak eman nahi nizkioke. Berak esan dit zer entrenatu eta zer ez, eta alderdi psikologikoa lantzen ere lagundu dit". Izan ere, Larrañagaren arabera, proba luzeetan gorputza lantzeak adinako garrantzia du burua lantzeak. "Maratoian alderdi psikologikoak eragina badu, maratoitik aurrerakoetan erabakigarria izaten da".

Berez, taldean entrenatzea bakarrik ibiltzea baino gehiago gustatzen zaio azkoitiarrari, baina astean zehar bakarrik ibili ohi da. "Taldetxo bat badaukagu, eta asteburuetan saiatzen gara elkarrekin irteten. Astean zehar, ordea, zailagoa izaten da. Zerbait ondo prestatu nahi baduzu, etxean puzzlea ondo eginda utzi behar izaten da, eta batzuetan tokatzen da desorduetan eta goizean goiz entrenatzera irtetea ere". Dena dela, kexatzeko motiborik ez daukala dio; alderantziz baizik. "Maratoi bat prestatzeak eskatzen duen konstantzia izateko, zure bikotekideak ulertu eta lagundu egin behar zaitu, eta zentzu horretan, asko-asko eskertzen dut etxekoen babesa eta aukera hau eman izana".

Donostiako Zurich Maratoiaren 45. edizioa, iazko azaroaren 26an. Hirugarren bukatu zuen Larrañagak.

Bizitzeko modu bat

Larrañagak 43 urte beteko ditu aurtengo apirilean, mutil koskor bat izateari aspaldi utzi zion beraz, baina azken lorpenak ikusita, ez dirudi oraindik goia jo duenik. "43 urte egitera noa eta neure sasoi punturik onenera oraintxe ailegatu naiz, baina egia da orain bezala ere sekula ez nintzela prestatu. Berez, adin honetatik aurrera gora egiterik ez dago, nahikoa lan izango dut sasoiari eusten, baina momentuz gorputzak ondo erantzuten dit, eta ahal dudan bitartean disfrutatzen saiatuko naiz".

Donostiako Zurich Maratoian.

Korrikarik gabe bere bizitza irudika dezakeela dio, baina kirolik gabe ez. "Adin batetik aurrera korrika jarraitzea ez da erraza, 60 urtetik gorako jende gutxi ikusten da. Bizikletak, aldiz, ez du adinaren muga hori, eta egia esateko, etorkizunera begira neure burua gehiago ikusten dut bizikletan korrika baino. Gainera, bizikletarekin taldean entrenatzen da normalean, eta hori asko gustatzen zait". Kirolaren bueltako lagunartea atsegin du. "Lorpenak lorpen, balio eta lagun on asko eman dizkit kirolak, eta bizitza estiloa ere bai. Lanera joatea bezala, kirola egitea ere nire egunerokoaren parte da, eta horrez gain, asteburuetarako eta oporretarako planak ere kirolari lotutakoak izaten dira askotan. Hori da gure bizimodua, hori eman dit kirolak, eta emaitzen gainetik, horrekin gelditzen naiz".

(Argazkiak: GUKA eta utzitakoak)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide