Hitz bitan

Mikel Gonzalez: "Oso hiri kosmopolita da Istanbul"

Ane Olaizola 2024ko urt. 20a, 09:00

Mikel Gonzalez. (Argazkia: utzitakoa)

Fagor etxearen Fagor Electronica kooperatibak Istanbulen (Turkia) duen lantegiko zuzendaria da Mikel Gonzalez (Azkoitia, 1994). Gazteak urte eta erdi daramatza han bizitzen, baina sarri bueltatzen da herrira: "Ahal dudan bakoitzean". Lan egiteaz gain, hiriak eta herrialdeak eskaintzen dizkion aukerak aprobetxatuz ari da bizitzen hango esperientzia.

Zer dela-eta joan zinen Istanbulera bizitzera?

Fagor Electronica kooperatiban egiten dut lan, eta enpresatik Istanbulera bidali ninduten hemengo lantegia muntatzera. Behin Istanbulen fabrika martxan jarrita, gerente moduan arituko naiz urte batzuetan.

Zein da horko zure egunerokoa?

Astegunak lanpetuta igarotzen ditut. Goizean goiz sartzen naiz lanean, arratsaldean kirol pixka bat egin ahal izateko. Asteburuetan aprobetxatzen dut hiriaz, aukera asko ematen baititu Istanbulek. Azkoitian nituen zaletasunak topatu ditut hemen: perretxikoetara joaten naiz, Itsaso Beltzean surf egiten dut, eskiatzeko leku bat oso gertu dugu... Lagun talde bat dut, eta haiekin ibiltzen naiz. Hiritik irten, deskonektatu eta herrialdea ezagutzeko ere aprobetxatzen ditut asteburuak. Autoz hiruzpalau ordura gaude Mediterraneoan, eta egundoko leku politak daude han.

Zer du Istanbulek berezi egiten duena?

Bi kontinenteren artean dago hiria, eta horrez gain, egundoko kultura nahasketa dago. Ekialde Hurbila gizarte eta kultura musulmanarekin lotzen dugu askotan, baina ez du zertan hala izan beharrik. Hirian, zati bat oso musulmana da, bestea mendebaldarra, judutar asko daude, kristau ortodoxo asko ere bai... Kultura eta erlijio pila bat nahasten dira. Horrez gain, hiria ibilbide logistiko ugariren erdian dago, eta horregatik, munduko leku guztietako jendea dago hemen. Negozioetarako erdigunean egonik, kultur aniztasun handia dago Istanbulen; oso kosmopolita da. Hori da gauzarik politena. Gaur egun, Gaza eta Israelen arteko gatazkarekin muturrera eramaten ari da Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko kontua, baina hemen, kultura batekoak zein bestekoak ehunka urtetan ari dira inongo arazorik gabe elkarbizitzen. Horrek esperantza sortzen dit.

Bosforo itsasarteak banatzen du Istanbul: alde bat europarra da, eta bestea asiarra. Bien arteko kontrastea agerikoa al da?

Ez. Azkenean, Bosforo Mediterraneoarekin bat egiten duen itsasartea da, eta ez dago aldaketarik bien artean. Asiako aldean bizi naiz ni, eta alde hori mendebaldarragoa dela esango nuke. Muga geografikoa bat besterik ez da hemengoa, ez da politikoa. Alde bietan aurki ditzakezu bi alderdiak.

Historia eta ondare aberatsa dituen hiria da Istanbul, hainbat inperioren eragina baitu. Zentzu horretan, ba al duzu leku kuttunik?

Konstantinoplako —Istanbulen izen historikoa— harresiak eta Santa Sofia basilika ikaragarri gustatzen zaizkit. Historia zalea naiz, eta Konstantinopla milurteko osoa iraun zuen inperioaren kapitala izan zela jakitea berezia da. Orduko hipodromoa ere badago hemen, eta han 100.000 pertsona sartzen zirela pentsatzea zirraragarria da. Santa Sofiari dagokionez, hiri guztiz musulman batean halako basilika zahar eta eder batek arreta pizten du.

Turkia ezagutzeko tartea hartzen duzula esan duzu. Ikusitakoarekin, nola deskribatuko zenuke herrialdea?

Guk ezagutzen dugunaren antzekoa dela esango nuke. Latitude antzekoan gaude, eta iparraldea Euskal Herriaren antzekoa da: basoak, mendiak, eskiatzeko lekuak eta kostalde malkartsua ditu. Aldiz, hegoaldea askoz ere epelagoa da, lehorragoa, eta kostan herri oso politak daude. Batez ere han dago turismoa. Iberiar penintsularen antzeko ezaugarriak ditu, beraz. Erdian, hiriburua dago: Ankara. Mendebaldean, lehengo hiri erromatarrak daude, eta ekialdea zibilizazioak hasi ziren lekua da: Mesopotamia. Duela 10.000-12.000 urteko aztarna historikoak daude; oso aberasgarria da, beraz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide