Euskal Herriko zortzi kultur ekimenek Doinuele euskara hutsezko plazen sarea sortu zuten joan den urtean, eta sarearen barruan aurten egingo dituzte egitasmoak aurkeztu dituzte sustatzaileek gaur Donostian egindako agerraldian. Bertan izan dira sarea osatzen duten kultur ekimeneko taldeak, tartean Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko ordezkari Julen Garate.
Sustatzaileek ipuin baten gisa plazaratu dituzte Doinueleren nondik-norakoak, sarea euskal azoken bilgunea dela azpimarratzeko. "Doinua eta elea, musika eta liburua, euskal kultura; hango eta hemengo, saretuta, harrapatuta, elkartuta". "Nazio mailako sarea" da Doinuele, urtarriletik abendura bitartean gauzatzen dituzten euskarazko produktuen zortzi azokak osatzen dutena; tartean, Azkoitiko Geure Gelatik liburu azokak.
Aurtengo uzta Baztanen (Nafarroa) hasiko du Doinuelek, hilaren 22tik 28ra artean egingo duten (H)ilbeltza euskarazko nobela beltzaren astearekin. Azkoitian izango da bigarren geldialdia, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak prestatzen duen Geure Gelatik liburu azoka egingo baitute apirilaren 12tik 14ra bitartean. Ohi bezala, emakumeek idatzitako liburuek osatuko dute azoka, eta aurtengo omendua Jasone Osoro idazlea izango da, gazteei zuzendutako literaturan egindako ekarpenagatik. Urola Kostatik atera gabe, Zarautzen egingo dute Doinuele sarearen barruko hirugarren azoka; maiatzaren 24tik 26ra artean, literatura azokak eta ekitaldiak hartuko dute herria, Literaturiari esker.
Ziburun (Lapurdi) jarraituko du aurtengo egitarauak, hango liburu eta disko azoka egingo baitute ekainaren 1ean; urriaren 5ean, berriz, Hernaniko azoka (Gipuzkoa) izango da; Saran (Lapurdi) Ikusi Mikusi haur eta gazteen literatura ardatz duen azoka egingo dute urriaren 11n eta 12an; Sormenek, bestalde, Galdakaoko (Bizkaia) txokoak hartuko ditu urriaren 30ean; eta Lazkaon (Gipuzkoa) agurtuko du Doinuelek urtea, abenduaren 13tik 15era bitartean egingo duten liburu eta disko azokan.
Urtebeteko esperientziarekin ekin dio Doinuelek bigarren urteari, "gustura" eta "indarrez": "Elkarrekin ikasi egin dugu, elkarri lagundu egin diogu eta gutako bakoitza indarra hartuta, osasuntsuago gatoz aurten".
Hain zuzen, agerraldian azpimarratu dutenez, Doinuelek "sarea" du protagonista, baina ez da sare "pelagikoa", euskararen "erreserba" zainduz "etorkizuna babesten duen sare tradizionala" baizik: «Handi eta txikia, zahar eta berri, denok daukagu lekua Doinuele plazan; behin hara sartzen den antolatzailea nahiz bezeroa ez da irteten esku hutsik. Buruz, gorputzez eta sentimenduz jantzita irteten da bertatik".
Euskaran ere arreta berezia jarri dute sustatzaileek, euskara baita Doinuele plazetako "hizkuntza bakarra". Haien arabera, sarea "erabat estua" da erdararentzat.
Ordea, sarea ez da "hertsia adiskideentzat", Doinueleren parte hartzaileek adierazi dutenez, eta horregatik, ateak zabalik utzi dizkiete gainerako antolatzaileei, euskarazko azoken "territorioa" zabaltzen joan dadin: "Baliteke guk ezagutzen ez dugun beste antolatzailerik izatea han-hemen, eta beraz, deia luzatzen diegu gurekin harremanetan jar daitezen eta Doinuelera elkar daitezen; ongi etorriak izango dira". Herritarrak, berriz, azoketan parte hartzera gonbidatu dituzte.