Azkoitia Baik eta EH Bilduk bat egin dute Buruzai proiektuari alegazioak prestatuko dizkion enpresa bat kontratatzeko

Ane Olaizola 2024ko urt. 9a, 16:16

Urtarrilaren 30era artekoa da Buruzai zentral eolikoaren proiektuari alegazioak aurkezteko epea, eta Azkoitia Bai plataformak eta Azkoitiko EH Bilduk prozedura hasi dute elkarrekin, udalak Buruzai proiektuaren azterketa egingo lukeen eta izapideak abiaraziko lituzken enpresa bat kontratatu dezan.

Green Capitalek Buruzai zentral eolikoaren administrazio baimena eta ingurumen inpaktuaren adierazpena eskatu zituenetik, hainbat herri eragilek zein udal taldek urratsak egin dituzte proiektuaren inguruan. Izan ere, abenduaren 15ean jarri zen jendaurrean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Azkoitia, Azpeitia, Ezkio-Itsaso eta Zumarraga udalerrien artean kokatuko litzatekeen Oletako proiektu eolikoari buruzko informazioa, eta herritarrek urtarrilaren 30era bitartean dute alegazioak aurkezteko aukera. Bide horretan, Azkoitia Bai plataformak eta Azkoitiko EH Bilduk prozedura hasi dute elkarrekin, udalak Buruzai proiektuaren azterketa egingo lukeen eta izapideak abiaraziko lituzkeen enpresa bat kontratatu dezan.

EH Bilduren eta Azkoitia Bairen udal ordezkariek sinatuta, taldeek eskaerari sarrera eman diete udalean, espedienteari hasiera emanez. Alegazioak aurkezteko hiru asteren faltan, "lehenbailehen" hasi nahi dituzte izapide guztiak. Hain zuzen, idatzian zehaztu duten moduan, enpresaren eginkizuna izango litzateke urtarrilaren 30a baino lehen Buruzai proiektuari aurkeztu behar zaizkion alegazioak prestatzea, "kontuan izanda alegazio horien aurrean udal teknikariek prestatu beharko luketen txostena ere egun horretarako prestatuta izan beharko luketela, ondoren politikoki hartu beharko litzatekeen erabakia hartzeko".

Taldeek azaldu dutenez, prozedura hasteko alkatearen oniritzia ez balego, premiazkoa da udal ordezkarien herena izatea. Dena den, erdia baino gehiagoren atxikimendua du idatziak. Honako hauek sinatu dute: Azkoitia Bairen Jose Joakin Etxaniz, Nerea Machado eta Janire Astigarragak eta EH Bilduren Asier Altuna, Ainara Goenaga, Iraitz Otaño, Itziar Larrañaga, Jon Bastarrika eta Nagore Orbeak.

Azkoitia Baik Maxixatzen Gukako komunitateko bere kontuan eman du erabakiaren berri. Haren arabera, urtarrilaren 4an Ingurumen Mahaiak egindako presazko bileraren ondotik, aholkularitza juridikoa kontratatzea proposatu zuen herri plataformak, udalak bere izenean alegazioak egin ditzan, "beti ere aholkularitza horren oniritzia eta udaletxeko teknikarien filtroa pasatuta". Taldearen asmoa da Buruzai proiektuak eragiten dien lau herriak harremanetan jartzea, proiektua gelditzeko ados jar daitezen. 

Sinadura mahaiak

Mendietan zentral eolikoak eraikitzearen aurka dauden eragileek ere hainbat pauso egin dituzte azken asteetan. Oletan ere ez! taldeak, esaterako, alegazioak sinatuz "mendiak defendatzeko" deia luzatu die herritarrei, eta sinadura mahaiak jarriko dituzte honako egun hauetan, Kale Nagusian: urtarrilaren 11n, 12an, 18an eta 19an arratsaldez (18:30-20:30), eta 13an eta 20an goizez (11:30-13:30).

Azpeitian eta Zestoan ere kanpaina bera hasi du Sañu bizirik taldeak: alegazioak aurkeztu nahi dituzten herritarrek Azpeitiko Urtzi eta Haginpe tabernetan utzi ditzakete horiek, eta hainbat egunetan plazan jarriko dute horretarako mahaia: astearteetan 10:00etatik 12:30era, ostiraletan 18:00etatik 20:30era; eta larunbatetan 11:00etatik 13:30era. Zestoan, berriz, datozen bi ostegunetan izango da horretarako aukera, pintxo potearen orduan, udaletxe azpian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide