Hirurogeiko hamarkada zen, eta nire arreba Meyk, orduan 12 urte zituenak, nik baino bat gutxiago, bat-batean, bizitza aldatzen duten galdera horietako bat egin zidan: "Zergatik egin behar dut nik zure ohea?".
Txikia izan arren, Mey ni baino askoz lehenago iristen zen bizitzako hitzordu guztietara, eta gainera, hobeto dokumentatuta. Berak irakatsi zidan existitzen zirenik ere ez nekizkien ateak irekitzen, kritikotasuna bizitzarako oinarrizko tresna bihurtzen, eta espazio libre eta bidezkoak aldarrikatzen non inork ez zukeen zertan bizitzarako beharrezkoa zuen ezeri uko egin beharko.
"Zergatik egin behar dut nik zure ohea?"
Galdera lasaitasunez egin zidan, aztoratu gabe, begietara begira, nire erantzunaren mende ez balego bezala erantzuna jakiteko. Mey, bere soilean, aukera bat ematen ari zitzaidan: ikusten nuenari ez ikusiarena egiten uztearena. Amaren etxean nire bi arreben betebeharren artean, besteak beste, hiru gizonoi oheak egiteko betebeharra zegoela, alegia.
Harrezkero ez diot ohea egiteari utzi. Are gehiago, orain bizi naizen zaharren egoitzan nire ohea egiten jarraitzen dut, Meyren memoriarekiko egiten dudan eskertza keinu gisa. Badira zenbait galdera bizitza aldatzen dizutenak... baldin eta erantzutera ausartzen bazara.
(Preso politikoak aske)