Juan Inazio Sudupe (Azkoitia, 1957) familia kristau batean hazi zen: "Nire gurasoak izatez ziren kristauak, ez izenez soilik". 10 urterekin Don Candido Villagra salestarraren hitzaldi bat entzun ostean, liluratuta geratu zen, eta kristau ibilbidea hastea erabaki zuen Sudupek. Gogoan dauka, ordea, erabakia hartu zuenean gurasoek ezezkoa eman ziotela: "Ikasketak Azkoitian egiten jarraitzeko esan zidaten, baina tematu egin nintzen, argi baineukan zer bide egin nahi nuen". 11 urterekin, Logroñoko (Espainia) seminarioan hasi zen ikasten, Zuhatzun (Araba) eta Santanderren (Espainia) jarraitu zuen, eta 18 urterekin, profesioa hautatu zuen.
24 urterekin betiko profesioa hautatu eta apaiz salestarra izatea erabaki zuen, horretarako "bokazioa" sentitu baitzuen. Gasteizen eta Italian egin zituen ikasketak. Ordutik urte asko pasatu badira ere, bere bizitzak zentzua bide horretan duela azpimarratu du: "Momentu on asko eman dizkit salestar bizitzak, batez ere gazteekin eta haien inguruan egin ditudan lanetan". Baina bidean zailtasunak ere aurkitu izan ditu: "Komunitateko bizitza zaila izan da batzuetan, baina, horretaz gain, zaila da bideari jarraitzea ere, gaur egungo gizartean zaila baita bikotekiderik gabe zein ezkondu gabe bizitzea". Bidearen zailtasunetan, ordea, argi du jainkoak lagundu diola.
Salestarrak fedearen esparruan erreferente asko izan ditu; handiena, Jesukristo, baina gehiagok ere lagundu diote bidean: "On Bosco erreferente handia da niretzat, kaleko haurrekin ikaragarrizko lana egin baitzuen bera oso pobrea izanda". Gainontzeko salestarrek emandako laguntza ere azpimarratu nahi izan du: "Apaiz sartu edo ez erabaki behar nuenean, ondo ezagutzen ninduten salestarrengana jo nuen, konpromiso handia baitzen hura".
Floreagatik Urnietara
Sudupe 2000. urteko udan heldu zen Azkoitira estreinakoz salestar modura: "Gure probintzialak esan zidan komunitateko zuzendari moduan sartu behar nuela Floreagan". Ordutik, bertan aritu izan da hainbat lanetan; besteak beste, administratzaile, irakasle, apaiz, pastoral arloko arduradun zein solidaritate taldeko kide. Gaur egun, irakasle, komunitateko zuzendari eta administrari lanean aritzen da.
Floreagak asko eman diola baieztatu du azkoitiarrak: "Hemen oso gustura sentitu izan naiz, gurasoak zein anai-arrebak gertu izan ditut beti, eta komunitateko bizitza aberatsa izan da". Sudupek urte hauetan albotik joan zaizkion salestar lagunak ere gogoan ditu: "Jada hil diren Esteban Arrietak, Joxe Ganzarainek zein Txema Egizabalek lan handia egin zuten hemen salestar modura".
Salestarra izaki, Sudupek lotura handia izan du gazteekin urte hauetan: "Nire lanik onenak gazteekin lotutakoak izan dira". Irakasle modura aritzea, berriz, irakasteaz harago joan dela azpimarratu du: "Salestarrontzat oso garrantzitsua da tratu ona zein adiskidetasuna ematea gazteei, ez soilik irakaspenak". Horren adibide dira gazteekin egindako ADS taldeak, Alai Batza zein Solidaritate Taldea.
Datorren urtean, ordea, Floreagatik Urnietara joan beharko dute Azkoitiko salestarrek, Salestar Probintziako ikuskariak hala erabaki ostean. Aldaketaren berria "kolpe gogorra" izan bada ere, "beharrezkoa" dela argi du azkoitiarrak: "Urnietakoa zein Azkoitikoa oso komunitate txikiak dira, eta bakoitzak bere aldetik jarraituz gero, hemendik gutxira ezin izango dira mantendu; beraz, biak batzea beharrezkoa da". Hori horrela, "errealitate berri bat bizitzeko prest" dagoela adierazi du. Salestar Heziketa eta Pastoral Proiektuak gidatuko du Azkoitiko salestar etxea, nahiz eta erlijiosoak Urnietan bizi.
Aldaketak bizilekuari eragingo badio ere, jaioterrian jarraituko du lanean salestarrak: "Floreagatik ez gara joango, autoz egunero etorriko gara lanera". Hori horrela, Floreagak salestar ikastetxea izaten jarraituko duela ziurtatu du: "Hemengo lantaldeak salestarren ibilbidean jarraituko du, nahiz eta gu ez garen hemen biziko". Urnietatik Azkoitiko salestar obra bultzatuko dutela azaldu du, gainera.
Munduan zehar laguntzen
Salestar lanetan munduan barrena ere ibilia da Sudupe. 2007an, 2008an eta 2014an, besteak beste, Beninen zein Togon izan zen. "Beninen daukagun kaleko haurren proiektua ekonomikoki babesten zuen ordurako Azkoitiko Udalak, eta Beninen eta Azkoitiaren artean nolabaiteko adiskidetasun akordio txiki bat egitera joan nintzen hara". Geroztik, bi aldiz izan da herrialde horretan, eta hango egoera gogorra dela nabarmendu du: "Egunean otordu bakarra egiten duten jende asko ezagutu dut; oso baliabide gutxi dituzte".
Benin eta Togo, ordea, ez dira izan azkoitiarrak zapaldu dituen txoko bakarrak: 2017an, Kolonbiako Medellin hirian egon zen hilabetez, kaleko haurrekin zein gerrilletan aritutako gazteekin lanean. Gogoan du han ikusitakoa: "Izugarria izan zen, bihotza ukitu zidan gerrilletan ibilitako gazteen birgizarteratzea ikusteak". Hango arazo azpimarragarrienak "indarkeria eta drogaren inguruan dagoen mafia" direla adierazi du Sudupek. Hala ere, egoera gogorren aurrean duten jarrera aipatu du: "Balio handiagoa ematen diote familiari zein adiskidetasunari, eta fedea oso sakonetik bizi dute".
Bidaia horietan, era askotako lanak egin zituen: eskolako errepasoetan lagundu, aisialdiko ekintzetan parte hartu, apaiz lanak egin... Orduko oroitzapen oso onak ditu Sudupek: "Apaiz gisa laguntzeko eskatzen zidaten meza zein aitortzetan, eta oso gustura egiten nuen". Herrira bueltan, Azkoitiko jendeari hango berri emateak garrantzia handia duela uste du: "Izan ere, halakoetan, jendea gaiaren inguruan sentsibilizatu egiten da, eta laguntza ekonomikoak ere ematen ditu".
Azkoitian ere behartsuenei laguntzeko gobernuz kanpoko erakundea sortu zuten: Gazteak eta Garapena, hain zuzen. Hamabost lagunek osatzen dute taldea, eta horien helburua da herritarrak sentsibilizatzea. Sudupek ere laguntzen du.
Munduan zehar laguntzen
Suduperen bizitzan fedeak leku handia badu ere, onartu du azken urteetan Elizak aldaketa nabarmenak izan dituela: "Kultura aldaketaren ondorio da elizara jende gutxiago joatea, eta ezin dugu pentsatu duela 60 urteko egoerara itzuliko garenik". Etorkizunari begira, kristau komunitateak fedea "sakon" biziko duten "talde txikiak" izango direla uste du azkoitiarrak.
Herriari dagokionez, gazteen artean elizara joateko eta sendotza egiteko joerarik ez dagoela esan du salestarrak. Floreagako familia zein ikasle gehienek eskolako kristau ekintzetan parte hartzen duten arren, handik kanpora "kristau giro hotza" dagoela iritzi dio. "Hala ere, jendea saiatzen da bizitza zentzuz eta errespetuz bizitzen eta zoriona bilatzen, eta hori gauza handia da".
Motzean:
- Adina: 66 urte.
- Ikasketak: Filosofian eta Erlijio Zientzietan lizentziatua.
- Lanbidea: salestarra, apaiza eta irakaslea.
- Salestarra izango ez banintz… enpresaren bat irekiko nuke.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… musika entzutea edo paseatzea.