Altxor ezkutuen bila

Iraia Oteiza 2024ko urt. 6a, 12:15

Jexux LarraƱaga, Javier Alberdi eta Juan Mari Arruabarrena. (Iraia Oteiza)

68 urte daramatza Azkoitiko Munibe arkeologia taldeak historiaurreko aztarnak berreskuratzen. Taldetik kide ugari igaro badira ere, egun bost pertsonak osatzen dute Munibe. Afizioak bultzatu zuen boskotea indusketak egitera, eta ia 50 urteko ibilbidea egin badute ere, buru-belarri jarraitzen dute lanean. Abenduko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako erreportajea da hau.

Ogibidez ez dira arkeologoak, baina afizioak eraman ditu kultur ondarea urte askoan ikertzera. Juan Mari Arruabarrena (Azkoitia, 1958), Jexux Larrañaga (Azkoitia, 1960 ) eta Javier Alberdi (Azpeitia, 1960 ) Azkoitiko Munibe arkeologia taldeko hiru kide dira, eta ia mende erdia daramate gizakiak eta animaliek historian zehar utzi dituzten arrastoak berreskuratzen. "Batzuentzat denbora galtzea izango da lurra mugitu eta aztarnen bila aritzea, erotuta gaudela ere esan izan digute, baina zerbait aurkitzen dugunean sentitzen dugun zirrara ikaragarria izaten da", aitortu dute. Esperientziaren ondorioz lortu duten jakintzak eraman ditu Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi zientzia elkarteko indusketa garrantzitsuenetariko batzuetan parte hartzera, eta Euskal Herriko lurrez kanpokoak ere aztertu dituzte, tartean Saharakoak. Gazterik, 16 bat urterekin hasi zuten ibilbideak ez du oraingoz etenik.

Arkeologia atsegin zuen kuadrilla txiki bat hasi zen ikerketa lanetan 1958. urtean, eta haiek izan ziren Azkoitia inguruan historiaurreko aztarna bila hasi ziren lehenak. Hala ere, 1986. urtean hartu zuen talde hark egungo izena: Azkoitiko Munibe arkeologia taldea. Urte horretan egin zituzten estatutuak, aurrera egiteko diru laguntzen beharra zutelako. "Gu baino askoz lehenago hasi ziren aurkikuntza lanetan. Gu bigarren belaunaldikoak gara", oroitu dute. Urte horietan guztietan barrena kide ugari izan baditu ere, egun bost arkeologia zalek osatzen dute Munibe taldea.

"Jende askok ez daki garai batean hemen ere lehoiak eta mamutak bizi izan zirenik"

Horiek errutina bat osatua dute. Linterna, isipua, paleta, kuboa eta metroa hartuta ateratzen dira etxetik aztarna bila, arropa erosoa eta kaskoa ahaztu gabe. "Beti erabiltzen ditugun tresnak dira horiek, oinarrizkoenak. Hala ere, azken urteetan tresna berri asko sortu dituzte, eta nibela hartzeko laserrak, argazki kamerak, fokuak... azken teknologiadun aparailuak ere erabiltzen ditugu", azaldu du Alberdik. Eta gisa horretan ez dira edonora joaten: "Nonbaitera joan aurretik arrastoren bat izaten dugu. Inkestak egiten ditugu, susmoak izaten ditugu edo norbaitek emandako pistari jarraitzen diogu. Lurra mugitzen den lekuetan, hantxe izaten gara gu", dio Arruabarrenak. Hala, baserritarrentzat eta ehiztarientzat esker oneko hitzak baino ez dituzte, beren lursailetan dagoena ongi ezagutzen dutenez, taldeari informazio baliagarria eman ohi diotelako. "Asko laguntzen digute. Beraien lurretan dagoena azaltzen digute eta gero gu joaten gara miatzera, ea zer aurkitzen dugun".

Mendia da, gehienbat, euren lantokia. Zonalde bat aukeratu eta hura miatzen dute, aztarnak aurkitzeko asmoz. Kobazuloak atsegin dituzte, kanpoan baino aztarna gehiago aurkitzen dituztelako horietan, "kanpoan, landarediak eta orografiak aztarnak ezkutarazi egiten dituztelako". Horretaz gain, aire librean hezurrek bere horretan irautea zaila dela azaldu dute, desegin egiten direlako, kobazuloetan ez bezala. "Kobazuloetan gizakiaren garai ezberdin askotako aztarnak aurkitu ditugu, orain dela 3.000 urteko Burdin Arokoak zein duela 100.000 urteko neandertalen garaikoak. Kobazuloek une zoriontsuak ekarri dizkigute", dio Larrañagak. Horrelako irteeretan zerbait aurkitzen badute, kata bat egiten dute, egiaz aztarnategia ote den ziurtatu ahal izateko. Hala bada, eta baliozko piezak aurkitzen badituzte, erabateko dokumentazio lana osatzen dute, aztarna bakoitzaren argazki, plano eta datu guztiak jasota. Hain zuzen, urte hasieratik azarora bitartean egiten dituzte halako irteerak, eta Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi zientzia elkarteko indusketekin osatzen dute zeregin hori. Azaroa eta abendua, berriz, dokumentazio lana egiteko hilabeteak izaten dira: "Abendua amaitzerako urte osoan aurkitu dugun materiala identifikatu, garbitu eta aztertu behar izaten dugu; eta, ondoren, txosten bat osatu behar izaten dugu, plano eta argazkiak jarriz eta xehetasunak azalduz. Gipuzkoako Foru Aldundira bidaltzen dugu material hori, memoria eta guzti. Lan handia egin behar izaten dugu, aurkikuntza piloa izaten dugulako poltsatxoetan gordeta", argitu dute.

Kiputz aztarnategian aurkitutako animalia baten garezurrarekin. (Utzitakoa)

Lanak bere fruitua ematen du

Arruabarrenak emandako datuen arabera, azken urteetan laurogei bat aztarnategi aurkitu dituzte kobazuloetan eta estalitako guneetan, eta beste hamabost gune garrantzitsu inguru topatu dituzte mendietan, trikuharriak eta antzekoak. "Pieza jakin batzuk aurkitutakoan, guk ez dugu izaten aurrera jarraitzerik, profesionalen esku uzten dugu lana. Ehizako txakurraren lana egiten dugu guk, aurkitzea; gero adituek egiten dute ehiztariena, tiroa botatzea". Jose Mujika Euskal Herriko Unibertsitateko arkeologia irakasle beasaindarra dute maisu, eta harekin jartzen dira harremanetan aurkikuntzaren bat egindakoan. Praileaitz (Deba, Gipuzkoa) kobazuloan egin zuten aurkikuntza handienetariko bat. "Europa mailan garrantzitsuenetarikoak diren Goi Paleolito garaiko zintzilikarioak aurkitu genituen han, xaman batenak izango zirenak. Pisu handiko harrizko apaingarriak dira, zeremonietarako erabiltzen zituztenak", oroitu dute arkeologoek. Mutrikuko (Gipuzkoa) Kiputz aztarnategitik ere hezur aztarna mordoxka atera zutela azaldu dute: "Espainiako Estatuan elur orein aztarna gehien dagoen lekua da. Duela 18.000 urteko animalien aztarna ugari daude han, 48 oreinenak, 23 elur oreinenak, eta 18 bisonterenak. Lehoi gazte baten aztarnak ere aurkitu genituen, eta baita mamutenak ere. Jende askok ez daki garai batean hemen ere lehoiak eta mamutak bizi izan zirenik. Dirudienez, tranpa baten ondorioz zulo batera erori ziren animalia horiek guztiak, eta sei metro inguruko edukieran zeuden aztarnak. Lehendabizi hezur batzuk aurkitu genituen, eta 300 kiloko harri baten azpian zeuden gainerako aztarnak. Hiru urteko kanpaina egin genuen han". Debako Astigarraga kobazuloa industen dihardute orain, Behe Paleolito garaiko aztarnak eta pintura arrastoak aurkitu dituztelako bertan.

"Azkoitian ez dugu ia kobarik aurkitu, Megalito garaiko lauzpabost trikuharri baino ez"

Deba bailaran aurkitu izan dituzte halako aztarna gehien; Azkoitian, ez hainbeste: "Azkoitian ez dugu ia kobarik aurkitu, Megalito garaiko lauzpabost trikuharri baino ez". Uraren korronteen mugimenduagatik izan litekeela uste dute, baina ez dakite ziur zein izan daitekeen horren arrazoi zehatza. Gainera, Alberdiren arabera, Azkoitia inguruko zulo gehienak aurkituta behar lukete jada, eta zerbait berria bada, oso zulo txikia izango dela uste du, ezkutatuta dagoena.

Inork zerbait aurkituko balu ere, kontu handiz ibiltzeko deia helarazi dute taldekideek, ezjakintasuna medio, urte askoan "astakeriak" egin izan direlako aztarnategi "garrantzitsuetan", "grafitiak eta antzekoak".

Baina aurkikuntza berri gehiagoren beharrik gabe, buru-belarri jarraitzen dute lanean Arruabarrenak, Larrañagak eta Alberdik. Arkeologia lanetan "pazientzia" izatea ezinbestekoa dela ohartarazi dute, hilabeteak igaro daitezkeelako "ezer ageri ez den lurrari begira". Hori bai, aurkikuntza bat egindakoan oheraino eramaten duten irribarreak "merezi duela eta", pasioz jarraitzen dute beharrean. "Taldean giro ona daukagu, eta hori beharrezkoa da lanean gogotsu jarraitzeko", adierazi dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide