Hitz bitan

Mikel Larrañaga: "Probatu nahi duenak, zabalik ditu ateak"

Aitziber Arzallus 2024ko urt. 5a, 09:00

Mikel Larrañaga. (Utzitakoa)

Futbolarekin nazkatuta, taldeko beste kirolen bat probatzeko gogoa sortu zitzaion Mikel Larrañagari (Azkoitia, 1991), eta herrikide batzuek jokatzen zuten errugbi partida batek begiak ireki zizkion. Probatzea erabaki zuen, eta gustatu egin zitzaion. 19 urte bete berriak zituen Zarauzko errugbi taldearekin aurreneko partida jokatu zuenean, eta harrezkero hamahiru urte igaro diren arren, han jarraitzen du oraindik. Espainiako bigarren mailan lehiatzen du Gesalaga Okelan taldearekin, gaztetxoak entrenatzen ditu eta klubaren zuzendaritzako kidea ere bada. Asko eman dio errugbiak, asko eman dio errugbiari, eta etorkizunera begira jarrita, kirol horri lotuta ikusten du bere burua. Hala ere, erabakia hartua du: jokalari gisa azken denboraldia du aurtengoa.

Zer du errugbiak zu horrenbeste katigatu zaituena?

Zarautzen entrenatzen hasi orduko konturatu nintzen kirol talde bat baino askoz gehiago zela hura; lagun talde bat zela, kuadrilla bat, familia bat. Elkarrekin gelditzen ginen, planak egin... Zelaian taldea ginen, baina zelaitik kanpo ere bai, eta nik uste horrek katigatu ninduela gehien. Horrez gain, errugbiaren bueltan lantzen eta garatzen diren balioei ere garrantzi handia ematen die. Badakit kanpotik begiratuta kirol bortitza izateko itxura duela, baina zelaian, errespetuz tratatu behar izaten ditugu aurkariak eta epailea, eta horren adibide da epailearekin taldeko kapitainak bakarrik hitz egin dezakeela eta, gainera, berorika.

Errugbiak badu berezitasun bat taldeko beste kirolek ez dutena: zelaian jokatzen dituzue partidaren lehen bi zatiak, eta zelaitik kanpo jokatzen duzue hirugarrena.

Hala da, bai. Hirugarren zati horretan, bi taldeetako jokalariak eta epailea elkartzen gara partidako gorabeheren inguruan hitz egiteko, eta giro oso ona eta berezia sortzen da. Hamahiru urteotan ez dut ezagutu hirugarren zatirik izan ez duen partidarik, eta zenbaitetan, esperotakoa baino askoz gehiago ere luzatu izan zaigu hirugarren zati hori, aurkariak eta epailea geurekin soziedadera afaltzera joanda.

Zarautzen errugbi talde sendoa daukazue; Azkoitian, aldiz, inork gutxik asmatuko luke errugbian jokatzen...

Zarautzen ere ez da beti horrela izan. Ni hasi nintzenean, talde bakarra zegoen; orain, berriz, kategoria guztietan ditugu taldeak, eta harrobi oso indartsua daukagu. Hala ere, nabarmentzekoa da orain gauden egoerara lan asko eginda iritsi garela. Futbol taldeek ez dute gaztetxoen bila inora joan beharrik izaten, behar dituztenak eta gehiago etortzen zaizkie behatzik mugitu ere egin gabe; baina errugbia ez da kirol ezaguna, eta eskoletara-eta joan behar izaten dugu gaztetxoei gure kirola zer den azaltzera. Beraz, probatu nahi duenak, zabalik dituela ateak. Dena dela, ez naiz Zarautzen dabilen azkoitiar bakarra. Lehen bi taldeetan Azkoiti-Azpeitiko beste bost bat lagunek ere jokatzen dute, eta beheragoko kategorietan ere badira beste batzuk. Geure taldea sortzen dugunerako izena ere pentsatuta daukagu: Kakuxote.

Errugbian jokatzen duzu, baina lanbidez irakaslea zara. Konpromiso handia eskatzen al du bigarren mailako lehiatzen duen talde bateko jokalaria izateak?

Dezentekoa, bai. Asteburuan partida daukagunean, astean lautan entrenatzen dugu; asteburuan partidarik ez daukagunean, hirutan. 19:30 aldera hasten dugu saioa eta pare bat orduz entrenatzen dugu, eta horrez gain, asteburuetan partidak izaten ditugu. Azken finean da konpromiso profesional, baina bat musu truk egiten duguna.

Aurtengo denboraldia jokalari gisa egiten duzun azkena izango dela diozu...

Bai, erabakia hartuta daukat. Iaz belauna puskatu nuen eta aurten, oraingoz, harmailetatik ari naiz taldea animatzen, baina nire asmoa da errekuperatzea eta zelaian minutu batzuk jokatu ostean, erretiroa hartzea. Horrenbeste urte eta gero, bukaera polit bat eman nahi nioke jokalari ibilbideari, zelaian bukatu nahi nuke, ilusio horixe daukat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide