Sarezurtz

Ane Olaizola 2023ko abe. 31a, 09:00

Ane Olaizola kazetariak abenduko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Sarezurtz'.

Lerro hauek idazterako ohartu naiz astebete baino gehiago daramadala sare sozialik erabili gabe –lan kontuengatik izan ezik–, baina aitortuko dut ez dela neure borondatez hartutako erabakia izan. Halabeharrez nago egoera berri eta (ia) ezezagun honetan: eskuartean dudan telefonotik ezin dut aplikaziora sartu. Teknologia kontuetan askorik ulertzen duenarentzat begi bistako arrazoirik gabe, gailuak ez dit ahalbidetzen, sinpleki esanda. Makinak planto egin du, eta ni, gauetik egunera, sarezurtz geratu naiz.

Egunak daramatzat, beraz, lagun, ezagun eta ezezagunen oporraldi, ustezko otordu goxo, ibilaldi zein ospakizunen irudirik jaso gabe. Nire buruari noizbait agindu nion ez nuela inoiz jende famatua sarean jarraituko, hark ezer ez lidakeelako inongo ekarpenik egingo; ezer positiborik ez behintzat. Baina tranpa egin dut, eta azkenaldian hor egon naiz ni ere, isilean eta beste milioika jarraitzaile ezezagunen artean, egunez eta gauez bataren haurdunaldi eta bestearen amatasun xehatu eta grafikoan katigatuta. Argi urteen distantziara ditudan pertsonen ametsetako –itxura batean– bizitzetara gerturatu nahian aritu naiz, ondokoaren egunerokoa irakurtzeak eragiten duen jakin-minarekin bezala.

Argi urteen distantziara ditudan pertsonen bizitzara gerturatu nahian aritu naiz

Eder eta lirain egoteko egunean zortzi ordu lo egitea eta ur asko edatea baino zerbait gehiago behar dela erakutsarazi dute sare sozialek; hori behintzat lortu dute. Bota digute kanabera, eta guk osorik irentsi dugu amua; horixe baita engagement-a, eta gu gara beren target-a. Izan ere, aldizkari honen azken hilabeteetako zenbakietan irakurriko zenuten moduan, doan ez da debalde, ezta sareak ere.

Ez dira debalde, ezta oharkabeko ere, erabiltzaile den edonork badaki hori horrela dela, lilurak hankak lurretik askarazteko arriskua baitakar zenbaitetan, eta norberaren frustrazioak areagotzeko, beste batzuetan; are gehiago mundura irekitzen ari diren pertsonengan.

Baina ez da hau despit testu bat, hala dirudien arren. Lehen ere banekien hori guztia. Momentuz, ordea, lasai nago amaraun ikusezinetik aldenduta, eta beharrik ere ez dut sentitzen besteen bizitzen berri izateko. Ordea, batzuetan izaten dut tentazioa, eta halakoetan, sakelakoa ateratzen dut eta aplikazio famatura jotzen dut. Orduan, errobera koloretsua bueltaka hasten da, eta... Tira, gaurkoan ere huts egin du. Kalean pantailara begira ikusten nauzuenean, ordurako bai, barkatua izango dut zigorra.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide