Aittola inguruko "legez kanpoko isurketak kudeatzeko" eskatu dio Eguzkik udalari

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 19a, 16:09

Hondakinak Aittolan. (Eguzki)

Eguzkiren arabera, herritar batek iazko maiatzean salatu zituen aurrenekoz Aittola inguruko "legez kanpoko isurketak". Orduz geroztik, herriko udalak "ezer egin ez" duela azaldu du Eguzkik, eta isurketak kudeatzeko eskatu dio orain erakundeari; izan ere, talde ekologistak esan du "egiaztatu" dutela isurketek han jarraitzen dutela "lurzorua kutsatzen". 

Eguzki talde ekologistak Aittola inguruko "legez kanpoko isurketak kudeatzeko" eskatu du. Ohar bidez jakinarazi duenez, herritar batek maiatzean eman zuen aurrenekoz Aittolako aparkalekuaren ondoko isurketen berri, Maxixatzen.eus-en argitaratutako kexa baten ostean haren berri izan eta gero.

Horrela azaldu du Eguzkik: "Iazko maiatzaren erdialdean, legez kanpoko isurketa horien berri izan zuen erakunde honek, komunikabide honenbidez herritar batek hau publikoki salatu zuenean: "Joan den neguan, pinu mozketak egin zituzten Aittola inguruan. Mozketak egiteko makinez baliatzen dira, eta horien lana errazteko pistak eraikitzen dituzte mendian zehar. Pista eraikitzerakoan belarrez eta sastrakaz ezkutatuta zegoen karobi moduko bat suntsitu zuten. Itxura guztien arabera, garai batean zabortegi bezala erabiltzen zen karobi hori, eta barruan zegoen zikinkeri guztia, batez ere beirazko botilak, mendian zabalduta gelditu ziren. Oraindik orain han jarraitzen dute hondakinek. Leku hori Aittolako aparkalekutik 50 metrora aurkitzen da. Nori dagokio txoko hori garbitzea?". Kexa horren ostean, 2023ko apirilean beste kexa bat egin zela gogoraratu du talde ekologistak, eta gogora ekarri nahi izan du orduan aipatutakoa: "Aurtengo apirilaren erdialdera, pertsona berak horrela salatu zuen berriro komunikabide honetan: “Ez da berria, orain dela urtebete inguru salatu nuen, baina badirudi inor ez dela egin txerrikeri honen erantzule” eta gehitzen du: "Eguraldi ona egiten duenean toki ederra da Aittola egun pasa eder bat egiteko, baina horrelako toki eder hauek zaintzen ez badira, azkar uzten diote eder izateari, beste zerbaitetan bihurtzeko".

Auzia testuinguratuta, Eguzkik salatu du lehen salaketatik urtebete eta zazpi hilabete igaro direla, eta esan du "egiaztatu" dutela isurketek han jarraitzen dutela "lurzorua kutsatzen". Hango hondakinen inguruko xehetasunak eman ditu talde ekologistak: "Gehienak ardo, xanpain eta ginebra botilak dira, eta, neurri txikiagoan, etxeko hondakinak: latak, poteak eta plastikozko poltsak. Jarrera horrek ingurumenarekiko eta haren kontserbazioarekiko sentsibilitate falta handia adierazten du, gainditu behar duguna eta modu eredugarrian jokatzera behartzen gaituena". 

Eguzkik identifikatutako isurketak lur eremu pribatuan edo publikoan al dauden ez dakiten arren, "Azkoitiko lurzoruan daudela" azpimarratu du, eta azaldu du "Hondakinen Legeak berariaz debekatzen" duela edozein motatako hondakinak uztea, isurtzea edo kontrolik gabe ezabatzea."Hondakinen eskumena toki-erakundeei dagokie", adierazi du talde ekologistak. Horrenbestez, udalari galdegin dio "egin beharreko kudeaketak egin ditzala isuriak kentzeko eta ingurua ahalik eta azkarren lehengoratzeko". 

Honako bideoa ere plazaratu du Eguzkik: 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide