Arte garaikidea agur batentzat

Mailo Oiarzabal 2023ko abe. 15a, 11:04

'Urbasoko marmarrak' erakusketa prestatzeko lanak, Panaderia etxean. (Gorka LarraƱaga)

Ezohiko museo eta erakustoki bihurtuko da bihartik urtea bukatu arte Aizpurutxo. Hango San Agustin tabernak ateak itxiko ditu, 80 urte eta gero. Omenaldi gisa antolatu dute Urbasoko marmarrak arte erakusketa. 

Hori baino gehiago ere bada, baina Aizpurutxo erdibitutako eta erdibideko auzoa dela esan daiteke. Azkoitia eta Urretxu-Zumarraga lotzen dituen GI-631 errepideak erdibitzen du Aizpurutxo, bertatik igarotzen den edonoren bistara. Baina errepidea ez da auzoa banatzen eta bitasun ezaugarria ematen dion bakarra; hor dago Urola ibaia, Azkoitia eta Zumarraga arteko erdibidean dago Aizpurutxo, eta muga ere bada: Azkoitia, Urretxu, Zumarraga, Antzuola eta Bergara arteko muga, hain zuzen. 

Eta erdibitutako auzo horretan, erdibitutako eta ezohiko erakusketa irekiko dute bihar. "Arte garaikidea bailara zulo sakonean eta bide ertzean dagoen etxe gutxiko auzo ezkutu batean? Zer dira Urbasoko marmarrak? Azpitik igarotzen den Zakotei errekak bi herritan banatutako etxe horiek museo eta erakustoki bihurtuta? Galdera arraro asko erantzuteko". Gorka Larrañaga azkoitiarrak egitasmoaren berri ematerakoan airean utzitako galdera "arraro" horiek zentzua hartuko dute bihar arratsaldean, Urbasoko marmarrak erakusketaren irekierarekin.

Artea omenaldi

Aizpurutxon bi taberna-jatetxe daude, eta horietako batek, San Agustin tabernak, ateak itxiko ditu urte bukaeran. Historia luzea du San Agustinek, 80 urteko ibilbidea osatuta agurtuko da ostatua. Eta agur horretatik abiatuta, San Agustineko tabernari eta jabe Arantxa Irizarri eginiko "omenaldi txiki" gisa antolatu dute Urbasoko marmarrak.

Azkoitiko, Azpeitiko, Urretxuko, Zumarragako eta Donostiako  artistak eta taldeak dira egitasmoan parte hartuko dutenak; tartean dago Aizpurutxon bizi den Larrañaga bera. Errepidearen alde banatan eta aurrez aurre dauden bi gunetan jarriko dituzte ikusgai artelanak. San Agustin tabernan, batetik, Aizpurutxoko "ilustrazio kostunbristak" aurkeztuko ditu Larrañagak,"tabernako bertako bezeroei egindako enkarguzko lanak": erretratuak, animaliak, paisaiak. Eta errepidearen bestaldean, Panaderia izenez ezagutzen den etxearen beheko solairuko gela handietan, egitasmora batu diren artisten lanekin osatutako erakusketa kolektiboa ikusteko aukera izango da.

Hain zuzen ere, Urbasoko marmarrak izenburua bi erakustokiekin lotuta dagoela azaldu du Larrañagak: "Zakotei errekak bi etxe horietatik igarotzean sortzen duen zarataz hitz egiten digu. Heriotzaren eta jaiotzaren arteko ziklo eternoa irudikatzea du helburu: hiltzera doan taberna eta azken urteotan bizi berri bat hastera datozen auzokide berriak. Bizitza aldaketa da, eta hori izango du ardatz egitasmoak. Esanahi eta funtzionalitate jakin bat izan zuten espazioetan, arte garaikide proposamen berriak, elkarbizitzan eta elkarrekin oreka bilatzen".

Poesia, irekierarako

Bihar, zapatua, 18:30ean egingo dute Aizpurutxoko erakusketa bereziaren irekiera ekitaldia. Andoni Salamero poetak ekitaldirako eta erakusketarako berariaz sortu eta prestatu dituen poemak kantatuko ditu, erakusketaren guneak lotuko dituen ibilbidea osatu bitartean.

Abenduaren 16tik 31ra bitartean egongo da ikusgai Aizpurutxon Urbasoko marmarrak. "Gero, urte bukaeran, bi erakusketak, taberna bera bezala, itxi egingo dira", azaldu du Larrañagak.

Urbasoko marmarrak erakusketan parte hartuko duten artistak eta kolektiboak:

  • Iker Antia.
  • Xabier Azurmendi.
  • Nahiko Azurmendi.
  • Bixen Irusta.
  • Enara Beitia.
  • Lurdes Larrañaga.
  • Fontxo.
  • Iosu Arrieta Ixkurre.
  • Endredamakina.
  • Iban Izagirre.
  • Urretxuko Argazki Elkartea.
  • Tarlatana Shop.
  • Gorka Larrañaga.
  • El rincon del arte.
  • Mai Vazquez Domenech.
  • Ion Izagirre
  • Grafica Baroja lantegia.
  • Ali.
  • Felix Pinillos.
  • Jon Andoni Martin.
  • Eva Serna.
  • Nahia Cagigal. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide