Azkoitia UEMAko kide izango da bihartik

Ane Olaizola 2023ko abe. 15a, 11:15

Azkoitiko Udalbatza, atzo, UEMAn sartzea bozkatzen. (Ane Olaizola)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bihar egingo du urteko batzar nagusia, eta Azkoitia hara batuko da orduan, udalbatzak hala onartu ondoren atzo. Adostasun zabalarekin atera zen aurrera udalerria UEMAren kide izateko eskaera, EAJk, EH Bilduk eta Azkoitia Baik alde bozkatu baitzuten; PSE-EEk, berriz, kontra.

Azkoitiko Udalak UEMAra (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) atxikitzea onartu zuen atzo, ostegunez, abenduko ezohiko osoko bilkuran, EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen babesarekin —PSE-EEk aurka bozkatu zuen—. UEMAk bihar egingo du urte amaierako ohiko batzar nagusia Orion, eta beraz, Azkoitia bihar bertan batuko da mankomunitatera, Zeanuri, Mendexa, Berrobi, Hondarribia eta Lezorekin batera. Horrenbestez, 107 udal izatera iritsiko da UEMA.

Azkoitia UEMAra sartzeaz gain, datorren urteko udal aurrekontuak onartu zituen atzo udalbatzak, eta han jaso zuten udalak urteko 15.505 euroko kuota ordaindu beharko duela Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera sartzeagatik eta hark emango dizkion zerbitzuengatik. Horrez gain, udaleko bost ordezkari izendatu zituzten UEMArako: Ana Azkoitia eta Marijose Arregi jeltzaleak, Asier Altuna eta Nagore Orbea EH Bilduko ordezkariak eta Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Baiko kidea.

Udalaren esanetan, UEMAk hiru lan ildo ditu: euskararen normalizazioaren lorpena, herritarren sentsibilizazioa eta udalerri euskaldunen zaintza eta garapena. Erakundearen arabera, helburua da Azkoitia euskararen arnasgune izaten jarraitzeko "beharrezkoak diren ekintzei eta estrategiei" bide ematea. Bereziki, euskararen ezagutza eta euskararen erabilera "parekatzea" da erakundearen xedea, udalaren arabera, Azkoitian hori "oso nabarmena ez" den arren.

Adostasun zabalarekin atera zen aurrera Azkoitia UEMAn sartzeko proposamena, EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen ordezkariek alde bozkatu baitzuten; kontrara, Azkoitiko PSE-EEren udal ordezkari Janire Igoa ez zen ados agertu: "UEMAra sartzeak diru kantitate bat ordaintzea eragingo dio udalari, eta herrian beste lehentasun batzuk daude", adierazi zuen hark.

Ana Azkoitiak alkateak udalbatzarrean onartu zuen bere alderdiak "zalantzak" izan zituela UEMAra atxikitzeko: "Mankomunitatean 11 teknikari daude, eta ehundik gora udalerriri ematen die zerbitzua. Beraz, zalantzak izan genituen, pentsatuta ez ote zen hobe izango udalaren Euskara saila indartzea". Dena dela, euskararen alde "ahalik eta gehien" egin behar dela azaldu zuen hark, eta EH Bilduk eta Azkoitia Baik UEMAn sartzeko egindako eskaerari "oztoporik ez" jartzea erabaki zuten jeltzaleek. UEMAren biharko ekitaldian izango dira, beraz, Azkoitiko Udal Gobernuko kideak. 

EH Bilduren bozeramaile Asier Altunaren iritziz, "zoriontzeko eguna" izan zen atzokoa. Haren ustez, "urgentziazkoa eta beharrezkoa" da herrian euskara politika aktiboak sustatzea, eta lan horretan UEMA "akuilu" izan daitekeela uste du koalizioak. Pauso garrantzitsutzat jo zuen udalerria mankomunitatean sartzea, eta herriko euskalgintzak egindako lanaren "ondorio" dela esan zuen hark. Ordea, "pena" azaldu zuen Azkoitia "arnasgune izatea galtzeko arriskuan" dagoenean, PSE-EErentzat "euskara lehentasuna ez" izatea: "Saiatuko gara PSE-EE interpelatzen, hark ikus dezan UEMAk zer lan sustatzen dituen".

Azkoitia Bairen bozeramaile Jose Joakin Etxanizek ere azpimarratu zuen Azkoitia euskararen arnasgune izaten jarraitzeko ezinbestekoa dela "eman beharreko pausuak ematea", eta UEMAk "eginkizun garrantzitsu horretan laguntza handia" eskainiko duela azaldu zuen hark. "Jarriko dugun diruari probetxu handia aterako diogu. Bai udaletxeko langileei bai herritar orori, ikuspegi zabalago baterako ateak zabalduko dizkigu".

%81, euskaldunen indizea

UEMAk azaldu duenez, datu soziolinguistikoei erreparatuta, %81 da euskaldunen indizea Azkoitian. "Dena dela, eta azkenaldian UEMAra gehitu diren zenbait udalerriren antzera, euskara dakiten herritarren zati handi batentzat euskara ez da ohiko lehen hizkuntza, eta horrek gero eragina du erabileran eta hizkuntza-ohituretan, bai etxean eta baita kalean ere".

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Azkoitiko adierazle soziolinguistikoen honako hiru grafiko egin ditu:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide