Azkoitiko Kirol Sarea: "Sarea taldeek elkarren berri izateko eta elkar laguntzeko sortu da"

Intza Trula 2023ko abe. 15a, 10:00

Aitor Beneitez, Nagore Orbea eta IƱaki Loinaz Azkoitiko Kirol Sarearen sustatzaileak. (Intza Trula)

Azkoitiko Kirol Sarea jarri dute martxan zenbait herritarrek. Helburu zehatzak finkatu ez dituzten arren, herriko kirol taldeek zein norbanakoek besteen berri izatea eta elkar laguntzea da xedea.

Hiru hilabete eskas dira hainbat herritarrek Azkoitian kirol sare bat sortzeko ardura hartu zutela. Hain zuzen, joan den irailean abiatu zuten proiektua, herriko kirol taldeek gainontzekoen berri izateko eta elkarri laguntzeko asmoz. Aitor Beneitez (Azkoitia, 1985), Nagore Orbea (Azkoitia, 1999) eta Iñaki Loinaz (Azkoitia, 1991) dira talde eragileko lau kideetako hiru. Bi bilkura egin dituzte dagoneko, eta hirugarrenerako hitzordua zehaztu dute.

Joan den irailean jarri zineten martxan. Zer beharrek bultzatuta?

AITOR BENEITEZ: Ni Azkoitri triatloi klubeko lehendakaria naiz 2011tik. Ekintzak antolatzerakoan, adibidez, udaletxeari diru laguntza eskatu izan diogu eta inoiz ez dugu arazorik izan horretan, baina beti boluntarioen falta sumatu izan dugu. Gainerako kiroletako kideekin harremana edukitzearen falta nabaritzen genuen. Egia da triatloi taldekook beste bi talderekin harremana izan dugula eta boluntarioen trukeak egin izan ditugula, baina hori herri mailan ez da gertatu izan. Elkarren berri izateko beharra sentitzen genuen, baita bakoitzak zituen beharrak zeintzuk ziren jakiteko ere, elkar laguntzeko. Bere garaian herriko hainbat talde elkartu ginen sare antzeko bat sortzeko eta kirolarekin lotutako hitzaldi bat antolatu genuen, baina hortxe geratu zen kontua. Zentzuzkoena sare hau udaletik proposatzea izango litzateke, baina udalak ere dituen baliabideak ditu. Interesgarria deritzogu udaleko kirol arloko zinegotzia bileretara etortzeari.

IÑAKI LOINAZ: Garrantzitsuena elkar ezagutzea eta elkarren berri izatea da. Ni hainbat kiroletan ibilia naiz, eta egia esan, horiez aparte ez nuen beste kiroletako taldeen funtzionamendua ezagutzen. Askotan ez gara ohartzen albokoari zenbat gauza falta zaizkion eta zenbat behar dituen. Norbera bereaz bakarrik arduratzen da, albora begiratu gabe, eta askotan elkar lagundu dezakegu. Nik hasiera batean uste nuen taldeek modu batera funtzionatzen zutela, eta sarea sortzen hasi garenean ikusi dut bakoitzak atzean duen guztia.

NAGORE ORBEA: Behar horiek ikusita lehen bilera bat egitea erabaki genuen. Horretarako Azkoitiko kirol talde guztien zerrenda eskatu genuen udaletxean, eta guztiei bidali genien gonbidapena.

Dagoeneko bi bilera egin dituzue. Zer moduz joan dira?

A. B. : Lehen bilerara kirol talde batzuetako ordezkariak, norbanako batzuk, udaleko Kirol zinegotzia eta talde politikoetakoak azaldu ziren, guztira hogei pertsona inguru. Oso harrituta geratu nintzen; harrera oso ona izan zuen, eta orduan erabaki genuen aurrera egitea. Bilera hartan adostu genuen bi hilabete barru berriz ere biltzea, parte hartuko zuten taldeek beren burua aurkezteko eta elkar ezagutzen joateko. Sarearen parte izango diren taldeak ez daude zehaztuta; batzuk lehen bilerara azaldu ziren, beste batzuk bigarrenera, eta beste batzuek hirugarrenera azaltzeko asmoa dutela jakinarazi digute.

N. O. : Uste dut lehen bi bilerek interes handia piztu dutela, bai taldeengan, baita norbanakoengan ere. Lehen bilerara etorri ziren askok aipatu zuten aspalditik zegoela herrian horrelako talde baten beharra. Bagenekien, gainera, lehenengo bilera funtsezkoa izango zela proiektuak aurrera jarraituko zuen ala ez erabakitzeko.

I. L. : Azkoitiko kirol talde gehienek aisialdi orduetan egiten dituzte entrenamenduak, horregatik askok ezin izan dute orain arteko bi hitzorduetara etorri. Jendeak libre duen momentuan egin behar dira, eta zailtasun handiena horretan ikusten dugu. Jende asko geratu zen etorri gabe talde bateko entrenatzailea, lehendakaria edo dena delakoa izateagatik.

Zer helburu dituzue?

A. B. : Hurrengo bileran finkatuko ditugu helburuak. Oraindik funtzionamendua zehazteko daukagu, baita gure lehentasunak ere. Ikusiko dugu zer behar ditugun eta elkarlanean horietako zein ase ditzakegun.

N. O. : Kirol taldeetan dauden gabeziak ikusi ditugu. Denok denon laguntza izatea da lortu nahi duguna. Denon artean errazagoa da gauzak antolatzea.

Nola antolatzen zarete sarearen barruan?

A. B. : Egutegi bat daukagu. Kirol Sare Eragilea osatzen dugu hirurok eta Xabier Barquerok. Laukotea hilean behin elkartuko gara; taldeekin eta norbanakoekin, berriz, bi hilean behin bilduko gara. Horrez aparte, Whatsapp talde bat ere badugu, eta bertara bidaltzen ditugu bileran hitz egindakoak eta garrantzitsuak iruditzen zaigun informazio guztia.

N. O. : Laurok elkartzen garenean, hurrengo bilera orokorrean landuko ditugun gaien zerrenda egingo dugu. Horrela, talde eta norbanakoekin hitz egitean askoz ere argiago izango dugu guztia, eta errazagoa izango da.

I. L. : Esan bezala, taldeetako kideek lan asko dute, eta gure bilerekin lortu nahi duguna da beraiekin elkartzean gauzak ahalik eta zehatzen eta laburren adieraztea. Beraz, bi taldetan banatuta gaudela esango genuke; talde eragilea, alde batetik, eta kirol taldeak zein norbanakoak, bestetik.

Ekintzak ere antolatuko al dituzue?

A. B. : Bai. Gure asmoa kirolaren inguruko hitzaldiak, tailerrak eta ikastaroak antolatzea da. Adibidez, bizikletaren mantentze lanen nondik norakoak ezagutzeko ikastaroa edota kirolaren inguruko beste hitzaldi batzuk, sarean dauden kideen interesekoak izan daitezkeenak. Udalak antolatu beharrean, guk antolatu nahi ditugu, eta zerbait behar badugu, beraiei laguntza eskatzea da gure asmoa.

Laguntzarik jasotzen al duzue?

I. L. : Ez. Boluntario batzuk gara.

N. O. : Garbi dugu, egunen batean zerbait handia antolatu nahi badugu, udalaren laguntza beharko dugula.

Hirugarren bilerarako data ere zehaztu duzue.

A. B. : Urtarrilaren 18an jarri dugu datorren bilerarako data. Saio horren helburua, behin taldeak eta norbanakoak aurkeztuta, bakoitzak dituen beharrak zehaztea da. Horrela jakingo dugu bakoitzak zertan beharko duen laguntza. Oraindik agertu ez diren talde, norbanako eta talde eragile guztiak animatzen ditugu etortzera, laguntza guztia izango baita ongietorria.

Aurrera begira, zer?

A. B. : Bi bileratan atera diren ideiak, proposamenak eta eskakizunak jaso ditugu, eta pixkanaka-pixkanaka horiek betetzen joan nahi dugu.

N. O. : Lehenengo bileretan datuak hartu ditugu, eta denbora aurrera joan ahala, zer egin dezakegun eta zer ez ikusten joango gara. Aurrera begirako helburu edo jarduera finkoak oraindik ez ditugu zehaztu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide