Astelehenean kaleratuko du Bulegok 'Aldatu Aurretik' disko berria

Intza Trula 2023ko abe. 2a, 14:51

Bulego musika taldeak 'Aldatu aurretik' disko berria kaleratu du. (Andoni Beristain)

Azkoitiko musika taldearen bigarren diskoa izango da. Aldatu Aurretik Bulegoren disko berriak hamar kantu biltzen ditu, eta "aldaketa ardatz duen bidaia proposatzen du".

Astelehenetik, abenduaren 4tik, aurrera egongo da entzungai Bulegoren Aldatu Aurretik disko berria. Hiru urteko ibilbide honetan Euskal Herriko erreferenteetako bat  bilakatu da taldea, eta euskal musikaren industrian aurrekaririk gabeko garapena izan du. 

Urte hauetan hainbat aldiz izan da Bulego Gazteako zerrendetan lehen postuan, eta euskararekiko konpromisoagatik eta eremu euskaldunetatik haratago euren musika zabaltzeko nahiagatik nabarmendu dira. Ibilbide honetan, talde beteranoen esperientziak bizitzeko aukera izan dute; besteak beste, Japonian eta Finlandian izan dira.

2023an, 15.000 ikusle baino gehiago bertaratu ziren Saguesera, Donostiara, euskal taldea zuzenean entzuteko. Taldekideek diotenez, euren musika estiloak "belaunaldien arteko popa besarkatzen du". Era berean, "abestiek uztartze bereizgarri bat islatzen dute, hainbat audientziatan oihartzuna izan duena".

Taldeak azaldu du, "Aldatu Aurretik pop zuzena uztartzen eta edukiz beteta dagoen hamar abestiz osatuta" dagoela. Zea Mays, Oreka TX, Ede eta Ginestà artistekin elkarlanean egin dute, eta euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz egindako abestiak biltzen ditu.

"Diskoak aldaketa ardatz duen bidaia proposatzen du eta kantuz kantu gai honen inguruan hausnartzera gonbidatzen du entzulea", dio taldeak. Aitatasuna hartu du oinarri Tomas Lizarazu letragileak, baita aldaketa horrek bere baitan eragindako sentimendu guztiak ere. "Diskoa bere bizitzan aldaketak pairatzen ari den edonorentzat idatzita dago, denok etengabe aldatzen ari baikara", azaldu dute partaideek.

Aurreko lanak baino soinu "garbiagoa" du lanak, baita "apaindura gutxiago" ere:  "Modu honetara abestiak -melodiaz, letraz eta harmoniaz osatutakoak- benetako protagonistak dira". Hamar abesti horien artean daude Ardi Beltzak, Zurekin, Ez nintzen Ni izango, Esa No Seria Yo eta Nondik Hasi abestiak. Batzuk dantzarako gonbita egiten dute, beste batzuk, aldiz, lasaiagoak dira.

Diseinua eta argazkia Andoni Beristain argazkilariak egin ditu. "Artista bisualak diskoaren muina azalean islatu du. Oso elementu gutxirekin diskoaren eta kantuen sentimendu orokorra argazki bakar batean laburbildu ditu", aipatu du taldeak. Felix Davis soinu ingeniariak Londreseko Metropolis Studion masterizatu du lana eta Zestoako Gaztain estudioetan ekoitzi, nahastu eta grabatu dute Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide