Aurten abenduaren 3a igandea egokitu denez, astelehenean, hilaren 4an, egingo dituzte Euskararen Eguneko ospakizun ekitaldiak Azkoitian. Udalarekin batera, herriko plazan agerraldia egingo dute Floreaga Salestar Ikastetxeko, Xabier Munibe Ikastolako, Azkoitia BHIko eta Bizilore Eskola Aktiboko ikasleek, 11:45ean. Udaletxeko balkoitik suziria botako dute horiek, eta Ana Azkoitia alkateak harrera egingo die. Ondoren, trikitilari eta pandero jotzaileak lagun dituztela, euskarazko abestiak kantatuko dituzte plazan.
Arratsaldean, udalaren eta Euskara Mahaiaren ekimenez, festa giroan emango diete jarraipena Euskararen Eguneko ospakizunei. 17:30etik 19:00etara bitartean, musika izango da nagusi herriko plazan. Ikasleek marrazkiak eta muralak margotuko dituzte han, eta gaztaina erreak banatuko zaizkie bertaratzen direnei.
Ordu berean, 17:30etik 19:00etara, Gaitu ekimenaren ahots grabaketa maratoia egingo dute Portaleburu erakusketa aretoan. Adimen artifizialak euskaraz egitea da ekimenaren helburua, eta horretarako, euskarazko milaka ahots grabatu nahi dituzte, makinek ere hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten. Herritar orok izango du bere ahotsa grabatzeko aukera. Grabatzerako garaian, aplikazioak berak esandako testua irakurri beharko dute.
Jarraian, 19:00etan, Portaleburun bertan, Ioritz Gonzalezek euskaratu duen Reinhold Messnerren Zain dezagun mendia liburuaren aurkezpena egingo dute.
Euskara Mahaiak Euskararen Egunaren barruan antolatu diren ekitaldi guztietan parte hartzera animatu ditu herritarrak. Mahaia euskararen normalizazio bidean lanean ari diren ondorengo eragileek osatzen dute: Azkoitiko Udalak, Xabier Munibe Ikastolak, Floreaga Salestar Ikastetxeak, Izarraitz Lanbide Heziketak, Azkoitia BHIk, Bizilore Eskola Aktiboak, Azkoitiko AEKk, Erniarraitz Bertsozale Elkarteak eta Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak.